Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 23 - 01:17

2012-02-23

Komunikazioa

RTVEk kamera ezkutuen debekua sartuko du bere estilo liburuan

Berriki, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kamera ezkutuen erabilera debekatu du

U.U. Donostia

Otsailaren 6an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aurreneko aldiz «ilegitimotzat» jo zuen kamera ezkutuen erabilera kazetaritzan. «Kamera ezkutuaren grabaketa kazetariak erabiltzen duen engainu bat da, eta testuinguruaren araberako nortasun bat antzezten du», azaldu zuen sententziak. Canal Mundo ekoizpen etxearen afera bati erantzuten zion Auzitegi Konstituzionalak, estetizista batek jarritako salaketaren harira. Ekoizpen etxeko kazetari bat estetizista horren kontsultara joan zen bezero bat izango balitz bezala, kamera ezkutu batekin. Auzitegi Konstitzionalak babesa ukatu zion Canal Mundori eta Valentziako kate autonomikoari, grabatua izan zen pertsonak ez zuelako aukera izan esateko grabazioa emititu zitekeen ala ez.

Sententziari helduta, RTVEko administrazio kontseiluak erabaki du liburu estilotik kentzea kamera ezkutuen erabilera egiteko aukera. Hortaz, debekatzea. RTVEko estilo liburuaren arabera, soilik kasu berezietan erabil zitezkeen kamera ezkutuak. «Interes publikoari eragiten dioten legez kanpoko eta delitu praktikak daudela erakusteko. Eta zuhurtasunez lan egiteko baldintzarekin, informatzaileek dituzten mugen jakitun izanda». Salaketa bat probatzeko «azken baliabide» gisa onartzen zen kamera ezkutuak erabiltzea.

Administrazio kontseiluaren erabakiz, estilo liburuan punto batean zehaztuko da kazetariek ezin dutela kamera ezkutuen metodoa erabili. Eta ezabatu egingo dira nola erabili behar ziren zehazten zuten artikuluak.

Espainiako kate pribatuek, berriz, ez diote oraindik erantzun Auzitegi Konstituzionalak emandako sententziari.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia