Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 1 - 11:49

2012-03-21

Baztertuak mahaiaren erdira

'Bazterrekoen irudiak' erakusketaren harira, mintzodromoa eta bisita antolatu dituzte Donostian, euskaraz

Erredakzioa

San Kosme eta San Damian, beltz bati hanka mozten, apaiz bat osatzeko. / - / BESTEAK

Eskaleak, prostitutak, pobreak, atzerritarrak eta gaixoak. Arte erlijiosoak horiek guztiak, eta gizarteak bazterturiko beste asko, nola ikusi dituen azaltzeko erakusketa dago ikusgai Donostiako San Telmo museoan: Bazterrekoen irudiak: ikuspegi erlijiosotik begira. Bazterreko horiek mahaiaren erdira ekarriko dituzte gaur, euskaraz. Erakusketara bisita gidatua antolatu dute, eta mintzodromoa.

Valladolideko (Espainia) Eskultura Museo Nazionaletik ekarritako 34 pieza, eta San Telmoko beste 11 daude ikusgai Alde Zaharreko museoan. Eliza katolikoak gizartearen gainean zuen kontrola indartzeko, didaktika egiteko eta diziplina irakasteko erabili zituen irudiok, XVI. mendetik XVIII. mende erdira.

Deigarria da, esaterako, San Kosmeren eta San Damianen miraria irudia (1547). Horretan, bi santuak agertzen dira, esklabo beltz bati hanka mozten eta gaixoturiko apaiz bati txertatzen. Mintzodromorako hizketa gai oparoa eman dezake irudiak, zalantzarik gabe.

Horrez gain, Kainen arrastoa sailean, erbesteratuak, juduak, heretikoak eta indigenen irudiak ikus daitezke. Fuga mundi-n, martiriak, mistikoak eta ermitauak, eta Emakumeen bizitzak sailean, birjinak, mojak, prostitutak eta ohaideak.

'BAZTERREKOEN IRUDIAK'

Noiz. Bisita, gaur, 10:00etan. Mintzodromoa, 10:00-12:00, eta 16:00-18:00.

Non. San Telmo Museoan, Donostian.



 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia