Berria.eus

Larunbata, 2014ko abuztuak 23 - 21:47

2012-04-24

Jira

Futuroscope

Xabier Gantzarain

Europaren etorkizuna omen dago jokoan Frantzian; Hollande aurreratu da, Sarkozyk ez du hainbeste galdu, Le Pen gora dator, non dago ezkerra? Bigarren itzulia falta da, orain hasiko da jokoa, batetik eta bestetik botoak eskuratzeko borroka, Europaren etorkizuna omen dago jokoan. Eta jendearena?

Aurten beteko ditu 25 urte Frantziako Poitiers inguruan dagoen Futuroscopek; etorkizuna ikustea du xede, izenari kasu egitera, eta ikusiz gozatzea. Jolas-parkea da. Atrakzioen artean Le Peuple du Futur dago, Etorkizuneko jendea. Futuroscopen egin zuen hauteskunde kanpainako ekitaldi bat Sarkozyk.

Euskal Herriko hiru leku agertzen dira Sud-Express filmean: Altsasu, Irun eta Baiona. Lisboa Parisekin lotzen duen trena bera da ordea protagonista, zeharkatzen dituen lurrak, alboan uzten dituen herriak, trenbidearen ondoan bizi den jendea, trena hartuta bizimodu berri eta hobe baten bila abiatzen den jendea. Lisboan poliziarengandik ihesi dabilen Mili mutil beltz gaztea da bat; Futuroscopeko liburuxka bat ikusi eta liluratuta, trena hartu eta Futuroscopera iritsi da, han lana, oreka, lasaitasuna lortuko duelakoan.

Trenetik jaitsi, parkera egin, eta sorpresa: itxita dago.

Etorkizuna itxita dago.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia