Berria.eus

Ostirala, 2014ko uztailak 25 - 00:59

2012-04-25

Legebiltzarretik egotzi dituzte D3M eta Askatasuneko gose grebalariak

Maiatzaren 3an hasiko den epaiketa salatzeko, itxialdia egin nahi zuten hiru lagunek, Aralarren eta EAren babesarekin

E. Begiristain Gasteiz

Ertzainak Txerra Bolinaga kanporatzen. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ertzaintzak Eusko Legebiltzarretik irtenarazi zituen atzo D3M plataformako eta Askatasuna alderdiko auzipetuen aurkako epaiketa salatu nahian gose greba hasteko asmoa zuten hiru lagunak. Amparo Lasheras auzian inputatutako kideak eta Txerra Bolinaga eta Imanol Olabarria auzipetuen aldeko plataformako ordezkariek ordubete lehenago jakinarazi zuten ostirala bitarte baraualdia egin behar zutela legebiltzarraren barruan, eta protesta aurrera eramateko Aralarren eta EAren babesa bazutela. Aralarreko Dani Maezturekin eta EAko Juanjo Agirrezabalarekin batera egindako agerraldian eman zuten euren asmoen berri.

Azaldu zutenez, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa salatzeko eta «eskubide zibil eta politikoak itzularazteko» aldarrikatzeko egin nahi zuten itxialdia eta gose greba. Haatik, iragarpena egin eta ordubete eskasera, Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearen aginduz, Ertzaintzako dozena bat agente Aralarreko bulegora sartu ziren , eta aterarazi egin zituzten. Ertzaintzak hirurak identifikatu zituen gero, eta libre utzi.

Legebiltzarretik kanporatuak izan aurretik, Lasherasek, Bolinagak eta Olabarriak epaiketa «politiko» guztiak bertan behera uzteko eta eskubide zibil eta politikoak praktikatzeagatik auzipetutako guztiak berehala aske uzteko eskatu zuten. Halaber, legez kanpo utzitako antolakunde sozial eta politikoak legeztatzea galdegin zuten, eta «salbuespeneko legedia» baliogabetzea.

Prentsa ohar bidez, ezker abertzaleak «oso larritzat» jo zuen «erresistentzia zibil guztiz baketsua egiten ari ziren pertsonak kanporatzea». «Bazterkeria politikorik ez balego parlamentariak izan zitezkeen pertsonak kaleratuz», Eusko Legebiltzarrak «elkarbizitza eta normalizazioaren kontrako norabidean beste urrats bat» egin duela ere salatu zuen.

Bestalde, Sestaoko Udalak (Bizkaia) Imanol Nieto auzipetuaren aldeko mozioa onartu zuen atzo, osoko bilkuran. Onartutako testuak dio «herrialde honetako pertsona orok elkartzeko eta politika egiteko eskubidea» duela; bertan, deia egin dute «geldirik ez egoteko», Nieto bizilaguna kartzela joan daitekeela eta. Udalak, halaber, epaiketa politiko oro bertan behera uztea galdegin du. Larunbatean eskubide zibil eta politikoen alde Sestaon egingo den manifestaziora joateko eskatu du.

Bilboko Udaleko hainbat zinegotzi eta zinegotzi ohik ere elkartasuna adierazi diete hamahiru auzipetuei, eta epaiketa bertan behera uzteko exijitu dute.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia