Berria.eus

Astelehena, 2014ko uztailak 28 - 12:18

2012-05-02

Krisitik ateratzeko, burujabetza ekonomikoa ezinbesteko jo dute

Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek krisiari aurre egiteko beste eredu ekonomiko eta sozial bat proposatu dute

Lau alderdien ustez, krisiak agerian utzi ditu egungo esparru instituzionalaren mugak

Joxerra Senar Iruea

Rufi Etxeberria, Pello Urizar, Patxi Zabaleta eta Oskar Matute, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maiatzaren Leheneko ospakizuna baliatuta, Aralarrek, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak euren akordio sozioekonomikoa kaleratu zuten atzo irtenbidea.net webgunean. Agirian, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriez gain, krisi ekologikoari eta krisi sozialari erantzuteko neurriak ere biltzen dituen eredu bat proposatu dute. Burujabetzaren beharra azpimarratzen dute, ez soilik identitate eskubideak betetzeko, baita herritarren beharrei erantzuteko tresnak sortzeko ere. Lau alderdion ustez, bi zentzutan da ezinbestekoa burujabetza ekonomikoa. Batetik, beste estatu eta herriekin eduki nahi diren harremanak definitzeko eta aliantzak osatzeko. Bestetik, garapen eredua eta barne antolaketa zehazteko.

Proposamenak 40 orrialde ditu eta lau ardatz nagusi ditu: bata, egoeraren azterketa; bigarrena, eredu alternatiboaren oinarriak; hirugarrena, burujabetza ekonomikoaren beharra azpimarratzeko arrazoiak eta, azkenik, beste eredu baterako proposamenak.

Azterketari dagokionez, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan ezarritako politika neoliberalen ondorioz, finantza kapitalismoak garrantzi berezia hartu du, langileriaren eta kapital ez-finantzarioaren kaltetan. Espaniako estatua, kasu, nazioarteko dinamika horren adibide garbia dela iritzi diote, espekulazioaren aldeko apustua egin duelako.

Hego Euskal Herrian, berriz, lehen sektorearen garapena oso negatibotzat jo dute. Industrian, estatuko egoera baino hobea izan arren, enpresen eta kapitalaren deslokalizazioa gertatzen ari dela iritzi diote. Bertako baliabideak era eraginkorragoan erabili behar direla azaltzen dute. Sektore publikoa, berriz, azken urteotako xahutze politikaren biktima izan dela iritzi diote.

Hala ere, alderdiek uste dute krisialdi sakona aukera ezin hobea dela egungo esparru instituzionalaren mugak erakusteko. Alde batetik, Hegoaldeko bi gobernuen erantzuna izan da enpresei kostua murriztea eta alor publikoaren eraispenean aurrera egitea. Era berean, zatiketa administratiboaren eragina nabarmentzen dute, kohesio eta elkarlan naturala sustatu beharrean kontrakoa egiten delako. Autogobernuak atalez atal dituen muga juridikoen inguruko gogoeta egiten dute: zerga sistema, hezkuntza, lan harremanen esparru, berrikuntza, lurralde antolamendu, finantza sistema edo produkzio sektorearen arautzea.

Lau alderdien ustez, gizartearen gehiengo batek onartzen du egungo estatutuen eredua agortuta dagoela. Gainera, krisiari erantzuteko tresna berriak behar direla deritzote. Marko instituzional eta tresna berriak behar ditugu, diote.

Akordioak beste eredu baten aldeko proposamenak eta printzipioak biltzen ditu. Garapen endogenoa sustatu nahi da, tokian tokiko ekoizpenari eta energia, garraioa eta materialak aurrezten dituen ekoizpenari garrantzia emanda. Ez du inola ere esan nahi eredu autartiko bat proposatzen dugunik. Euskal Herriko ekonomia kanpo merkataritzara irekita dagoen ekonomia da, eta aurrerantzean ere horrelakoa izan behar du.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hauek:

www.irtenbidea.net

www.berria.info/agiriak/



 

Euskal Herriko eredu ekonomiko eta sozial berri baterako proposamena

Egungo krisi ekonomikoari aurre egiteaz gain, krisi ekologikoari eta krisi sozialari ere erantzungo dion proposamen integral bat aurkeztu dute.

KRISI EKONOMIKOA

Lehen sektorea. Estrategikotzat hartu behar da. Sektorearen iraunkortasuna bermatzeaz gain, kalitatearen alde egin, natura behar bezala ustiatuz (...).

Industria. Jardun publiko estrategikoa bultzatu nahi dugu: besteak beste, kapital publiko eta pribatuak antolatzea (...); gorantz doazen teknologia-eduki handiko sektoreak aintzat hartzea (...); bioindustriaren, energia berriztagarrien eta hiri-ingeniaritzaren alorretan enpresa publiko edo erdi publikoak bultzatzea; eta zientzia- eta teknologia-alorreko garapena sendotzea. Inbertsioko eta enplegua sortzeko egiturazko funts bat eta teknologia-zaintzako zerbitzu adimenduna abiarazi nahi ditugu. (...) Kanpo-merkataritza bultzatu nahi dugu eta bidezko harremanak sustatu.

Zerbitzuak. Batetik, zaintza (...) zereginak gauzatuko dituzten zerbitzu publikoak sortu nahi ditugu. Bigarrenik, sektore publikoak lidertza-zeregina bete behar du (...). Hirugarrenik, tokiko merkataritza bultzatu eta babestu behar da, saltoki txikiak bereziki (...). Laugarrenik, finantza-sistema publikoa sortu nahi dugu, aurrezki publikoak gizarte-premietara eta produkzio-inbertsiora bideratzeko.

Enplegua. Bizi baldintzak hobetzeko, teknologia hobeagoetan eta lanbide prestakuntza hobean oinarritutako eredu baterantz jo behar dugu, soldata lehian oinarritutako eredua atzean utziz. (...) Kalitatezko enpleguak aberastasunaren bidezko banaketa eskatzen du (...): lan denbora oro har murriztea, (...); soldaten arrazoizko oreka, desberdintasunak ezabatzeko; etengabeko prestakuntza bultzatzea; laneko teknologia berriak eta prestakuntza hobetzea; azpikontratazio-katea etetea; eta ezkutuko ekonomia azaleraztea.

Zerga politika. Aberastasuna birbanatzeko funtsezko elementua da. (...) Errenta guztien zerga-tratamenduan berdintasun-printzipioa eta progresibitate-printzipioa berreskuratzea; iruzurraren aurka borrokatzeko konpromiso sendoa; PFEZaren erreforma(...); ondarearen gaineko zergari eustea; zerga-lehiari eta sozietateen gaineko zergaren beherapenari amaiera ematea; zerga subiranotasuna berreskuratzea; eta zerga-pribilegioak eta barkamen diskrezionalak bertan behera uztea.

KRISI EKOLOGIKOA

Lurralde antolamendua. Ahalik eta antolamendu deszentralizatuena behar dugu (...). Eskualdea ardatz hartuta, kudeaketa eraginkorragoa ahalbidetu eta administrazio desberdinen eskumenak gainjartzea saihestu nahi dugu.

Garraio eredua. Garraio publiko soziala eta funtzionala indartu behar dugu. Eskualde-ardatzak eta trenbidea indartuko dituen eredu baten premia dugu. (...) Azpiegitura faraonikoen aurka gaude.

Energia eredu berria. Eredu natural eta deszentralizatuak abian jarri nahi ditugu. Energia berriztagarrien erabilera garatu nahi dugu, baita produkziorako energia-maila txikiko iturriak erabili ere, garraio-tarteak ahalik eta gutxien murriztuz.

Biodibertsitatea eta baliabide naturalak babestea. Ikusmoldea aldatzeko ekimena. Ingurumen-jarduneko eremu guztiak erregulatzeko arau multzoa sortu, ingurumen-zeharkakotasuna ezarriz.

Hondakinen politika. (...) Ahalik eta hondakin gutxien sortzea, hondakinak birziklatzea, eta benetako hondakinak ez direnak berrerabiltzea eta edo elkartrukatzea (...).

KRISI SOZIALA

Gizarte zerbitzuen sistema. Gizarte-zerbitzu publikoen eskaintza aldarrikatu nahi dugu, eta ez gizarte-zerbitzuen eskaintza publikoa.

Hezkuntza-sistema propioa. Sistema publikoa eta propioa bultzatu nahi dugu, egun ezarrita dauden ereduen akatsak zuzentzeaz gain administrazioekiko mendetasuna gaindituz.

Osasun-sistema propioa. Pertsona guztien osasunerako eskubidea bermatu nahi dugu, kalitatezko eta doako gizarte- eta osasun-sistema publikoa eta unibertsala abian jarriz. (...)

Genero bereizkeriarik gabeko eredua. Emakumeek arlo guztietan pairatzen duten diskriminazioa errotik kendu.

Etxebizitza. Etxebizitza-eskubidea bermatzea da apustua, ez etxebizitza jabegoan izatea. Alokairu sozialeko etxebizitza sustatuko da (...).

Parte-hartzean oinarritutako demokrazia: Erabakiak hartzeko ikuspegi demokratikoa bultzatu nahi dugu, parte-hartzeko prozesuek gardenak, barne-hartzaileak, eta, ahal dela, lotesleak behar dutela barneratuz.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia