Berria.eus

Asteartea, 2014ko uztailak 29 - 02:32

2012-05-03

Gaur egun ez noa eskolara, eta osasunez ondo nabil

Andres Krakenberger, Xabier Urmeneta, Juana Mari Astigarraga, Jon Mirena Landa, Iñaki Lekuona

Argituz-eko kideak

Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela». Horiexek dira lehenengo hitzak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean. Nazioarteko printzipioak biltzen dituen agiri hau herritar guztiei dagozkien eskubideen sortzailea da, eta eskubide horiekiko errespetua bermatu beharko luke; ez bakarrik zibil eta politikoen errespetua —batzuk uste duten moduan—, ekonomia, kultura eta gizarte-eskubideena ere bai. Zalantzarik gabe, orain itxaropenez beterik gaude, bizitzeko eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubideei dagokienez, egoera askoz hobea baita 2011ko urriaren 20an, Aieteko Konferentziaren ondoren, ETAk ekintza armatuari behin betiko utzi diola iragarri ondoren. Baina erabat kezkagarria da ikustea Euskal Herri barruan eta bertatik kanpo tortura eta tratu txarren salaketek dirautela eta, antza denez, horrek ez daukala inolako eraginik gobernuan, arazoak berarekin zerikusirik ez balu bezala. Urduritasunez ikusten dugu genero-indarkeriak ere ez duela behera egiten; alderantziz, gora egitearen sintomak azaltzen ditu, erakundeen eta gizarte zibilaren aldetik, itxuraz, erauzteko ezgaitasuna agerian geratzen den aldi berean. Aipatutakoak bezain ezagunak diren eskubide horiez gain, gogoratu beharra dago Giza Eskubideen oinarrizko sistemaren funtsa hirukoitza dela: hain zuzen ere, 1948ko Aldarrikapen Unibertsala eta 1966ko Nazioarteko bi Itunak, Eskubide Zibil eta Politikoena eta Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideena. Horiek guztiak Estatu espainiarrak izenpetu eta berretsi zituen bere garaian eta, ondorioz, indarrean daude gure artean. Gogora ditzagun, horregatik, ahaztuta dauden beste eskubide batzuk.

Gaur egun, larriki mehatxatuta daude era baketsuan bildu eta elkartzeko eskubidea, iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubidearekin batera. Iragarri diguten Zigor Kodearen erreformak, besteak beste, protesta zibilaren kriminalizazioa hartzen du barnean, «erakunde krimengile kide» moduan; eta gehienez ezarri ahal izango den zigorra 4 urteko espetxealdi zigorra izango da, behin-behinean espetxeratzeko aukeraz. Argi eta garbi dago hori aipaturiko nazioarteko itunen kontra doala, oinarrizko eskubide horiek zabalkiro babesten dituztelako. Halaber, ez du ezer onik iragartzen erreformak bilatzen duen beste zerbaitek: hain zuzen ere, «agintarien aurkako atentatu» gisa zigortzea manifestazio batean besoetatik «kateatzea». Horrez gain, ekonomia edo araudiaren arloko murrizketek de facto mugatuko balute auzitegietara jotzeko eskubidea, gure oinarrizko eskubideak urratzen direnean, oso gertu egongo ginateke autoritarismo hutsetik.

Pertsona orok du bizi-maila egokia izateko eskubidea, osasuna eta ongizatea ziurtatzeko moduan; bereziki, elikatzea, jantziak, bizitokia, medikuntza-zaintza eta behar diren gizarte-zerbitzuak. Aldarrikapenak honako hau baieztatzen du: herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, Estatu bakoitzaren antolaketa eta baliabideak kontuan izanik, norbanakoaren duintasunerako eta nortasuna garatzeko ezinbestekoak diren ekonomia, gizarte eta kultura mailako eskubideak bete behar dira.

Baina, krisi-garaian gaudenez, gerrikoa estutu behar dela esaten digute. Eta, gainera, ziurtatzen digute osasun-arloan, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan egin nahi diren murrizketek —10.000 milioirenak, guztira— ez dutela ekarriko eskubide horien urraketarik. Sinistekoa al da? Nola mantenduko dira horrelako zerbitzuak era egoki eta onargarrian, herritar guztiek (finantzen espekulazioak erraztu duen krisialdi honen petxeroak diren etorkinak barne) eskuratzeko moduan, aurrekontua hain zorrozki mozten baldin bada?

Ahazten dute, gainera, aldarrikapenak berak ezartzen duenez, ezin dela burutu deklarazioan aldarrikatutako edozein askatasun eta eskubide ezabatzeko ekintzarik; hori dela eta, kalitatezko osasun eta hezkuntzarako eskubidea bertan behera uzteko baliabideen urritasunaren aitzakia erabiltzeak argi eta garbi urratzen ditu giza eskubideak. Batez ere, arrazoibide hori ez delako hainbesteko irmotasunez erabiltzen Defentsarako edo Erregearen Etxerako gastuak murrizteko orduan. Estatua horrelako eskubideak bermatzeko erantzulea da, eta bere erantzukizunak hiru irizpide ditu oinarri: herri-baliabideak prest izatea (hau da, osasun-zentroak, etxebizitza publikoak, eskolak egon daitezela); bitarteko horiek erabiltzeko aukera izatea (hots, edozein pertsonak erabili ahal izatea, komunitate edo herri batean edo bestean bizi izanda ere), eta kalitatea. Ezinezkoa da hezkuntza sistema hobetzea irakasleak egotziz gero eta ikasgela bakoitzeko ikasle gehiago sartzen badira; eta ezinezkoa da osasun-sistemak hobeto funtzionatzea, operazio-gelak itxiz gero, edo itxarote zerrendak luzatzen badira. Hori ez da inon gertatu. Baina, antza denez, gobernuak ahaztu du Estatuak sinatu eta berretsitako nazioarteko itun guzti-guztiek, edozein lege baino arau-maila altuagoa dutela, Konstituzioa izan ezik. Eta eskubide horiek defendatu beharrean, eta herritarrekiko dituzten zereginak bete beharrean, gobernua kezkatuta dago merkatu eta finantza espekulatzaileekin bakarrik, eta haiei bakarrik ematen dizkie kontuak.

Martin Niemöller artzain protestanteak 1946an Kaiserslautern-en esan zuena gogora ekarriz: lehendabizi, manifestazio-askatasunerako eskubidearen aurka aritu ziren, baina isilik geratu nintzen, ez naizelako manifestazioetara joaten. Gero askatasunean sindikatzeko eskubidearen aurka aritu ziren, baina ez zitzaidan axola, ni ez naiz-eta sindikalista. Orain osasun eta hezkuntzarako eskubideen aurka datoz, baina ez dut ezer esango: gaur egun ez noa eskolara, eta osasunez ondo nabil. Eta nire bila etorri zirenean, beranduegi zen.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia