Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 23 - 15:36

2012-05-03

Jira

Bakarrik

Xabier Gantzarain

Akaso ez, akaso gizona ez doa bestek beregan utzitako zikina hustu eta lasaitua hartzera bakarrik, akaso ez dio inori atzetik eman nahi, zakar hartu, indarrez sartu, akaso ez du bilatzen maitasun amiņi bat besterik, diru truke bada ere, hitz goxo batzuk, diru truke bada ere, muxu bat, besarkada bat, eta han bihurtu minak hitzetara, bakarrik nago esan, bakarrik nago, ez dakit zenbat iraungo ote nukeen zuregatik ez balitz, ez diot zentzurik aurkitzen munduari esan ohe ertzean eserita zapata lokarriei begira, automata baten ilusioarekin egiten ditut lanak, ohetik jaiki eta fabrikara joaten naiz, katean egiten dut lana, jende asko kalera joango dela zabaldu da zurrumurrua, botatzen banaute nireak egin du, zorretan nago oraindik bankuarekin, justukoa gastatzen dut astean behin zu ikustera etortzeko, telebista edukitzen dut egun osoan piztuta etxean, jatekoa egin bitartean, ontziak garbitu bitartean, lagundu egiten dit ezertan ez pentsatzen, nostalgia uxatzeko borrokan ibiltzen naiz, denbora galdua abailtzen zait, banuen kuraia garai batean, orduko esaldi bat berreskuratu dut orain, askotan esaten diot neure buruari, total, gehienez ere hil egingo haiz. Zugana joaten zait gogoa gero.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia