Berria.eus

Astelehena, 2014ko irailak 1 - 13:14

2012-05-05

Jira

Lotua

Xabier Gantzarain

Zugana joan arteko onik ez dut izango, eta bien bitartean eguneroko zereginetan lotuko naiz, bete egiten ditut egunak, joan da aste hau ere esaten dut, neure kabutan, ostiral arratsaldean lanak bukatutakoan, etxera joaten naiz, ostiralero kalera irten eta itsutu egiten gineneko sasoiaren gomuta etortzen zait inoiz, lehortzen utzitako arropa jasotzen dut, mahuka bat gero bestea tolestu egiten ditut, ohera goiz joaten naiz iratzargailurik gabe esnatzeko pozak. Zapalduen zoriona da zapatua, erosketak egitera joaten naiz larunbat goizetan, kafea hartzen dut egunkariak dauzkaten tabernan, kultur orrietan geratzen naiz inon geratzekotan, baina han ere labur, ez da niretzako, mila dorre eta mila gaztelu egin nituen neure baitan, eta gero ez nuen jakin harainoko eskailerak jasotzen, orain ezerk ez nau lotzen ezertara, ez bada haragiak haragira, ez bada lurrak lurrera, neu lotzen natzaie eguneroko zereginei, telebistan zer dagoen begiratzen dut, pelikularen bat, saskibaloia, edozer, berdin zait denbora zertan erre.

Jartzen duzun telebista katearen arabera joaten da mundua aldatzen, mapak zabaltzen hasten dira, mundua borobila da, baina mapak eguraldia emateko besterik ez dira erabiltzen.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia