Berria.eus

Larunbata, 2014ko abuztuak 23 - 05:33

2012-05-06

'D3M eta Askatasuna auzia'. Manifestazioa Bilbon

PPren gobernuaren borondate falta salatu dute eragileek

'D3M eta Askatasuna auziaren' izaera politikoa kritikatu dute, eta bertan behera uzteko eskatu dute

Nagore Ares Amaya Bilbo

Ezker abertzaleko kideak, manifestazioa abiatu aurretik.. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

D3M eta Askatasuna auziko hamahiru auzipetuen kontrako epaiketaren izaera politikoa salatu zuten atzo Bilboko manifestazioan ezker abertzaleko, Alternatibako, EAko, Amaiurreko eta Aralarreko ordezkariek. Prozesuak argi uzten du, haien iritziz, estatuan ez direla bermatzen hiritarren eta eragileen gizarte eskubideak eta eskubide politikoak. Horrekin batera, Euskal Herriko agertoki politiko berrian, Espainiako Gobernuak mantentzen duen jarrera gogor kritikatu zuten; izan ere, guztiek azaldu bezala, PPren gobernuak ez ditu euskal gizartearen eskaerak kontuan hartzen eta horien kontra ari da agertzen duen jarrera eta helarazten dituen mezuen bitartez.

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak salatu zuenez, D3M eta Askatasunako hamahiru auzipetuak zigorbidean jarri dituzte lan politiko, publikoa eta gardena egin izanagatik, eta Euskal Herriko aro politiko berrian hori lekuz eta denboraz kanpo dagoela iritzi dio. Haren ustez, Espainiako Gobernuak desaktibatu beharko lituzke, behingoagatik, salbuespeneko politika guztiak, eta haien artean dago epaiketa politikoekin jarraitzea, inolako zentzurik ez daukana. Horrekin batera, Ugarteburuk azpimarratu zuen aurrera egiteko Espainiako Gobernuak elkarrizketa aktibatu behar duela; ez dago beste modurik.

Ildo berean aritu ziren Oskar Matute Alternatibako bozeramailea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Josu Murgia Aralerreko Bizkaiko koordinatzailea. Espainiako Gobernuaren borondate falta azpimarratu zuten hirurek. Matutek salatu zuenez, Espainiako Estatua eta bere tresna judizialak eta politikoak, disidentzia eta ideiak kriminalizatzen saiatzen dira. Uniformetasun agertoki bat bilatzen dute, zeinek kanpoan uzten duen estatu horren nukleoa zalantzan jartzen duen edozein ideia.

Prozesua moteltzeko nahia

Espainiako Gobernuaren erantzukizun falta eta immobilismoa kritikatu zituen, berriz, Urizarrek. Horren bidez, PPk prozesua moteltzeko asmoa duela salatu zuen, eta hala euskal gizartearen nahiaren kontra egiten duela azaldu zuen: Gaurkoarekin eta etor daitezkeenekin, prozesua oztopatu beharrean, lortu dute euskal gizartea kontzienteago izatea Espainiako Gobernuak ez duela inolako borondaterik. Iritzi bera agertu zuen Murgiak, Gizarteak oso argi dauka D3M eta Askatasunaren kontrako prozesuak politikoak direla. Auzi horiekin, Espainiako Gobernuak erakusten du ez dagoela ekonomikoki atzeratuta bakarrik, baizik eta baita demokratikoki ere.

Alde horretatik, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak azpimarratu zuen gobernuak aukera politiko guztiak bermatu behar dituela, eta, beraz, D3M eta Askatasuna sumarioak, edo lehenik pasa ziren 18/98 eta abar, edo gero etorriko diren sumarioak bertan behera utzi eta aske utzi behar dituela. Izan ere, bakarrik jarduera politikoa egiteagatik atxilotu, kriminalizatu eta epaitu edo epaituko dituzten hiritarrak baino ez baitira.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia