Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 29 - 22:06

2012-05-06

Larrepetit

Amak

Arantxa Iturbe

Amak dira hotza sentitzen dutenean umeari jertsea jazten dioten pertsonaia bitxi horiek. Eta denek barre egiten dute. Ama bakarra, eta eskerrak. Eta barrez jarraitzen dute.

Amei buruz egin litezke txisteak. Nahi adina. Amari buruz ez. Ama, norberarena, ukiezina da. Sakratua. Berezia. Bizitza zor diozu. Zure zorionak egiten du zoriontsu, zure zorigaitzak zoritxarreko. Zugatik kezkatzen da. Zaren bezalakoa zarela ere maite zaitu. Inork baino hobeto ezagutzen zaitu. Badaki noiz ari zaren egiatan, noiz gezurretan. Zure begiak irakurtzen ditu beste inork ez bezala; zure ahotsaren ˝abardura guziak entzuten. Liluratzen dute berak beste inork ikusten ez dituen zure dohainek, barkatzen ditu beste inork baino lehen ikusiak dituen zure akatsak. Eskertuko dizu, eta apenas eskatu. Eman, daukanetik; baita, behar izatera, ez daukanetik ere. Berea dena zure. Txikitan erakutsi zizun, eta babestu, eta lasaitu, eta animatu, eta kontsolatu. Eta handitan ere bai. Eta maite. Beti maite. Baldintzarik gabe.

Edo ez.

Ama guztiak ez dira, ez gara berdinak. Seme-alabekin dituzten hartu-emanak ez dira berdinak. Ama batzuk goxoak dira. Besteak ez. Batzuk babesleak, besteak beldurtiak. Ama batzuek gozatzen dute ematen; beste batzuek, jasoko duten zain. Ama batzuek lasaitzen dute; beste batzuek urduritu. Ama batzuek eskertzen dute. Beste batzuek, eskatu. Ama batzuek dohainak asmatzen dituzte, beste batzuek akatsak gogorarazi etengabe. Ama batzuk harro daude euren seme-alabez. Beste batzuk ez hainbeste. Ama batzuk erditu dira zugatik. Beste batzuk, ez.

Gauza bakarra zalantzan jarri ezina: amak maite zaitu. Eta zuk ere bai ama. Zure erara, jakina. Eta berak berera. Maitatzeko era asko dago. Pertsonak (ama izan edo ez) adina. Eta ez. Ez da haserretuko gaur oparirik egiten ez badiozu.

Edo bai. Baina hori zuk jakin behar duzu. Zure ama da.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia