Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 1 - 15:52

2012-05-06

Ziklo baten amaiera

Joseba Altube

Gipuzkoako Bide Azpiegitura zuzendaria

Martin Garitanok kargua hartu baino sei egun lehenago, 2011ko ekainaren 17a, ez litzateke egun berezia izan beharko gipuzkoar guztiontzat, baldin eta egun horretan Bidegiko zenbait lanen likidazioak sinatu ez balira (60,5 milioi euro) errepideetako lanen likidazioak direla eta. Diru kopuru horren zatirik handienak ez zuen inolako kontratu aldaketarik oinarri, eta hala adierazi zuen Herri Kontuen Euskal Epaitegiak berak ere. Egun horretan denok atera ginen galtzen, baina horrez gain, egun horretan, Gipuzkoan, ziklo bat eta diru publikoa kudeatzeko eredu bat bukatu ziren, inolako gastu mugarik gabe azpiegitura handiak eraikitzea nagusi izan den zikloa hain zuzen.

Orain dela astebete, Bide Azpiegituretako Departamentuko eta Bidegiko arduradun politiko izandakoak Batzar Nagusietan azaldu behar izan zuten, diputatu nagusi ohiarekin batera. Eneko Goia Bide Azpiegituretako foru diputatu ohiak zenbait errepide lanen gainkostuari eta horien bolumen ekonomikoari buruzko azalpenak eman behar zituen, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arabera, gainkostu horiek hutsaldu egin baitzuten kontratuaren xedea bera. Borja Jauregi Bidegiko zuzendari ohiak azalpenak eman behar zituen AP-1 autobideko Eskoriatza iparra-Arrasate iparra zatia egiteko proiektuaren likidazioaz, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak nabarmendu zuena. Baina ez pentsa Bide Azpiegituretako diputatu ohiak kudeaketa txartzat jo zuenik azken 8 urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik 1.304 milioi euro gastatu izana Gipuzkoako errepideetan, nahiz eta obrak 921 milioi eurotan esleitu. Hau da, Gipuzkoako errepideetan azken 8 urte hauetan egin diren 20 obra nagusiek 383 milioi euroko gainkostua izan dute! Gerta al liteke horrelakorik esparru pribatuan? Gipuzkoako orografia eta geologia bereziari, izandako gorabeherei eta ezustekoei egotzi diete batez ere obren kostuen igoera. Egia da ezustekoak gerta litezkeela edo hasierako proiektua aldatzeko beharra egon daitekeela, eta horrek gainkostua dakarrela. Baina ez da normala onartu izana eraikuntza enpresek aldaketen bidez aurrekontu igoerak lortzea, eta, gainera, horretarako erraztasunak eman izana, obrak hasteko eskaini zituzten prezio jaitsierak osatzeko. Prezio jaitsiera horiek enpresen arteko lehiaren ondorioa dira, eta eskulanaren esplotazio sistematikoa eta azpikontrata txikien itomena besterik ez dute ekarri.

Foru diputatu ohiak azaldu zuen orain agintean gaudenok ere onartu ditugula aldaketak proiektuetan, Hernaniko saihesbidea, esaterako. Hala da, obra horrek 24 milioi euroko aurrekontua du, eta aurten bukatuko da; %2ko gainkostua izan du esleipen prezioaren aldean (zatirik handiena foru diputatu ohiak berak baimendu zuen). Azken 8 urte hauetan, EAJ errepideen buru izan dela, Foru Aldundiaren batez besteko gainkostua esleipen prezioaren aldean %30ekoa izan da, eta Bidegikoa, berriz, %50ekoa. Halakorik ezin da berriz gertatu, eta hala ari gara frogatzen.

Agerraldiko une batean Bidegiko zuzendari ohiak administrazioko teknikarien profesionaltasuna defendatu zuen. Erabat ados gaude, inork ez du zalantzan jartzen teknikarien profesionaltasuna eta zintzotasuna, baina batzuetan, salduta gelditzen dira, arduradun politikoek eraikuntza enpresek proposatutako aldaketak eta likidazioak onartzen dituztela ikustean. Paperak dena jasan dezake.

Bukatzeko, itzul gaitezen Euskal Epaitegiak AP-1 autobideko Eskoriatza eta Arrasate bitarteko zatiaren likidazioari buruz egin zuen aipamenera; orduan, obraren %22ko likidazioa onartu zen, lanak bukatu eta bi urtera. Aurreko zatia, Arlaban Eskoriatza bitartekoa, ere egun berean likidatu zen. Lan horiek prezio jakin batean esleitu ziren eta, obrak aurrera egin ahala, hainbat ezusteko sortu ziren, ez dugu ukatuko, eta ondorioz, Diputatuen Kontseiluak proiektu aldatuak onartu behar izan zituen, eta horrela lanen kostua igotzen joan zen. Lanak bukatzeko lauzpabost hilabete falta zirela, azken bi proiektu aldatuak onartu ziren; zati bati dagokiona 35,93 milioi eurokoa, eta besteari dagokiona, 46,5 milioi eurokoa, eta kopuru horiek ez dira huskeria. Proiektu aldatu horiek bukatutzat ematen zituzten gorabeherak eta neurketen igoerak. Bi zati horiek 2009ko udaberrian zabaldu ziren, eta Diputatuen Kontseiluak onartutako kopuruak ordaindu ziren. Eta puntu horretan, zehazki, bukatzen dira lehengo kudeatzaileek emandako argumentu guztiak, behin baino gehiagotan azaldu baitzuten obra gelditu baino hobe zela aldaketak onartu. Baina justifikatu gabe dago, zergatik autobidea zabaldu eta bi urte eta bi hilabete geroago, legezko epe guztiak amaitu ondoren, 2011ko ekainaren 17an, ordaindu zitzaien eraikuntza enpresei 19,9 eta 34,8 milioi euro likidazio gisa, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dioen bezala, inolako kontratu aldaketetan oinarrituta ez zeuden kontzeptuak zirela eta. Bidegiko Administrazio Kontseiluak likidazio horiek ordaintzea onartu arren, ez da onargarria eskudun organoak, hau da, Diputatuen Kontseiluak onartutako proiektuan sartuta ez dauden kontzeptuengatik ordaintzea.

Erraza da demagogo eta pankartero deitzea gertatutakoa argitzea nahi dutenei, azalpenak eskatzen dituztenei eta jende guztiak ezagutu beharko lituzkeen datu erabat objektiboak jendaurrean jartzen dituztenei. Erraza da kudeaketa desarrollista distiratsuaren atzean ezkutatzea, baina azkenean dena amets bat izan da, ezinezko zerbait, zorrak eta mantenntze gastu onartezinak utzi dizkigun ziria. Eta zama hori ez dugu berehala kenduko gainetik. Hala ere, Gipuzkoako azpiegiturak garatzearen alde lanean jarraituko dugu, baina oraingoan, garapena beste modu batekoa izango da, neurrizkoa, iraunkorra, kontrolatua eta bidezkoa.



 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia