Bizi-itxaropena luzatu ahala demografia irauli den garaiotan, zahartzaro duintasunez bizitzeko eskariak ugaldu egin dira; legeak errealitate horretara egokitzeko premiaz mintzatu berri dira Oñatin. Eduardo Victor Lapenta eta Maria Isolina Dabove Zuzenbidean adituak" />

Berria.eus

Astelehena, 2014ko uztailak 28 - 18:24

EUSKALHERRIA;2010-04-02;Eduardo Victor Lapenta eta Maria Isolina Dabove. Zuzenbidean adituak. Zahartzaroa hogei urteko gehigarria da egun; zer egin nahi dugu urte horiekin?. Bizi-itxaropena luzatu ahala demografia irauli den garaiotan, zahartzaro duintasunez bizitzeko eskariak ugaldu egin dira

Eduardo Victor Lapenta eta Maria Isolina Dabove

.. Zuzenbidean adituak

Bizi-itxaropena luzatu ahala demografia irauli den garaiotan, zahartzaro duintasunez bizitzeko eskariak ugaldu egin dira; legeak errealitate horretara egokitzeko premiaz mintzatu berri dira Oñatin.

«Zahartzaroa hogei urteko gehigarria da egun; zer egin nahi dugu urte horiekin?»

Arantxa Iraola.

Oñati

Argentinakoak dira Maria Isolina Dabove (San Lorenzo, 1966) eta Eduardo Victor Lapenta (Azul, 1952), eta han dihardute, zuzenbidearen alorrean, unibertsitate munduan. Aste honetan Oñatin izan dira, Gipuzkoan, Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak antolatutako mintegi bat zuzentzen: Zahartzaroa, giza eskubideak eta bizi-kalitatea. Begiratzeko beste modu bat aldarrikatu dute, legeak aztertu eta egiteko orduan, adineko pertsonen beharrak eta nahiak ere aintzakotzat hartuko dituena.

Gero eta zahar gehiago daude, eta adineko pertsonak ere gero eta adinekoagoak dira. Aski dira egun indarrean dauden lege eta nazioarteko deklarazioak errealitate horri erantzuteko?

Maria Isolina Dabove. M.I.D. Egokitzeko prozesu batean gaude. Nazioartean soilik bi agiri esanguratsu daude. Bat, Vienako ekintza plana da, 1982koa, gai honi buruz egin zen lehen munduko biltzarrean egina. 2002. urtera arte ez dago besterik. Orduan egin zen hurrengo munduko biltzarra , Madrilen, eta Madrilgo ekintza planaren iturburua izan zen. Ordutik, NBEak bultzatuta, hainbat herrialdetan, besteak beste, Latinoamerikan, hainbat eztabaida egin dira adinekoen giza eskubideen konbentzio bat garatzeko. Oraingoz, oinarrizko dokumentu bat baino ez da lortu, Brasiliako deklarazioa, 2007koa, baina, oro har, ez dago tresna askorik.

Ez da erraza, ezta? Adineko pertsonen artean aski egoera ezberdinak daude, multzo heterogeneoa da...

Eduardo Victor Lapenta. E.V.L. Zahartzaro kontzeptuaren inguruan nahaste handia dago. Batetik, lana uztearekin lotzen da, bai eta ahultze fisiko batekin ere. Gero, hor dago denboraren kontzeptua bera; adineko pertsonak bizitzeko azken aroan daude, eta beren bizi-proiektuak gero eta laburragoak izango dira. Ikuspegi horiek hartu behar dira aintzat, eta hainbat instituziok hartu behar dute parte egiteko horretan.

Baina adinekoek bizi-kalitatea izateko, behar dira lege berriak eta deklarazio handiak?

M.I.D. Guk darabilgun zuzenbide kontzeptua fenomeno konplexua da; errealitate sozialetik edaten du. Kasu honetan, errealitatea zahartzen ari den gizartea da. Lege batekin konpontzen den hau guztia? Zuzenbidea askoz ere zabalagoa da. Zaharren bizi-kalitatea zuzenbidearen bidez konpontzeko, ezinbestekoa da juristek errealitate hori aintzat hartzea, eta gakoa da egiten diren legeak ez egitea adinekoei bizkarra emanda. Bere garaian egin ziren legeak gerrako errefuxiatuak aintzakotzat hartuta, edo emakumezkoei begira egindakoak... Orain, zaharren errealitatea aldatu da. Soilik legeekin erantzungo zaio horri? Ez, beharrezkoak dira, baina ez dira aski. Zaharrei buruzko konbentzio bat egiten dela? Ba primeran, baina sinbolo bat izango da, besterik ez.

Harago egin behar da, ezta? Gakoa begirada berri bat da, zaharren beharrak ere ikusiko dituena...

M.I.D. Hain justu, paradigma aldaketa bat.

Adinekoek jasaten dituzten tratu txarrei buruz jardun duzue. Maiz itzalean geratzen dira, lauso. Nola biluzi errealitate hori?

E.V.L. Zaila da. Adineko pertsonak baztertuta daude gizartean, onespen urria dute sarri. Horrek tratu txarrak dakartza maiz. Tratu txar klase bat izan daiteke zaharrak haurrak balira bezala tratatzea. Gero badira tratu txar argiagoak ere, esaterako, bortxa egoerak izaten direnean.

Nola egin aurre?

M.I.D. Zuzenbideak ez du orotarako erantzunik. Kasu honetan heziketara joko nuke, hedabideetara... Aldagai horiek dakarte benetako begirada aldaketa bat. Soziologiak eta psikologiak ere zeresana franko dute. Kontuan hartu behar dugu tratu txarrak oso aspalditik datozela... Kontua da orain pisu demografikoak aldaketa handia dakarrela, eta egoera horien aurrean ezin dugula beste aldera begiratu.

Adinekoek urte asko izaten dituzte aurretik, eta itxaropen handiak...

M.I.D. Bai, bai, 30 urte erraz izan daitezke. Lan mundua utzi 65 urterekin, eta hortik aurrera 20 urte gehiago bizitzea ez da zaila. 20 urteko gehigarria da zahartzaroa egun; zer egin urte horiekin? Hori da gakoa. Entretenitu egingo ditugu zaharrak turismo zerbitzuen bidez? Gainetik kenduko ditugu? Askotan horixe egiten da. Ba guk ez dugu hori bakarrik nahi. Zaharra izatea pertsona izatea da, eskubide guztien jabe. Zailtasunak dituen pertsona da, jakina, baina nork ez ditu arazoak? Zahartzaroak ez du eragozten gauzak egitea. Datu bat gehiago da adina, aparteko egoera batean jartzen gaituena, baina aske, autonomo eta duin bizitzea ezin du eragotzi horrek.

Heriotza duinaren aldeko lege eskariek aparteko garrantzia dute adin tarte horretan...

M.I.D. Gai konplexua da. Nire ustez, noiz arte bizi nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu guztiok. Baina zahartzaroan beste arazo bat ere bada; baliabide gabeziak dituzte adineko pertsona askok, eta zenbait herrialdetan, esaterako, erietxeetako ohe eskasia delarik, haurrak lehenesten dira, zaharrak ja bizi direla argudiatuta. Debate hori ere hor dago.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia