Epaiketa osoan eta hura hasi bitartean egingo diren elkartasun ekimenetan parte hartzera deitu dute" />

Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 23 - 17:34

EUSKALHERRIA;2010-04-18;'Egunkaria'-ren epai bera espero dute Udalbiltzakoek, bi auziak antzekoak direlako. Epaiketa osoan eta hura hasi bitartean egingo diren elkartasun ekimenetan parte hartzera deitu dute

'Egunkaria'-ren epai bera espero dute Udalbiltzakoek, bi auziak antzekoak direlako

Epaiketa osoan eta hura hasi bitartean egingo diren elkartasun ekimenetan parte hartzera deitu dute

Jokin Sagarzazu.

Donostia

Egunkaria auziko epaian jasotako hainbat ideia Udalbiltza auziaren oinarrian dagoen «bidegabekeria» ulertu eta salatzeko baliagarri izango dela uste dute Udalbiltzako auzipetuek. Era berean, aurki hasiko den epaiketari aurre egiteko gizartearen «hauspoa eta indarra» beharrezkoa izango dutela nabarmendu dute.

Hil honen 29an beteko dira zazpi urte Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa agindu zutela. Hamahiru pertsona kartzelatu, egoitza publikoak itxi eta herritarrek Zuberoako hainbat garapen egitasmorako emandako 400.000 euro konfiskatu zituen Baltasar Garzon epaileak. Udalbiltzako 22 langile eta udal hautetsi daude auzipetuta. Eta Fiskaltzak eta Dignidad Y Justiciak ordezkatzen duen herri akusazioak hamar eta 23 urte arteko zigorrak eskatu dituzte. «Talde terroristako kide» izatea leporatzen diete.

Haien aurkako akusazioak, baina, «narrazio fantastiko batean» oinarritua daudela salatu dute auzipetuek. Egunkaria auzia eta Udalbiltza auzia «antzera interpreta» daitezkeela uste dute. Akusazioek «frogarik ez» dutela eta auzi honen oinarrian ere «dena ETA da» teoria dagoela salatu dute. «Epaiketan eztabaidagai izango da ea gu ETAko kideak garen, ea gu ETAren agindupean aritzen ginen». Auzipetuen ustez, baina, «milaka udal hautetsiren lana kriminalizatzea» da auziaren sakoneko helburua.

Atzekoz aurrera

Euren aurkako epaiketa hastear dela, auzipetuek agerraldia egin zuten atzo, Donostian. Lander Etxeberria eta Miren Odriozola auzipetuak mintzatu ziren guztien izenean. Egunkaria auziko epaia izan zuten hizpide, sententzia horretan hainbat puntu «interesgarri eta positibo» jasotzen direlako. Hala, uste dute euren aurkako auzian ere akusazioek atzekoz aurrera egin dutela indukzio prozesua. «Aurrena, ondorioa atera zuten, eta, horri eusteko, froga bila aritu ziren». Auzipetuek nabarmendu dutenez, akusazio idatzietan ez da inolako delituzko jarduerarik jasotzen. «Haurrentzako aldizkari bat, ikastola bat, zerbitzu meteorologiko bat, estatistika proiektu bat, Zuberoako hainbat egitasmo eta antzekoak lagundu izana soilik aipatzen da». Halaber, kanpoko agente baten agindupean aritu zirela argudiatzeko frogarik ez dagoela diote. «Nola uler daiteke bestela, 1978ko urtera atzera egin, Euskal Herriko Biltzarre Nazional deituriko herri proiektuari hautsa kendu, ETArena zela esan eta 25 urte geroago Udalbiltza proiektu horren berredizioa dela baieztatzea?». Auzipetuen ustez, adibide horiek akusazioaren «ahuldadea» uzten dute agerian.

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia