Berria.eus

Larunbata, 2014ko uztailak 26 - 13:10

2011-10-15

Mankomunitateen eta udalen nahia beteko dutela dio Alduntzinek

Zubietako errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu izana larritzat jo du Gipuzkoako Aldundiak

Ainara Arratibel Gascon Donostia

Odon Elorza, Markel Olano eta Carlos Ormazabal errauste plantaren lehen harria jartzen. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko jarduneko administrazio kontseiluak Zubietako errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu izana «oso larria» da, Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren arabera. Dena den, nabarmendu du ez duela eragin praktiko eta politikorik izango: «Erabakiak ez du udalen eta mankomunitateen nahia baldintzatuko».

Partzuergoaren administrazio kontseilu berritua datorren astean eratuko den arren, ezohiko bilera egin zuen herenegun jardunekoak. Bileran errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu zuten. Behin hori eginda, gauzatze fasean sartuko da azpiegitura. Hala, errauste plantaren proiektua atzeratzea edo geratzea erabakiko balitz, enpresei ordaindu beharreko kalte-ordainak handiagoak izango lirateke.

Alduntzinek salatu du «presaka eta ezkutuan» hartutako erabakia izan dela. «Jarraitu duten bide inposatzailearen azken purrustada izan da, gipuzkoar guztiok oraindik gehiago hipotekatzeko azken ahalegina». Hala, erabakia politikoki eta demokratikoki salagarria dela esan du Alduntzinek. «Xelebrea da EAJk, PSEk eta Hamaikabatek demokraziaz egiten duten interpretazioa»

Dena den, erabakiak ez duela udalen eta mankomunitateen nahia baldintzatuko berretsi du. «Partzuergo berria datorren astean eratuko da, eta hortik aurrera udalek eta mankomunitateek hartuko dituzte hondakinak kudatzeko erabakiak. Diputazio honek onartu eta errespetatu egingo du haien nahia».

Usurbilgo Ituna, haserre

Partzuergoaren erabakia kritikatu du Usurbilgo Itunak ere. «Kargua uzteko ekintza bere-berea duten estiloan egin nahi izan dute, herritar guztion dirua enpresa pribatuen esku jarriz», esan du itunaren sinatzaileen izenean Ainhoa Arrospidek

Jardunean dagoen administrazio kontseilu batek halako erabaki bat hartzea gaitzetsi du. «Funtziotan dagoen administrazio kontseilu batek ez dauka inolako zilegitasunik garrantzi handiko erabakiak hartzeko, eta gutxiago hurrengo administrazio kontseiluaren lana baldintzatzeko».

Erabakiak kalte-ordainak handituko dituela azaldu du Arrospidek. «Nahita eta ondorioen jakitun hartu dute erabakia, eta kaltetuok eskubidea dugu eragingo zaigun kalte-ordaina arduradunei eskatzeko».

Dena den, baikor dago etorkizunari begira: «Partzuergoan agindu duten horiek badoaz, eta ez dugu galtzen utzi behar hondakinen arazoa konpontzeko ireki den abagunea». Hala, zaborren kudeaketaren inguruan agindutako eztabaidarako konpromisoari eusteko eskatu diote Alduntzini. «Osasuna, ingurumena eta guztion ekonomia ardatz izango dituen hondakinen kudeaketa sistema eraikitzeko informazio, eztabaida eta erabakitze epe bat hasteko ordua iritsi da».



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia