Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 23 - 15:57

2012-04-25

Berdintasuna. Alardeak

Modu arbitrarioan aldatu zuten alarde mistoaren ibilbidea

Jaurlaritzak bidea aldarazi zion iaz Jaizkibeli; EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du arrazoi nahikorik ez zegoela neurri hori ezartzeko

Hondarribiko konpainiako kideei biltzeko askatasuna urratu diete, epailearen ustez

Jon Olano

Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetako ordezkariak, Donostiako Kursaalera ailegatzen. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Eusko Jaurlaritzak bidegabe jokatu zuen Hondarribian (Gipuzkoa) alardearen egunean Jaizkibel konpainiari ibilbidea aldarazita. Hori ebatzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta baliorik gabe utzi du Herrizaingo Sailak iazko abuztuaren 25ean emandako agindua; alegia, alarde parekidearen bidea aldarazi zuena. Agindu horrekin biltzeko askatasuna urratu izana egotzi dio auzitegiak Jaurlaritzari. Jaizkibelek jarri zuen helegitea, eta arrazoia eman dio auzitegiak.

Hondarribiko alardean segurtasun arazo handiak daudela esanez zuritu zuen ibilbidea eta ordutegia aldatzeko agindua Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek, iazko urriaren 4an. Adierazi zuen hamabost urtean gatazkak etengabeak izan direla. Hondarribiko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren txosten banatan oinarritu zuen erabaki hori Jaurlaritzak: Udaltzaingoak azaldu zuen alarde mistoa eta tradizionala leku beretik igaroko zirela une berean; Ertzaintzak, berriz, argudiatu zuen Jaizkibelen ibilbidea aldatzea komeni zela segurtasun publikoa bermatzeko.

Txosten horiek ez daude behar bezala argudiatuta, auzitegiaren arabera. Epaian ageri denez, Ertzaintzak ez zuen azaldu zergatik aldatu behar zen ibilbidea Gernikako Arbola lorategietan, aurreko urteetan hortik igarotzea baimendu badu. Erabaki hori hartzeko, behar bezala justifikatuta egon behar du istiluak gerta daitezkeela eta pertsonak eta ondasunak arriskuan egongo direla. Epaileak argitu duenez, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren txostenetan ez da egiten zehaztapen hori; ez du arrazoirik ematen aurreko urteetako irizpideak aldatzeko. Areago: Ibilbide aldaketa justifikatzeko gertaerarik izan ez bada aurreko urteetan, aurreko urteetako bera izan behar zukeen bideak. Epaileak uste du argudiorik ezean modu arbitrarioan hartutako erabakia dela.

Poliziek bidea itxi zieten alarde parekidekoei, Herrizaingo Sailaren agindua betearazteko. Jaizkibelekoek eserialdia egin zuten protesta modura. Eta elkartasuna adierazi zieten hainbat erakundek; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAEko Arartekoak.

Festa edo manifestazioa

Alardearen izaera erabakigarria izan da epailearen ebazpenean, alarde parekidea manifestazio bat edo festa bat den argitu behar izan duelako aurrena. Epailearen arabera, emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapen gisara hasi zen alarde mistoa, eta, hortaz, biltzeko askatasunari eragiten dio Eusko Jaurlaritzaren erabakiak; oinarrizko askatasun bati, alegia. Horrela izanik, epaileak ohartarazi du martxaren ibilbidean eta ordutegian esku hartzeko erabakiak arrazoi sendoak behar dituela.

Gainera, Auzitegi Nagusiak onartu du ibilbidearen zati hori sinbolikoa dela, eta gaineratu du istiluak izateko arriskua ez dela erabaki bat hartzeko motibo; beste zerbaiten ondorio izan behar duela. EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari helegitea jar diezaioke Eusko Jaurlaritzak. Hamar eguneko epea du horretarako. Jaurlaritzako iturriek BERRIAri adierazi diotenez, epaia aztertzen ari da gobernua, baina oraindik ez du erabaki helegitea jarriko duen.

Aldeko epaia dela eta, Jaizkibel zoriondu du Alternatibako eledun Ana Etxartek, eta Aresen jokabidearen aurka egin du. Etxarteren ustez, epaiak agerian utzi du Herrizaingo Saila. Ironia eta kointzidentzia iruditu zaio epaia atzo jakinarazi izana; hain zuzen ere, Emakundek Irungo eta Hondarribiko alarde parekideak saritu zituen egunean. Etxarte: Deitoragarria da ikustea Emakundek saritzen duen alarde publikoak nola pairatzen duen Aresen zigorra.

Emakundek bi alardeak saritzeagatik ere zorionak eman dizkie Alternatibako bozeramaileak, uste baitu saria ondo merezitakoa dela. Halere, nabarmendu du bi alarde parekideek aitortza zabalagoa merezi dutela erakunde publikoen aldetik, hamabost urtean bazterketarik gabeko jaietan parte hartzeko eskubidearen alde egin dutelako.



 

Alarde parekidearen bilakaera

1996

Aurreneko eskaera Irunen. Bidasoaldeko Emakumeak elkarteak mozio bat aurkeztu zuen Irungo Udalean, alardean parte hartzen uzteko eskatzeko.

Ahalegin antzua. Ekainean, Irungo alardearekin bat egiten saiatu ziren ehun bat gizon-emakume. Poliziek babestu behar izan zituzten. Beste hainbeste gertatu zen irailean Hondarribian.

1997

Jaizkibelek deia. Hondarribian, andre eta gizon ugari alardearekin bat egiten saiatu ziren, Jaizkibel konpainiak antolatuta. Ez zieten utzi pasatzen.

1998

Auzitegi Nagusiaren babesa. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen alardean desfilatzeko eskubidea zutela emakumeek. Haien parte hartzearen aurkakoek alardea pribatizatu zuten, legea saihesteko. Jaizkibeleko kideak ezin izan ziren desfilean sartu.

1999

Abiatzerik ere ez. Ertzainen hesi batek galarazi zien Jaizkibeleko kideei abiatzea. Hamabi pertsona zauritu ziren.

2001

Metro batzuk, estreinakoz. Jazkibel konpainiako kideek ehun metroko ibilbidea egin zuten; aurreneko aldia zen bost urtean.

2005

Goiz eta arratsaldez. Jazkibeleko kideek goiz eta arratsaldez desfilatu zuten, lehen aldiz.

2006

Plastiko artean. Hondarribian, alarde mistoa igaro artean, kontrakoek plastiko beltzak zabaldu zituzten. Aterkiak ere erabili izan dituzte sarritan.

2011

Ibilbide aldaketa. Istilu larririk gabeko hainbat urteren ondoren, ibilbidea aldarazi zion Ertzaintzak Jaizkibeli.



 

Txilibitu hotsak ikusiezinari

Donostiako kaleetan desfilea egin ondoren hartu dute Berdintasun Saria Hondarribiko eta Irungo alarde mistoetako kideek. Jarduteko eskatu diete erakundeei, andreak eta gizonak pareko aritzeko.

Garikoitz Goikoetxea Donostia

Jaia aldarrikapen eta aldarrikapena jai bihurtu zuten atzo arratsean Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetako kideek: Emakunderen Berdintasun Saria jaso zuten, Donostian. Andreen eta gizonen parekidetasunaren alde egindako lana eskertu nahi izan zien gisa horretara Emakundek. Herrian egiten duten legez egin nahi izan zuten atzo ere aldarria bi alarde parekideetako kideek: desfilea egin zuten Donostiako kaleetan barrena, gizonek eta emakumeek elkarrekin. Txilibitu hotsekin egin zuten ikusiezinaren aurka. Txalo zaparradaz hartu zituzten.

Kursaal barruan ateak itxita beharrean, aldarria kalera atera zuten gisa horretara. Bulebarretik Kursaalerako bidean, gaztetxoak jarri zituzten aurretik, alarde parekideak duen etorkizunaren erakusgarri. Kale bazterrean haien guraso asko bildu ziren, argazki makinak eskuan; gordetzeko unea da, zioten elkarri. Kalean gero eta jende gehiago elkartuz egin zuten bidea, ikusmin handia sortu baitzuten: eguraldi ona lagun, jendetza zebilen arratsaldean Donostian, eta, horrelako zalapartak eta jendetzak erakarrita, are gehiago elkartu ziren. Kursaal inguruan lehertu zen giroa: eraikina inguratu zuten txilibitu hotsekin, eta malkoren bat edo beste ere izan zen, batez ere edade batetik aurrerako emakumeen artean. Seme-alabak elkarrekin ikusita, hunkitu egin ziren.

Jende askoren begiradak jaso zituzten atzo alarde mistoek Donostian. Keinu itsusirik ez zuten jaso: ez zuten plastiko beltzik ikusi eta ez zuten txistu hotsik entzun. Ordea, maiz jasan behar izan dituzte horrelakoak Hondarribian eta Irunen. Guztiek ez baitute gauza bera ikusten: batzuentzat jai parekide dena besteentzat arazo hutsa da, ohartarazi zuen Maria Silvestrek, Emakundeko zuzendariak. Tradizioarekin zuritzen dute emakumeei kantinera soilik ateratzen uztea. Ez da baleko arrazoia, Silvestreren esanetan: Tradizioen aurka ez gaude gu, baina alda daitezke. Eta onerako da aldaketa.

Jaurlaritzari kontu eske

Aldaketarako bidean zailtasunak etengabe ari dira izaten, ordea. Horiek hartu zituen gogoan Anabel Salinas Hondarribiko Jaizkibel konpainiako eledunak. Eusko Jaurlaritzak iaz bidea aldarazi izana salatu zuen, atzo jakinarazitako epaiaren berri ematean. Espero dugu aurten halakorik ez izatea. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea zuen albo-alboan.

Mendiaz gainera, erakundeetako ordezkaritza zabal bat izan zen ekitaldian: Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburua, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko eleduna, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Iigo Lamarca EAEko arartekoa, besteak beste. Kursaalean egin zieten harrera alardeei.

Haiei guztiei egin zien dei Salinasek: Laguntza behar dugu, neska eta mutiko hauek berdintasunez parte hartu ahal izan dezaten alardean. Neska batekin eta mutiko batekin igo zen saria jasotzera. Erakunde guztiek ez zuten, ordea, ekitaldian parte hartu: ez ziren joan Hondarribiko eta Irungo alkateak. Haien jarrera salatu zuen Irungo taldeko eledun Txaro Arribasek: Urteotan ikusi dugu erakundeek jardun behar dutela gutxiengoen eskubideak errespetatzeko. Utzikeriaz arituz gero, intransingenteek irabazten dute.

Mezu horrekin bat egin zuen Mendiak berak ere: Erakundeon betebeharra da andreek berdintasunez parte hartzeko eskubidea bermatzea. Maiz behar bezala ez direla aritzen aitortu zuen: Hobeto egin dezakegu. Berdintasuna lortzeak gizarte osoaren helburu izan behar duela nabarmendu zuen. Batzuek, ordea, arazo gisa ikusten zaituztete, eskubideak defendatzea bekatu balitz bezala, esan zien alardeko kideei. Hala, egindako eginahala eskertu zien sariaren bitartez. Ez da erraza izan, baina ez duzue etsi.

Atzera begira, alarde parekidean hasi zirenei begira, jarri nahi izan zuten Salinasek eta Arribasek. Hasierako urteak gogoratu zituen Irungo ordezkariak: Ausartak ginen, gazteak, eta ez genekien zer-nolako indarra genuen gure aurka. Ikusi dugu ez dela aski legea alde izatea. Hartara, Emakunderi eskerrak eman zizkion: Badakigu ez dela erraza eta erosoa izan guri saria ematea. Urteetan txistu joka izan dituztenak hartu zituen gogoan Salinasek: Asko ikasi dugu haiengandik ere. Haiei egin zieten txistu atzo, txaloen bitartez egin ere.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia