Urbinan bildutako milaka lagunek egitasmo erraldoiak eragiten dituen kalteak ikusi eta bertan behera gelditzea eskatu dute Zortzi atxilotu dituzte, eta dozenaka zauritu dira ekitaldiaren ostean egondako istiluetan" />

Berria.eus

Ostirala, 2014ko uztailak 25 - 13:17

EUSKALHERRIA;2009-01-18;AHTren aurkako manifestazio jendetsua istiluekin bukatu da. Urbinan bildutako milaka lagunek egitasmo erraldoiak eragiten dituen kalteak ikusi eta bertan behera gelditzea eskatu dute Zortzi atxilotu dituzte, eta dozenaka zauritu dira ekitaldiaren ostean egondako istiluetan

AHTren aurkako manifestazio jendetsua istiluekin bukatu da

Urbinan bildutako milaka lagunek egitasmo erraldoiak eragiten dituen kalteak ikusi eta bertan behera gelditzea eskatu dute

Zortzi atxilotu dituzte, eta dozenaka zauritu dira ekitaldiaren ostean egondako istiluetan

Jon Rejado

Urbina

Ekimen arrakastatsua azken orduan ilundu zen. Milaka lagun bildu ziren Urbinan (Araba) abiadura handiko trenaren aurkako jarrera erakusteko. AHT Gelditu! Elkarlanak deitutako manifestazio jendetsu eta koloretsura Arabako txoko horretan egiten ari diren lanen artetik igaro zen «AHTrik ez» oihupean. Aldarrikapen erraldoi hori azken unean ilundu zen, ordea. Dozenaka lagun lanak ziren tokira joan ziren, eta, lanetara heldu aurretik, Ertzaintza oldartu egin zen. Hortik aurrera, sortutako istiluak areagotu egin ziren, eta zortzi atxilotu eta dozenaka zauritu gertatu ziren.

AHT gelditu dezagun lurra berreskuratuz leloari helduz, dozenaka lagun joan ziren lanean ari diren tokira. Antolatzaileek argitu zuten ekimen horrekin irudikatu nahi zutela kendutako lurra berreskuratzea, betiere modu baketsuan. AHTren kontrako banderak zituzten pertsonak AHTren lanetara heldu eta bertan esertzea zuten helburu. Horretarako parada izan aurretik, Ertzaintzaren lehen oldarraldia heldu zen, ordea. Bertan izan zirenek azpimarratu zuten oldarraldia arrazoitzeko inolako probokaziorik ez zela egon manifestarien partetik, eta lanetara heldu aurretik gertatu zela.

Zortzi atxilotu, zauritu asko

Oldarraldiaren ostean, istiluak areagotu ziren. Handik ehun bat metrora egin zen ekitaldian egon ziren ehunka pertsona hara joan ziren, eta AHTren lanetan sakabanatutako ertzainak ere bertaratu ziren, helikoptero bat barne. Denbora luzez izan ziren istiluak, eta Ertzaintzak zortzi pertsona atxilotu eta polizia etxera eraman zituen. Lanetan sartzea eta poliziari erasotzea leporatzen diete. Jendea atxilotzeaz gain, dozenaka lagun identifikatu zituen Ertzaintzak istiluak gertatu ziren tokian, toki hartatik Urbinarako bidean eta auto eta autobusak zeuden tokian.

Istiluetan dozenaka zauritu ziren. Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, sei ertzainek zauri arinak izan zituzten, eta manifestarien inguruko daturik ez zutela argitu zuten. Elkarlanak jakinarazitakoaren arabera, zortzi lagunek joan behar izan zuten larrialdietara, eta arratsaldeko zazpi eta erdietan larrialdietan zeuden oraindik. Ertzaintzaren oldarraldian kolpeak jaso zituzten beste asko ere badirela azpimarratu zuten antolatzaileek. Bide bazterretan zegoen elurra hartu behar izan zuten hainbatek kolpeen mina arintzeko.

Istiluek giroa ilunduagatik, manifestazioaren balorazio «oso positiboa» egin zuen AHT Gelditu! Elkarlanak. Eta nabarmendu zuen AHTren lanetan inoiz egin den ekimenik jendetsuena izan dela, Euskal Herriko gizartearen zati handi baten aldarrikapena ozen entzun zela. Ekitaldia bukatzean egondako oldarraldia Eusko Jaurlaritzak emandako pauso «kualitatiboa» dela deritzote. Elkarlanaren iritziz pertsona batzuk inolako indarkeria erabili gabe lanetan sartu nahi izan zuten unean Ertzaintzak erabili duen «neurriz kanpoko» indarra pauso adierazgarri dela zehaztu zuten.

Aralarrek ere salatu zuen AHTren kontrako manifestazioan Ertzaintzak izan duten jarrera. «Lurrak berreskuratzea irudikatzeko ekintza sinbolikoa egin duten manifestarien kontra oldartu izana» salatu zuen Dani Maeztu Aralarreko Bizkaiko hautagaiak. Errepideetako kontrolek ekarritako eragozpenak ere kritikatu zituen.

Manifestazio jendetsua

Goizean goizetik, ehunka lagun gerturatu zen, poliki-poliki, Urbinara AHTren aurkako jarrera erakusteko. Harako bidean poliziak jarritako kontrol guneek ez zituzten gelditu Euskal Herriko txoko askotatik etorritako auto eta autobusak. Gelditu ez, baina manifestazioa atzeratu behar izan zuten bidean zeuden hainbat autobus heldu artean. Bitartean, herriko plazak eta inguruko kaleak jendez betetzen joan ziren. Jendetza hori ikusita, Iosu Ormaetxea Urbinakoak hauxe esan zuen: «harrigarria da, inoiz ez dut horrenbeste jende ikusi herrian; ez dut uste manifestazioa egin beharra dugunik ere gure jarrera erakusteko».

Hamabi eta erdietan manifestazioak bideari ekin zion. Toki askotako lagunek bat egin zuten bertan. Ibilbide zehar, Ihabar ez da saltzen, Hiriberrin bizi nahi dugu... abiadura handiko trenak kaltetuko dituen Euskal Herriko txoko askotako izenak eraman zituzten manifestariek karteletan.

Manifestazioaren burua Urbinatik urruntzen ari zela oraindik entzuten ziren oihuak herriko plazan. Hegoaldeko trenak hartzen zuen bidetik Luku ingurura joan zen jendea. Bertan, aukera izan zuten ikusteko duela bi urte baino gehiago hasi ziren lanek nola eragin duten inguruan. «Ingurumenaren iraunkortasunari dakarkiona begi bistakoa da, lanen arduradunek behin eta berriro dioten bezala», esan zuen ironiaz AHT Gelditu! Elkarlaneko Bea Aranak manifestazioaren osteko ekitaldian.

EAJren eta Nafarroako Gobernuaren kontrako oihuak entzun ziren ibilbide osoan zehar. Eusko Jaurlaritzaren, UPN, CDN eta Espainiako Sustapen Ministerioa gogor kritikatu zituzten Elkarlaneko bozeramaileek ekitaldian. «Euskal Herriko pertsona askoren borondatearen kontra inposatzen ari diren egitasmo hau ez dugu onartuko».

AHTren moduko azpiegiturek egungo krisiaren testuinguruan inolako justifikaziorik ez dutela nabarmendu zuten. AHTk ekonomiaz gain energia krisia areagotzen duela ere azpimarratu zuten. «Krisia areagotzen da lur bizia hormigoiarekin estaltzeko ahaleginean tematzen direnean», nabarmendu zuen, bestalde, Iban Martinez de Albenizek, Elkarlaneko kideak.

Egitasmoa aurrera eramateko erabiltzen duten indarkeria azpimarratu zuten Elkarlaneko kideek: behartutako lur desjabetzeak, makinak sartzean pertsonak eta animaliak mugiaraztea... «Hori dena egiteko xantaiaz, gezurraz eta indarkeriaz baliatu dira, bortizkeria baita pertsona askoren nahiaren aurka joateko ezagutzen duten era bakarra», nabarmendu zuen Aranak.

Agustin Muiños Urbinako bizilagunak bertara bildutakoei eskerrak eman zizkien herriaren izenean. AHTren lanen ondorioz egunero pairatzen dituzten eragozpenak gogoratu zituen, nahiz eta aho batez agertu ziren azpiegitura horren alde Urbinan egin zen herri galdeketan. «Sufrimendua da hemen bizitzea lanak daudenean; egunero lanei, poliziaren kontrolari, lokatzari eta hautsari aurre egin behar izatea».

Herri bazkaria, jendez lepo

Urbinako manifestazioaren osteko ekitaldiaren ondoren gertatutakoaren ondorioz, Gasteizen prest zeuden ospakizunak atzeratu egin behar izan zituzten. Dena den, Alde Zaharreko frontoia leporaino bete zen Urbinako manifestazioa dela eta egin zen herri bazkarian eta Landatxon zein Gaztetxean izan ziren kontzertuetan jendetza bildu izan zen.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia