AHTaren aurkako udako martxa abiatu zen atzo Gasteiztik Bilborako bidean; Ertzaintzak parte-hartzaile gehienak identifikatu zituen, eta lapurreta bat ere izan zuten." />

Berria.eus

Osteguna, 2014ko uztailak 24 - 04:07

euskalherria;2009-09-06;Arazoak arazo, martxa abiatu da. AHTaren aurkako udako martxa abiatu zen atzo Gasteiztik Bilborako bidean; Ertzaintzak parte-hartzaile gehienak identifikatu zituen, eta lapurreta bat ere izan zuten.

AHTaren aurkako udako martxa abiatu zen atzo Gasteiztik Bilborako bidean; Ertzaintzak parte-hartzaile gehienak identifikatu zituen, eta lapurreta bat ere izan zuten.

Arazoak arazo, martxa abiatu da

Jon Rejado.

Gasteiz

Zazpiak laurden gutxitan hasi dute AHT abiadura handiko trenaren aurkako udako martxa. Non eta Arriaga Parkean, Gasteizko AHTaren geltokia egiteko Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administrazioak eta Gasteizko Udalak aukeratutako tokian. Berrogei lagun inguruk, bakoitzak bere zorroa bizkarrean, Urbinarako bidea hartu dute tren azkarra egiteko zehaztutako bidearen gainetik. Zorro bana, baina helburu bera: AHTaren kontrako jarrera agertzea, irudikatzen duen gizarte garapenarekin desadostasuna adieraztea, egitasmoak eragingo dituen kalteak tokian bertan ikustea, eta herri mugimendu horren arteko loturak estutzea.

AHTaren aurka oihu eginez atera ziren Arriaga Parketik, minutu batzuk lehenago bizitakoa buruan. Arratsalde lasaia izan behar zuena nahastu egin zen, zenbait «gorabehera» zirela medio. Martxarako azpiegitura herriz herri eramateko furgonetatik bi ordenagailu eta proiektore bat lapurtu zizkieten, eta, salaketa jarri ondoren, Ertzaintzak parte-hartzaile gehienak identifikatu zituen Arriaga Parkeko aparkalekuan.

Arazoak arazo, AHTaren aurkakoek bideari ekin zioten. Udako martxa hasi zuten. Ekimena egiteko ideia tren azkarrak pasatu nahi duten herrietatik atera zela azaldu du Hilario Manzanedo AHTaren Aurkako Asanbladako kideak. «Guk egin dugun bakarra izan da nahi hori bideratzea». Atzo Gasteizen hasi, eta Urbina arteko bidea egin zuen martxak, eta, datozen egunetan, toki askotatik igaroko da. Aramaio, Arrasate, Bergara, Angiozar, Elorrio... Bilbora heldu arte. Egun bakoitzean herri horietako lagunek lanen egoeraren berri emango dute.

Gasteizko Asanbladako kideek zehaztu zuten lehen etaparen ibilbidea. Hasieratik bertatik egitasmoak hirian izango duen eragina erakustea zuten helburu. Arriaga Parkeko bolatokiaren ondoan egin zuten bazkaria, gero egin zuten txangorako indarrak hartzeko. «Toki polita izateaz gain, geltoki intermodala hemen egin nahi dutenez, aitzakia ona da martxa hemendik abiarazteko», esan zuen Txikik, Asanbladako Gasteizko kide batek.

Bidea bertan hasi eta Boulevarderako bidea hartu zuten parte-hartzaileek. Bertatik sartu nahi dute tren azkarra, lurpetik, baina, horrez gain, esanahi berezia du antolatzaileen ustez. «Merkataritza gune horrek Gasteizko industrialdea zertan bihurtzen ari den erakusten digu», zioen Unaik, Asanbladako Gasteizko kideak.

Trenbidearen ondotik

Boulevard merkataritza gunea atzean utzi eta gutxira, ezkerrera jo zuen martxak, garai batean Hegoaldeko Trenak jarraitzen zuen ibilbidean egindako bide berdetik. Antolatzaileen ustez, aparteko bidea da Urbinara joateko, tren azkarra egiteko lanen eta AP-1 autobidearen ondotik igarotzen baita. «Biak elkartzen diren lekuan egindako txikizioa ikusiko dugu», esan zuen Txikik.

Bidea hartuta, Urbinan afaria zuten zain, bolatokiaren ondoan. Arratsaldean, Vajont film dokumentala ikustekoak ziren, baina lapurtutako materiala dela eta, bertan behera gelditu zen; 1963. urtean Italiako Vajont urtegian gertatu zen ezbeharra kontatzen dute filmean. Ordea, logura kentzeko moduko istorioak entzun zituzten Urbinako biztanleen ahotan; tren azkarraren lanak hasi zirenetik gertatu zaiena kontatu zuten.

Gauean atseden hartzea derrigorrezkoa dute, oraindik bide luzea baitute aurretik. Irailaren 13an, Santurtzitik Serantes mendira igoko dira, Gasteizen hasitako martxari bukaera emateko.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia