Sobiet Batasuna desegin zenetik, lehen aldia da Txetxenian eta Inguxetian udal bozak egiten dituztela" />

Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 23 - 20:04

mundua;2009-10-13;Putinen alderdiak iruzurra egin duela salatu du Errusiako oposizioak. Sobiet Batasuna desegin zenetik, lehen aldia da Txetxenian eta Inguxetian udal bozak egiten dituztela

Putinen alderdiak iruzurra egin duela salatu du Errusiako oposizioak

Sobiet Batasuna desegin zenetik, lehen aldia da Txetxenian eta Inguxetian udal bozak egiten dituztela

Ixiar Zubiaurre.

Errusiako eskualde eta udal hauteskundeetan gertatutakoa «parodia» hutsa da, Iabloko alderdiaren ustez. Bozetara aurkezten utzi dioten oposizioko alderdi bakanetakoa da hori; hala ere, Sergei Ivanenko Iablokoko presidenteordearen arabera, hauteskunde iruzurra hain izan da nabarmena, ezen emaitzen aurka egiteko asmoa dutela. Ivanenkoren alderdiak hiru eserleku zituen orain arte Moskuko Legebiltzarrean; herenegungo bozetan, baina, ez zuen aski sostengu lortu. Batzarrean ordezkaritza lortzeko, izan ere, gutxienez botoen %7 eskuratu behar direla dio Errusiako legediak. Eta Moskun, soilik bi alderdik lortu dute hori: Errusia Batua alderdi ofizialistak eta Alderdi Komunistak. Oposizioan daude komunistak, nahiz eta jarrera moderatua duten agintean direnekin.

Vladimir Putin lehen ministroaren Errusia Batua ia udal guztien jabe egin da. Behin-behineko emaitzen arabera, halaber, tarte handia atera dio bigarren gelditutako alderdiari. Txetxenian eta Inguxetian berdin; emaitzak oraindik ezagunak ez baziren ere, Errusia Batuak irabaziko zituela zioten aurreikuspenek atzo. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik, bi herrialde horietan egindako lehen udal hauteskundeak izan dira -orain arte presidenteak aukeratzen zituen udaletako kide izango zirenak-. Eta iturri ofizialen arabera, giro lasaian eta normal-normal egin dira; hala, Kremlinek erakutsi nahi zuen irudia gailendu da: urte luzez gerrillaren aurka borrokan aritu ondotik, bi herrialde horietan demokraziak irabazi duela erakusten duena, alegia.

«Errusiako Federazioaren barruan, subjektu heldu bihurtu da Txetxeniako Errepublika. Hala, legezko testuinguruarekin bat egiten du. Garrantzitsua da hori guretzat», adierazi du Salavdi Dzhamilev Grozni hiriburuko alkateordeak. «Hauteskundeei esker, Txetxeniako boterearen adar eta maila guztiak osatzeko prozesua amaitu dugu». Bozak, hala, munduari gerrilla garaitu dutela, eta hortaz, bakea ezarri dutela, erakusteko enegarren ahalegin bihurtu dira.

Ez hori bakarrik, dena dela; udalak hauteskunde bidez osatuta, Moskuk heriotza zigorra indarrean mantentzeko aukera izango baitu. Txetxenia eta Inguxetiako herri epaimahaiak osatzekoak dira, izan ere, udal berriak. Eta horrek, Auzitegi Konstituzionalaren debekua bertan behera uztea ekarriko du: heriotza zigorra indarrean egongo bada, Errusiako 83 errepublika eta eskualdeetan herri epaimahaiak egon beharko dutela dio Konstituzionalak.

Normaltasunetik haratago

Kremlinen aldeko Kaukasoko agintariek saio franko egin badituzte ere, bai Txetxenian bai Inguxetian gauzak bere onera itzuli direla dioten diskurtsoak ezbaian jartzen ditu errealitateak. Hala, hauteskunde egun «normalaren» ostean, Inguxetian zortzi lagun hil ziren gerrillari eta polizien arteko borroketan, atzo. Hildakoetatik bi poliziak dira; gainontzeko guztiak, berriz, gerrillariak.

Dena dela, hauteskunde egunean bertan ere izan zen irregulartasunik. Derbent hirian (Dagestan) ireki behar zituzten 36 bozkalekuetatik heren bat itxita eduki zituzten arratsalde erdialdera arte. Kommersant egunkariaren arabera, halaber, Felix Kaziakhmedov alkateak hainbat bozkalekutako sarbidea blokeatzeko agindu zion Poliziari. Hara bildutakoei euren nortasun agiria kendu zietela eta Kaziakhmedoven aldeko botoa ematera behartu zituztela dio kazeta horrek. Botoen %68rekin, alkatetzan jarraitzea lortu du Kaziakhmedovek.

Errusia Batuak, guztira, botoen %80 lortu ditu udal hauteskundeetan, eta %77 eskualdeetakoan. Parte-hartzea %35ekoa izan da, nahiz eta Moskun abstentzioa handiagoa izan den.

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia