Ā«ETArekin loturaĀ» duten ekimenetan parte hartzea debekatu dio Garzon epaileak" />

Berria.eus

Asteartea, 2014ko uztailak 22 - 13:20

EUSKALHERRIA;2010-04-27;Baldintzapean aske utzi dute Rafa Diez. «ETArekin lotura» duten ekimenetan parte hartzea debekatu dio Garzon epaileak

Baldintzapean aske utzi dute Rafa Diez

«ETArekin lotura» duten ekimenetan parte hartzea debekatu dio Garzon epaileak

Erredakzioa.

Donostia

Baldintzapean aske geratu da Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia. Iazko urritik preso izan duten Estremerako espetxetik (Madril, Espainia) irten zen atzo arratsaldean. Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoaren arabera, «egoera pertsonal-familiarrengatik» utzi dute baldintzapean aske. Espetxea uzteko 30.000 euroko bermea ordaindu behar izan du Diezek, eta, besteak beste, politikan aritzeko baldintzak ipini dizkio Baltasar Garzon epaileak. «ETAk zuzendutako konplexu terroristarekin lotura duten ekimenetan» ezin duela parte hartu dio.

Euskal Herrirako bidaia espetxera joandako LABeko ordezkaritza batekin egin zuen Diezek. Besteren artean, han zen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia.

Diez iazko urriaren 13an atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Operazio hartan beste bederatzi lagun atxilotu zituzten. «ETAk aginduta», alderdi eta eragile abertzaleen arteko elkarlanerako ekimenetan aritzea leporatu zien epaileak. Operazio hartan atxilotutako Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta kartzelara bidali zituen epaileak, Diez ez beste laurak preso daude harrezkero. Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz baldintzarik gabe libre geratu ziren, eta Txelui Morenori, Amaia Esnali eta Mañel Serrari hamarna mila euroko bermea jarri zien. Etxeberria eta Oiz izan ezik, besteak auzipetu egin ditu Garzonek.

«Gizalegezko» neurria

Defentsak martxoaren 8an egin zuen Diez aske uzteko eskaera. Aurkeztutako argudioen artean, «mendekotasun egoeran» duen ama zaindu behar duela azaldu zuen hark. Epaileak ontzat eman du argudio hori eta Diezen espetxe egoera «leuntzeko» neurriak hartzea erabaki du, Zigor Kodeko eta Auzipetze Kriminaleko Legeko zenbait artikulutan oinarrituta. LABeko buruzagi ohiak hamabostero eman beharko dio zaintzaren berri Garzoni.

Defentsak aurkeztutako beste argudioak, halere, atzera bota ditu Garzonek, prozesamendu autoan jasotako «delituzko ekinbideak» errepikatzeko arriskua dagoela argudiatuta.

Hori dela eta, astean bitan ertzain etxera joan beharko du sinatzera eta ezin izango du irten Espainiako Estatutik baimen judizialik gabe.

Albisterik...

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia