Ezker abertzaleak eta EAk sinatutako akordioaren ondoren, Rufi Etxeberriaren ustez, mugimendu independentista beste fase batean sartu da, aldaketa politiko eta soziala irabaztera bideratuta. Rufi Etxeberria. Ezker abertzaleko kidea" />

Berria.eus

Asteazkena, 2014ko abuztuak 20 - 18:31

HARIAN;2010-06-22;EAren ETA EZKER ABERTZALEAREN ARTEKO AKORDIOA. ELKARRIZKETA. Mugimendu independentista izango da indar erabakigarria. Ezker abertzaleak eta EAk sinatutako akordioaren ondoren, Rufi Etxeberriaren ustez, mugimendu independentista beste fase batean sartu da, aldaketa politiko eta soziala irabaztera bideratuta. Rufi Etxeberria. Ezker abertzaleko kidea

Rufi Etxeberria.

Ezker abertzaleko kidea

Ezker abertzaleak eta EAk sinatutako akordioaren ondoren, Rufi Etxeberriaren ustez, mugimendu independentista beste fase batean sartu da, aldaketa politiko eta soziala irabaztera bideratuta.

«Mugimendu independentista izango da indar erabakigarria»

Pello Urzelai.

Andoain

Ezker abertzaleak eta EAk sinatutako akordioaren ahalmen politikoaz konbentzituta dago Rufi Etxeberria (Oiartzun, 1959). Ekitaldiaren biharamunean tarte bat egin du BERRIAren galderei erantzuteko.

Ezker abertzaleak eta EAk igandean sinatutako akordioarekin jarri duzuen mugarria historikoa al da? Badauka aurrekaririk?

Tamaina honetako aurrekaririk ez dago mugimendu independentistaren barruan. Egon dira akordioak, beharbada ezagunena Lizarra-Garazikoa izan da, burujabetzaren aldeko ildoan ahalegin bat suposatu zuena, baina igandean EAk eta ezker abertzaleak sinatutakoaren parekorik ez da egon. Horregatik dauka izaera historikoa. Akordio honen oinarrian dago ibilbide ezberdinak egin dituzten bi eragilek gogoeta bateratua egin izana. Garrantzia dauka gogoeta bateratu horrek zer-nolako erabakia hartzera eraman gaituen, alegia, euskal estatua eratzeko bidea elkarrekin egiteko erabakira eraman gaitu. Horrek sekulako garrantzia du. Ezker abertzalea eta EA akordio honen bidez tresna batez jabetu dira. Tresna hori elkarbide bat egiteko da, estatua sortzeko bide luze horretan. Era berean, akordio hori eskaintza bat da, independentista diren eta helburu euskal estatua eratzea duten guztientzat.

Helburu estrategiko horrez gain, zein dira akordioaren osagai nagusiak?

Ezker abertzalearentzat eta EArentzat akordio hau oinarrizko kanpaleku bat da. Hor gogoeta sakona dago: egungo esparru juridiko eta politikoak, estatu espainolaren eta frantsesaren menpean euskaldunok jasan behar ditugun esparruak agortuta daude. Agortuta dagoen esparruari berri baten beharra planteatzen diogu, bai EAk bai ezker abertzaleak. Horren bila, oinarriak markatzen ditugu, jakitun egungo esparruak bi estatuek gure herriarekiko mantentzen duten ukazioan oinarritzen direla. Ukazioaren esparrutik aitorpenaren eta eskubideen onarpenaren esparrura igarotzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta bide komuna egiteari ekin diogu. Ez hori bakarrik. Esparru aldaketarekin aldaketa politikoa nahi dugu, baina aldaketa politiko hori ezinbestean aldaketa soziala berarekin eraman behar du.

Hasieran aipatu duzu eskaintza bat dela gizartearentzat. Akordioa irekia da? Irekia dago, adibidez, Aralarrentzat edo ABrentzat?

Orain artean EArekin izan dugun adinako sintoniarik gainerako eragileekin ez da izan, eta horrek ekarri du tamaina honetako akordioa EA eta ezker abertzalearen artean gauzatzea. Bi aldeek egin izanak balio hori badu, eta ibilbide baten ondorio da, baina, hala ere, akordio hau, hala idatzi dugu eta bion borondatea hala da, irekita dago. Independentziaren alde eta euskal estatuaren alde diren eragile guztiei irekita dago. Gurea esparru politikoa da, baina beste esparruetan, esparru sindikalean ere, antzeko bidea hartu beharko litzateke, baina bide hori, jakina, bakoitzak bere eremuan egin beharreko lana da.

Esan daiteke mugimendu independentista beste fase batean sartu dela?

Zalantzarik gabe. Gure irudiko, azken 30 urte hauetan Espainiako Estatuak Euskal Herriarekiko erabili duen eta erabiltzen ari den esparru asimilazionista horrek porrot egin du. Ez du lortu abertzaletasuna eta independentismoa asimilatzea. Are gehiago, bide autonomistarekin hasieran sintonizatu zuten hainbat sektore jarrera kritikoan daude esparru horrekin. Masa kritiko hori egunetik egunera zabalagoa da. Estatuen ukazioa eta inposizioa nabarmenagoa delako eta euskal herritarren artean etorkizuna beren esku egotea egunetik egunera borondate gehiago biltzen ari delako. Bide horretan, aurrerantzean, eta aldaketa politikoaren bidean, mugimendu independentistak funtzio nagusi bat beteko du. Gaur-gaurkoz esan daiteke Estatuak eskaintzen duen bide asimilazionista korronte nagusietako bat dela, eta bestea bide independentista da. Mugimendu independentista izango da esparru berriaren bila indar determinantea. Erdibiderik ez dago, jada.

Akordioan, gatazka konpontzeari buruzko atalean, bide politiko hutsen alde jasotzen diren konpromisoek eragina izango dute beste eragileen jarreran, adibidez, ETAren kasuan?

Ezker abertzaleak eztabaida sakon bat egin du. Ezker abertzaleak osorik, ez ezker abertzaleko egitura batek edo bik, baizik eta ezker abertzaleko masa sozialak, milaka lagunek burutu dute eztabaida sakona, eta ondorio batzuetara iritsi dira ere. Ondorio horiek agerian uzten dute ezker abertzaleak alde bakarreko apustua egitearen hautua egin duela. Alde bakarreko apustu horren tresna prozesu demokratikoa da. Finkatu da prozesu hori zein baldintzetan garatu behar den: bitarteko politiko eta demokratikoak erabiltzearen hautua egin du. Horretarako borroka molde zehatz batzuk finkatu ditu. Ezker abertzaleko oinarriak ezker abertzaleko egitura guztiei mandatu bat eman die. Mandatu horrek esan nahi du erabaki horiek egitura guztientzat bete beharrekoak direla. Horrela, gogorarazi nahi dut badirela hilabete batzuk ETA erakundea mintzatu zela ezker abertzalearen erabakiei buruz. Hain zuzen ere, argiki esan zuen: ezker abertzalea mintzatu da, eta ETAk bere egiten ditu ezker abertzalearen hitzak eta erabakiak. Ez da lehen aldia ezker abertzaleak esaten duena ETAk, ezker abertzaleko beste eragileek bezala, mandatu bat jaso duela oinarritik, ezker abertzalearen baitatik. Maila horretan espero den bakarra ezker abertzaleko egitura guztiei bidalitako mandatu hori betetzea da. Aurrera begira, ezker abertzaleak prozesu demokratikoarekin markatzen duen helburu nagusia aldaketa politikoa irabaztea da. Aldaketa politiko eta soziala irabazteko bitarteko politiko eta demokratikoak eta soilik bide hori erabiltzea ezinbestekoa da. Indar metaketa garatu dadin, sektore sozial berriak bil daitezen, eta egungo esparruarekin erabat kritikoa den masa zabal hori biltzeko ezinbestekoa da bide politiko eta demokratikoak eta soilik bide horien aldeko apustua egitea. Beste edonolako apusturik ez dago. Ezker abertzaleak argi du beste edozein bide erabat bateraezina izango litzatekeela aldaketa politiko eta demokratikoa irabaztera zuzenduta dagoen fase berriarekin.

Badirudi hautu horren ondorioak bere gain hartzeak lana ematen diola ETAri.

Jakitun izan behar dugu mugimendu batean, halako sakonerako eztabaida egiten denean, halako sakonerako erabakiak hartzen direnean, eta halako mandatuak markatzen direnean ezker abertzaleko egiturek eta zuzendaritzek horretara egokitzeko denbora behar izaten dutela. ETAk esana du 'ezker abertzalea mintzatu da, eta ETAk bere egiten du haren hitza'. Hortik aurrera ETAri dagokio ezker abertzaleak markatu duen bide hori gauzatzea eta gauzatze hori nola egingo duen erabakitzea. Noski, ezker abertzaleko erakunde bakoitzak egin behar du bere bide propioa.

Akordioan aipatzen da elkarlanerako aukera hauteskundeetan. Datozen udal eta foru hauteskundeetan islarik izango al du akordio honek?

Akordio hau ikuspegi luzekoa da. Guretzat hauteskundeen gainetik kokatzen den akordio bat da. Inolaz ere ez dago hauteskundeei lotuta, baina horrek ez du kentzen mugimendu independentistak erreferente politiko instituzional berrien beharra. Ezker abertzalea eta EA jakitun dira aurrera begira mugimendu independentistak indar harreman berri bat eratu behar duela eta indar harreman berri hori eratzeko indar metaketa berri baten baitan eman behar dela eta, alde horretatik, mugimendu independentistak erreferente politiko-instituzional berria behar duela beste eremutan behar duen neurrian. EAk eta ezker abertzaleak, bere garaian, horren inguruko gogoeta egingo dute.

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia