Epaiketa asteazkenean amaitzea aurreikusten da, eta auzipetuei azken bultzada eman diete herritar eta alderdiek" />

Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 29 - 01:16

EUSKALHERRIA;2010-10-24;Epaiketaren azken txanpan, babes zabala jaso dute Udalbiltzako auzipetuek. Epaiketa asteazkenean amaitzea aurreikusten da, eta auzipetuei azken bultzada eman diete herritar eta alderdiek

Epaiketaren azken txanpan, babes zabala jaso dute Udalbiltzako auzipetuek

Epaiketa asteazkenean amaitzea aurreikusten da, eta auzipetuei azken bultzada eman diete herritar eta alderdiek

Edurne Begiristain.

Gasteiz

Udalbiltzako auzipetuek babes zabala jaso dute azken orduetan, haien aurkako epaiketa azken txanpan sartuko baita bihartik aurrera -asteazkenean amaituko da epaiketa, eta epaiaren zain geratuko da-. Euskal Herriko hainbat tokitan elkarretaratzeak egin zituzten atzo Udalbiltza auzia salatzeko. Udalbiltza aske lelopean, epaituak izaten ari diren 21 lagunentzat absoluzioa eta askatasuna eskatu zuten.

Herritarrekin batera, udal ordezkariek ere parte hartu zuten protestetan. Gasteizen, EA, Aralar, Alternatiba, EAJ eta ezker abertzaleko ordezkari eta hautetsi ohiek elkarretaratzean parte hartzeko deia eginda zuten, eta haiek ere izan ziren atzo udaletxe aurrean egindakoan. Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari pankartaren atzean izan ziren, besteak beste, ezker abertzaleko Iñaki Uribarri eta Amparo Lasheras, EAko Antxon Belakortu eta Fernando Velasco, eta Aralarreko Mikel Basabe eta Iker Vitores.

Gainera, Plazak Bete! Udalbiltza aske! lelopean, Bai Udalbiltzari Sareak antolatutako elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herriko hainbat herritako plazetan. Eskubide zibil eta politikoen defentsan eta elkartasuna adierazteko, Bilbon 300 lagun inguru bildu ziren; Iruñean, 200; Donostian, 300; eta Pasaian, 100.

Urretxun eta Zumarragan, berriz, Udalbiltzaren aurkako auzia salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko giza katea egin zuten. Herritar asko batu ziren ekimenera, eta guztien artean Urretxuko eta Zumarragako udaletxeak lotu zituzten. Amaierako ekitaldian, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poemaren moldaketa bat irakurri zuten Bai Udalbiltzari sareko kideek, eta, azkenik, Joseba Garmendia auzipetuak hartu zuen hitza. Epaiketa amaierara begira «sendo» aurkitzen direla esan zuen, eta azken hilabeteetan jaso dituzten elkartasun adierazpenak eskertu zituen.

Getarian, Zarautzen, Zumaian eta Azpeitian ere elkarretaratzeak egin zituzten eguerdian Udalbiltzaren alde. Horietan ere hainbat herritar bildu zen, tartean udal ordezkariak. Lezon, hautetsi ohiek deituta, dozenaka lagun bildu ziren udaletxe aurrean.

Gaur, berriz, bertso jaialdia egingo da Arrasaten, Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna agertzeko. Amaia antzokian izango da ikuskizuna, 18:00etan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistek hartuko dute parte: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegik. Josu Goikoetxea izango da gai-jartzailea. Bertso jaialdian lortutako dirua auziak eragindako gastuei aurre egiteko izango da.

Epaiaren zain

Udalbiltzaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketaren azkeneko saioak izango dira bihar, asteartean eta asteazkenean. Froga dokumentalak, aldeen kalifikazioak eta ondorioak aurkeztuko dituzte, eta epaiketa amaitutzat emango da asteazkenean bertan. Epaiaren zain geratuko da orduan Udalbiltzaren aurkako epaiketa. 21 lagun daude auzipetuta, eta 10 eta 23 urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat akusazioek, Euskal Herriko aurreneko nazio instituzioan egindako lana ETAren zerbitzura egin zutela leporatuta.

Fiskaltzaren eta Dignidad y Justiciaren akusazioz iritsi ziren epaiketara uztailean 21 auzipetuak. 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak ez ezik, Udalbiltza, Udalbiltza Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uztea ere eskatzen dute. Nolanahi ere, oraindik ez dute Udalbiltza eta ETA lotzeko moduko frogarik edo lekukotzarik aurkeztu.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia