Berritasun gutxiko kanpaina izan da aurtengo hau, herritarren iritzian; asko dira hiruko koalizioarekin aspertuta daudenak, baina oso gutxi haren alternatiba argi bat ikusten dutenak." />

Berria.eus

Asteartea, 2014ko uztailak 22 - 17:25

HARIAN;2010-11-28;KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK (VI). Garai berria noiz iritsiko zain. Berritasun gutxiko kanpaina izan da aurtengo hau, herritarren iritzian; asko dira hiruko koalizioarekin aspertuta daudenak, baina oso gutxi haren alternatiba argi bat ikusten dutenak.

Berritasun gutxiko kanpaina izan da aurtengo hau, herritarren iritzian; asko dira hiruko koalizioarekin aspertuta daudenak, baina oso gutxi haren alternatiba argi bat ikusten dutenak.

Garai berria noiz iritsiko zain

Ane Urrutikoetxea.

Bartzelona

Bozketa egunaren atarian, alderdien kezka handiena inkestek iragarritako abstentzio altua da. Horrek alderdi txikienak indartuko ditu, eta boterea banatu beharko duten beldur dira alderdi nagusiak. Herritarrak, berriz, kexu dira ez dakitelako zein diren haien programak eta hautagaien asmoak. Gener Salicru 30 urteko historialariaren iritziz, aldaketa gauza automatikoa izango da: «Hauteskunde hauek ez dira aurrekoen ezberdinak izango, eta horrek ez luke horrela izan behar; azken hilabeteetan gertatutakoak politikarien jarrera aldatu beharko zukeen. Ziur naiz aldaketa gertatuko dela eta CiU berriz ere boterera igoko dela; izan ere, politika ziklikoa da, eta hirukoaren denbora amaitu da. Ez dago besterik».

Alderdiek elkarri leporatzen diote herritarren behar eta eskaerak ahaztu eta interes propioak defendatzea. Kataluniako biztanleek, baina, ezer gutxi esan dezakete bozketa egunera arte, eta oraindik bada oso argi ez duen jendea; esate baterako, Jordi Selva 22 urteko soinu teknikariak ez du erabakirik hartuko azken momentura arte: «ERCkoek huts egin dutela iruditzen zait. Horregatik, baliteke Joan Laportaren Solidaritat Catalana alderdiari botoa ematea; egia esan, oraindik ez daukat argi».

Dena den, independentziaren auzia ez da, zenbait alderdik esaten duten bezala, bigarren mailako gaia. Bai alde daudenentzat, bai aurkakoak direnentzat, berandu baino lehen konpondu beharreko gatazka da. Joan Ramon Pla 25 urteko biologoaren ustez, CiUren gobernuak ez du aurrerapenik egingo gai horretan: «Generalitate berrituak egin beharko lukeena litzateke hizkuntza eta kultura kanpora atera, eta herrialdean aire berria sartu, eta hori ez da CiUren profila. Baina jendeak uste du CiUk, dirua duen alderdi bat izanik, Kataluniako ekonomia susper dezakeela. Ez zait bereizkeria gustatzen, baina, nire ustez, independentziaren gaia behingoz konpondu behar litzateke, gizarte kaskar honi arnasa emateko».

Desengainatuta

Abstentzioa ez da soilik hiritarren interes ezarekin lotutako arazoa. Zenbait herritarrek aipatu dutenez, politikariek desengainatu egin dituzte, eta ez dira haietaz fidatzen. Batez ere Estatutuaren murrizketak eragin du haserrea. Bestalde, alderdi txikiek ere ez dute erabateko arrakasta lortu etsita daudenen artean; batzuen ustez, alderdi horiei heldutasuna falta zaie, oraindik ez dutelako erakutsi benetan zenbateraino beteko luketen esandakoa. Pau Bragulat 20 urteko ikaslearen ustetan, alderdiek gazte jendearengan bilatu beharko lukete babesa: «Alderdiek uste dute gazteok ez dugula interesik politikan, eta hori oker larria da. Gazteok badugu zer esanik gizartean, eta, horregatik, alderdi txikienek dute arrakasta gure artean. Orain gorakada nabarmen lortu duena Solidaritat Catalana izan da».

Badira koalizioarekin nahiko kontent azaldu direnak. Dena den, hirukoaren hutsik nabariena elkarlan eskasa izan da gehienen ustez, eta Generalitatearen hutsik larriena, Estatutuarekin gertatutakoa. Horrez gain, askok adierazi dutenez, Jose Montilla PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiko buruak ez du arrakastarik izan herritarren artean. Nuria Gresa 28 urteko irakaslearen iritziz, berekoiegiak izan dira alderdiak: «Hiruko gobernua osatzen duten alderdiek ondo burutu dute beren lana banan-banan, baina elkartzerako orduan ez dira ados jartzeko gai izan, eta horrek erre egin du jendea». Dena den, asko dira aurrekoaren berdina ez den koalizio bat onartzeko prest leudekeenak; gehienek CiU eta ERC alderdien arteko akordioaren alde agertu dira, sozialistak balizko koalizio horretatik kanpo utziz.

Hauteskunde hauetan jendearen arreta erakartzeko diseinatutako iragarki ausartak erabili dituzte alderdi gehienek, era batera edo bestera abstentzioa leuntzeko asmoz. Herritarrengan, ordea, eragin txikia izan dute iragarki horiek. Victor Albadalejo 24 urteko kazetariaren ustetan, jendeak ez du botoa erabakitzen iragarkien arabera: «Krisia izan da guztien leloa, baina gero ez dute dirurik aurreztu hauteskunde kanpaina egiteko orduan, eta paper asko erabili dute alferrikako botoak eskuratu nahian».

Albisterik...

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia