Berria.eus

Larunbata, 2014ko uztailak 26 - 17:10

2011-07-23

Tortura. Garzonen kontrako kereila. Anabel Prieto eta Mikel Saratxo. Atxilotuak

Hodi antzeko bat sartu zidaten aluan; bortxatzaileak ere badira

Hiru urte bete dira Anabel Prieto eta Mikel Saratxo atxilotu zituztenetik. Bost egunez tratu txarrak jasan zituztela diote, nahiz eta torturaren prebentziorako protokoloa ezarri zieten.

Iraia Oiarzabal Bilbo

BERRIA

Anabel Prieto eta Mikel Saratxo 2008ko uztailaren 22an atxilotu zituen Guardia Zibilak, beste zazpi lagunekin batera. Bost egun inkomunikatuta egon ostean, tortura gogorrak salatu zituzten. Torturaren prebentziorako protokoloa ez errespetatzeagatik, kereila kriminala jarri dute Auzitegi Gorenean, eta beharrezkoa den tokietara joko dutela adierazi dute. Inkomunikazio garaia, ordea, nekez ahaztuko dute.

Zuen kasuan, tortura saihesteko protokoloa ez zela bete salatu duzue. Zertan huts egin zuen?

Anabel Prieto: Atxiloaldian egindako grabaketetan ikus daitekeen bakarra da ziegatik nola ateratzen eta sartzen gintuzten. Ez dago galdeketen edo miaketen irudirik. Gu polizia etxean 24 orduz egon ginen, baina soilik segundo txiki horiek grabatu zituzten. Ez da agertzen momentu batean ere galdeketen irudirik, ezta gure etxeetan egindako miaketen irudirik ere. Eta protokoloaren arabera, atxiloaldiak iraundako denbora osoan hartu behar zituzten gure irudiak.

Mikel Saratxo: Protokoloan medikuaren bisiten eskubidea jasotzen den arren, ez nuen konfiantzazko medikuaren bisitarik izan bigarren egunera arte. Gainera, etortzen zen bakoitzean, auzitegiko medikuarekin etortzen zen. Horrek erabat baldintzatzen zuen konfiantzazko medikuari esan ahal niona.

Tratu txarrak salatu dituzue. Nolakoa izan zen tratua atxiloaldian?

M.S.: Nire kasuan, goizeko lauretan sartu ziren etxera; lo nengoen, eta familia ere bertan zegoen. Miaketa egin ostean, Madrilera abiatu ginen. Bidaia osoa kolpe eta mehatxu artean egin nuen, eta Madrilera iritsi ginenean esan zidaten: Hau asko iruditu bazaizu, orain dator dibertigarriena.

Tres Cantoseko komandantzian, bost egunez egon nintzen inkomunikatuta, eta tortura fisiko zein psikologikoak jasan nituen. Familiaren aurkako mehatxuak egin zizkidaten, baina nahiko ondo eutsi nion horri. Tortura fisikoari dagokionez, poltsa jarri zidaten, jo egin ninduten... Ez dakit zer izan zen gogorrena; azkenean dena ziklo bat da, eta guztia batzen denean, iristen da momentu bat lur jota zaudena.

A.P.: Ni beste bi pertsonarekin batera atxilotu ninduten. Hasiera bera oso bortitza izan zen: atea bota zuten, eta ohetik atera ninduten kolpe batez. Irudi hori ez dut burutik kenduko: erdi biluzik nengoen, hormaren kontra, eta ez zidaten janzten uzten. Konturatu nintzen okerrena hastera zihoala. Madrilerako bidaian eta inkomunikazio garaian bortxatuta sentitu nintzen. Uneoro ukitzen ninduten, eta biluztera behartu ninduten. Mehatxuak etengabeak ziren, familiarekin, lagunekin eta une horretan espetxean zegoen bikotekidearekin. Hala ere, gogorrena Madrilen egindako simulazioa izan zen, hodi antzeko bat sartu zidaten aluan. Hori oso bortitza izan zen. Guztia irrien eta hitz umiliagarrien artean. Torturatzaileak izateaz gain, niretzat bortxatzaileak ere badira, dena batera doa.

Inkomunikazioa amaitzea tortura bukatzeko gakoa dela esan duzue. Zergatik?

M.S.: Protokoloa ez betetzeagatik jarri dugu kereila. Baina horrek ez du esan nahi protokoloa betez gero tortura amaituko litzatekeenik. Azken finean, protokolo hori tortura mantentzeko diseinatuta dago. Inkomunikazioa existitzen den bitartean, tortura existituko da, protokoloak protokolo. Inkomunikazioak bost egunez desagerrarazten zaitu, ez zara existitzen. Hutsune bat dago espazioan eta denboran, eta, beraz, zurekin nahi dutena egin dezakete. Horregatik, tortura bukatzeko, inkomunikazioa, denbora hutsune hori desagertu behar da.

Salaketa honen aurrean, zer espero duzue?

A.P.: Espero dugu aurrera egitea. Hasieran tramitazioa Espainian egingo dugu, eta aurrera ez badoa, Europan aurkeztea planteatuko dugu, ondorioak izan ditzan. Azken finean, Espainiako Estatuko justiziaz ezin da lar espero.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia