Berria.eus

Osteguna, 2014ko abuztuak 21 - 10:13

2011-11-03

Nafarroan AHTa egiteko motiboak politikoak direla salatu dute

EHUko ikertzaile talde batek tren lasterrari buruz txosten bat egin du, Sustrai Erakuntza fundazioaren eskutik

Ander Perez Iruea

Alejo Etxart, Roberto Bermejo, Pablo Lorente, Xabier Zubialde eta Joseba Menedo, atzo, Iruean. / J.MANTEROLA/ ARP

AHTa Nafarroan motibazio politikoengatik bakarrik egin nahi dutela ondorioztatu dute Sustrai Erakuntza fundazioak argitaratutako txosten batean. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Alejo Etxart, Roberto Bermejo eta David Hoyos ekonomistek egin dute AHTaren errentagarritasun sozial eta ekonomikoaren inguruko azterketa. Lehenbiziko biak atzo Iruean izan ziren txostena aurkezten.

Sustrai Erakuntzako hiru kide izan zituzten ondoan aurkezpenean. Xabier Zubialde zen horietako bat, eta adierazi zuenez, AHTaren errentagarritasunaren inguruko lan seriorik ez egoteak bultzatu du Sustrai Erakuntza administrazioek egin beharko luketen azterketa egitera. Izan ere, adierazi zuenez, era honetako bi ikerketa baino ez dira egin orain arte. Lehenbizikoa 1999an egin zuen Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak, baina ondorioak sekula ez zituen argitaratu. Zubialderen esanetan, horrek erakusten du ikerketa hori bultzatu zuenari ondorioetako zerbait ez zitzaiola gustatu. Bigarren ikerketa Nafarroako Gobernuak eskatu zion MECSA enpresari, eta iaz aurkeztu zuten, administrazioak egitasmoa onartu eta sei urtera, beraz; Gaizki eta berandu. Gainera, txosten horrek AHTaren onurak baino ez zituela biltzen salatu du Sustrai Erakuntzak. Zubialderen esanetan, Nafarroako Gobernuak txosten horrekin mezu bakar bat helarazi nahi zuen: Mezu argia zen: 'AHTa edozein preziotan egin behar da'.

Nafarroan tren lasterrak onura gutxi ekarriko duela dio Roberto Bermejo EHUko katedradunak: Ez du esaten dutenerako balioko: motibazio politiko hutsa dago haren atzean. Hori da, hain zuzen, argitaratutako txostenean azaleratu duten ondorio nagusia. Izan ere, txostenean gogora ekartzen dutenez, 2007an PSNk UPNri Nafarroako Gobernuan jarraitzeko bermea eman zionean eman zitzaion AHTari bultzada instituzionala Espainiako Gobernutik. Horrek argi uzten du egitasmoa interes politikoen trukearen mendekoa dela, txostenaren egileen ustez.

Nafarroan AHTa ekonomikoki ez dela errentagarria izanen ere ondorioztatu dute txostenean. Are gehiago; Nafarroari egitasmoa ez zaio doan aterako, Sustapen Ministerioak zehaztutako aurrekontutik haratagoko gastuei aurre egin beharko dielako. Egitasmoaren kostua hasieran espero zitekeen baino altuagoa izanen dela ekarri dute gogora ikertzaileek, eta Zaragoza-Iruea-Euskal Y konexioak hasieran zehaztutakoa baino 1.300 miloi euro gehiagoko kostua izanen duela nabarmendu dute: 3.274 miloi euro, orotara. Zentzugabekeria da halako dirutza xahutzea Madrilera 30 minutu lehenago iristeko, azaldu du Bermejok. Halaber, Alejo Etxart EHUko ekonomialariak zalantzan jartzen du gastua. Zer eta AHTaren alde egiten den bitartean, oinarrizko zerbitzu publikoak murrizten ari dira.

AHTaren kontrako arrazoiak

Sustrai Erakuntzak argitaratutako txostenean kontra egiten die administrazioak egitasmoa martxan jartzeko emandako arrazoiei. Lehenik eta behin, proiektuak Nafarroako gizartearen kohesioari ez diola mesederik eginen ondorioztatu du, populazioaren gehiengoak aurre egin beharko baitio gastuari, irabazi ekonomiko altuagoa duten bidaiari gutxi batzuen onurarako. Trenak lurralde kohesioari ere kalte eginen diola uste dute ikertzaileek, hiriburuak bakarrik lotuko baititu —Tuterak geltokia izanen duen ere zalantzan dago oraindik—. Era berean, tren lasterrak igaroko dituen herriek orain arteko tren zerbitzua gal dezaketela gogoratu dute. Gainera, eta AHTaren bultzatzaileek esandakoaren kontra, proiektuak orain arteko garraio falta ez duela beteko uste dute txostenaren egileek. Bestalde, Madril edota Bartzelona polo ekonomikoen eraginez Irueko gune ekonomikoari kalte egingo zaiola uste dute, eta trenak Nafarroan eragin ekologiko handia eraginen duela nabarmendu dute. Azkenik, dudan jarri dute ibilbidearen malda dela-eta trenak Nafarroan merkantzia kopuru handiak garraiatzeko gai izanen den.

Ondorio horiek guztiak mahai gainean jarrita, lehentasunak egungo trenbide arrunta modernizatzea izan behar lukeela pentsatzen du Sustrai Erakuntzak. Era berean, proiektuaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du fundazioak.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia