Berria.eus

Osteguna, 2014ko uztailak 24 - 21:22

2012-02-22

Israelen atxilotze politikaren erakusle

Khader Adnan preso politiko palestinarrak gose greba utzi du 66 egunen ondoren, apirilaren 17an aske utziko dutela hitzartuta

Tel Aviven sistema judizialean zirrikitu bat ikusten hasi dira lehen aldiz ekintzaileak

Ane Irazabal Ramallah

Zartatu al dezake preso batek okupazio militarrak inposaturiko atxiloketa sistema? Ezetz zirudien, eta Israelek hala jakinarazi du azken 40 urteetan. Atzoko erabakiak, ordea, ez du horrela erakusten. 66 egunez gose greban egon ostean, Khader Adnan preso palestinarrak bere helburua lortu du, hein handi batean. «Aske izateko eskubidearen aldarrikapena izan da gose greba, eta Israelek palestinarron kontra erabiltzen duen atxiloketa administratiboa agerian utzi du», adierazi du Murad Khadallah abokatuak.

Duela bi hilabetetik, egunak zehaztasun bereziz kontatzen ibili dira palestinarrak. Abenduaren 17an preso hartu zuten Adnan, atxiloketa administratiboa egotzita, eta bigarren egunean jada jateari utzi zion. Jihad Islamikoko bozeramaile ohia izaki, ez zen atxilotu zuten ezta kartzelan gose greba bat hasi zuen lehen aldia. Oraingoan, baina, amaierara arte jarraitzea erabaki zuen Janingo gazteak.

Ordutik, bere borroka auzitegietara ere zuzendu zuen, baina denek eman zioten bizkarra. Otsailaren 13an Auzitegi Militarrak Adnanek aurkezturiko apelazioa ezeztatu zuenean geratu zen Israelen gelditasuna agerian. Moshe Tirosh epaileak «orekatutzat» hartu zuen erabakia, esku artean zuten material sekretuan oinarrituz, eta atxiloketa administratiboaren iraupena bere horretan mantentzea erabaki zuen; maiatzaren 8ra arte, alegia. Material sekretuaren edukiaz ez dute ezer jakin Adnanek eta haren abokatuek. Israelgo Auzitegi Gorenean apelazioa aurkeztea erabaki zuen orduan presoak, baina ez da beharrezkoa izan.

«Arrazoia? Israelentzat eskandalu bat izango litzateke Adnan horrela hiltzea, zergatik atxilotu zuten ere argitu gabe», adierazi du George Rishmawi kazetari palestinarrak.

Bazirudien Adnan hiltzeko arriskuak ez ziola buruhausterik sortzen Israelgo Gobernuari, baina kezkak egon bazeuden. Khadallahak horrela azaldu zuen egoera, akordioa iragarri baino lehenago: «Atxiloketa administratiboa arma boteretsua da Israelen eskuetan. Adnan aske uzteak zauri bat eragingo luke sisteman».

Hain zuzen, indarren arteko orekan oinarritu da Israelgo Justizia Ministerioak eta Adnanen abokatuek egin duten akordioa. «Ez da bat-batean aske geratuko, baina apirilaren 17an, atxiloketa administratiboaren iraupena amaitu baino lehenago, libre geratuko da. Horren truke gose greba uztea erabaki du», adierazi du Rishmawik. Khadallahk ere argi dauka: «Israelek ez du aurrekaririk sortu nahi, eta horregatik, erdiko bidea bilatu du». Askoren ustez, ordea, 40 urtez mugiezin mantendu den sistemari lehen zauria eragin dio gose grebak.

309 presoren egoera

1967ko gerraren ondotik ezarri zuen Israelek atxiloketa administratiboa, lurralde okupatuetan inposaturiko legedi militarrari jarraiki. Xedapen hori jarraituz, mugarik gabe preso eduki daitezke palestinarrak, epaiketarik egin eta kargurik erakutsi gabe, segurtasun nazionalarentzat mehatxu bat izatea egotzita. Gaur egun, 309 palestinar daude atxiloketa administratiboaren pean. Horietatik 23 Palestinako Batzorde Legegileko kideak dira, iragan hilabetean atzeman zuten Aziz Dueik PBLko presidentea barnean sartuta.

Adnanen osasunak, baina, ezin zuen gehiago itxaron. Presoak hasieratik uko egin zion Israelgo medikuntza sistemari, baina Giza Eskubideen Aldeko Fisikoak erakunde israeldarrak argi salatu zuen Safedeko ospitalera eginiko azken bisitan: une batetik bestera ikusmena galdu, bihotzekoa izan edo hil zitekeen.

Bitartean, lurralde okupatuetako palestinarrek ezer egin ezinda begiratu diete azken egunetako trikimailu politikoei. Manifestazioak eta protestak antolatu bai, baina horien eraginaren indarra eskasa izaten ari zela onartu dute askok. «Ahul sentitzen gara. Khaderrek behar gaituela badakigu, baina ezin dugu ezer egin bere bizitza babesteko», adierazi zuen iragan astean Ramallahen egin zen manifestazio bateko antolatzaileak.

Hori dela eta, nazioarteko komunitateari dei egin zion Addameer Giza Eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakunde palestinarrak. Nazioarteko legedia eskuan hartuta, Europako Batasunari, Nazio Batuen Erakundeari eta Gurutze Gorriari deialdia zabaldu zien «berandu baino lehen» eskua hartzeko. Ez da ekimen bakarra izan. Iragan astean mundu zabaleko milaka ekintzailek ere nazioarteko kanpaina bat abiarazi zuten Adnani babesa erakusteko. Horien artean, 1980ko hamarkadan gose greba luzea egin zuen Tommy McKearney IRAko kide ohia dago.

PAN Palestinako Aginte Nazionala, bien bitartean, isilik eta geldirik mantendu da, eta joko politikotik kanpo utzi dute, beste behin.

Orain, akordioaren ondorio politikoak aztertzeko garaia dela diote ekintzaile palestinarrek. Aurrekaria edo salbuespena? Rishmawik argi dauka: «Ez dakigu beste preso batzuek ere bide bera egingo duten, baina lehen aldiz okupazioaren sistema judiziala pitzatzea lortu dugu».



 

Egiptok agindutakoa baino erregai gutxiago bidali du Gazara

Gazako zentral elektriko bakarra geldirik dago otsailaren 14tik, eta atzo Egiptok bideratutako 300.000 litro erregairi esker egunean bi ordu gehiagorako argindarra ziurtatu dute behin-behinean. Hemezortzi ordu egoten dira egunean argindarrik gabe, eta epe luzerako irtenbiderik ez badute, krisi humanitario larriari egin beharko diote aurre: ospitaleak hortxe-hortxe daude, eta ur bonbek gaitasunaren %40 galdu dute dagoneko, beste arazo batzuen artean.

Egiptok atzo bidalitakoa, berriz, ez da agindutakoa. Iganderako 600.000 litro erregai bideratuko zituela esan zuen, baina tunelak ez direla-eta seguruak Sinaiko zentralaren bidez zabaltzeko asmoa du.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia