Berria.eus

Osteguna, 2014ko abuztuak 21 - 20:01

2012-02-26

Pernando Barrena. Ezker abertzaleko kidea

Iraganeko gure jarrera batzuen autokritika zintzoa egin dugu

Ezker abertzaleak jarrera gaurkotua, landuagoa, zehaztuko du gaur Kursaalean, eta, gainera, hainbat puntutan planteamenduak eta erantzukizun propioak onartuta, Pernando Barrenak aurreratu duenez.

Koldo Aldabe Andoain

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Donostiako Kursaalean gaur eguerdian egingo duen ekitaldian ezker abertzaleak proposamen zehatzak aurkeztuko ditu. Elkarrizketa honetan proposamen horiek azaldu ditu Pernando Barrenak (Berriozar, 1965).

Euskal Herrian bakea eta jokaleku demokratikoa eraikitzeko beste ekarpen bat egingo duzue igandean [gaur]. Zertan datza?

Politika kontuak oso abiada bizian doaz. Baina oraindik gaude Aieteko konferentziaren eta ETAren adierazpenaren ondoko unean. Horrek guztiak jokaleku berri bat ireki du, eta horri guztiari gehitu behar zaio gobernu berri bat dagoela Madrilen. Ekitaldi honekin, ezker abertzaleak nahi du gatazka gainditzeko prozesuan, normalizazioan, bake prozesuan, bere posizioa birkokatu eduki zehatz batzuekin eta, era ordenatuan, hainbat kontu berri plazaratu. Diogu konponbide integralaz hitz egin behar dugula, ondorioez eta gatazka politikoaren irtenbideaz. Testuinguru horretan ezker abertzalearen jarrera gaurkotua, landua, zehaztuko da, eta hainbat puntutan erantzukizun propioak onartuta.

Bost ardatz izango dituen adierazpena aurkeztuko duzuela esan zenuten. Bakea da horietako bat, oraindik lortzeke dagoen helburua.

Zenbait ari dira esaten ETAk jardun armatua utzi ostean ez dagoela gatazkarik edo zer konpondurik: Bakea heldu da, ari dira esaten. Guk egingo dugu konstatazio bat, eta izango da bakearen aldarrikapen bat ezker abertzalearen ondare gisa, baina argi utzita gatazka politiko bat badagoela herri honetan pairatu dugun eta oraindik pairatzen ari garen biolentzia guztiaren atzean. Bakea, beraz, ez da heldu. Heldu dena da ETAk hartu duen erabaki bat beste fase politiko bat abiatzeko. Baina aste honetan ikusi dugu euskal herritar askorentzat bakea oraindik ez dela heldu; atxiloketak ez dira amaitu, eta iraganeko eskema errepresibo guztiek bere hartan daude.

Gatazkaren ondorioentzako erantzuna da beste ardatz bat.

50 urtez gatazka bat irekita eduki du ETAk, eta horrek eta Estatuaren biolentziak ondorioak utzi dituzte: 700 preso politiko ditugu, eta alde guztiek erabilitako biolentziak eragindako biktima guztiak. Testuinguru politiko honetan, eta ETAk jardun armatua uzteko erabakia hartu duen honetan, hitz egin beharra dago nola bukatzen den ETAren jarduera armatua ere; beraz armez eta desmilitarizazioaz ere hitz egin behar da. Herri honetan, gatazka armatu baten aitzakian, polizia presentziaren hipertrofia bat dago. Ratioak itzelak dira, Europa osoko handienak, eta horretaz ere hitz egin behar da.

Biktimen aitortza sustatzea ere planteatu duzue.

Gai horri ezker abertzaleak ikuspuntu propiotik heldu nahi izan dio, eta berrikuntza esanguratsuak daude. Askotan esan dugu prozesu berri hau ezaugarritu dela aldebakartasun filosofiatik. Aldebakartasun filosofia horri heldu dio berriro ezker abertzaleak, arerio politikoaren posizioa zein delarik ere. Eta orain, ezker abertzaleak azalduko du posizio garbi bat, errespetua adierazita herri honetan izan diren biktima guztiei, argi eta garbi esanda biktima horiek guztiek aitortza eta erreparazioa behar dutela; gure ustez, horrelakorik berriro gerta ez dadin, bermerik onena eta sendoena baita egoera hori sortu duen gatazka bera akordio politiko batez amaitzea, eta ezker abertzaleak, berari dagokion erantzukizunaz, dokumentu horretan azaldu egingo du zer jarrera hartu behar duen. Alegia, ezker abertzaleak erantzukizun propioak onartuko ditu biktimen aitortzari eta erreparazioari dagokienez, lehenengo eta bigarren mailako biktimak bereizteko saioetatik ihes eginda.

Leporatu izan zaizue alde bateko biktimak ahanzturan edukitzea, haiek iraintzea ere bai; horren inguruan hausnarketa bat egin duzue?

Agerikoa izango da. Iraganeko gure jarrera batzuen autokritika zintzoa egin dugu. Hemen bizi izan dugun egoeran, oraindik ere bagauden egoera honetan, biktimak bi aldetik behintzat sortu dira, eta ulergarria ere bada kolektibo bat, bere barruan biktimak dauzkanean, bereez bakarrik arduratzea eta kezkatzea. Baina garai heldu denean biktima horiek eragin dituzten eskema politikoak aldatzeko eta denon elkarbizitza eta elkarkidetasuka ahalbidetuko duten beste eskema batzuetaz hitz egiteko, alde guztiek beharra daukate ikuspegi kritiko bat mahai gainean jartzeko eta esateko: niri dagokidanez, esan behar dut hau, hau eta hau.

Adiskidetze fasea abiatzea urrun ikusten duzu?

Kostatuko da; ez dezagun ahatz gauzak abiada bizian badoaz ere orain onartutzat jotzen ditugun gertakizun batzuk duela oso gutxi jazo direla. Horregatik denbora beharko da, batez ere barne-muinean min handiz txertatu diren sufrimenduak direlako.

Egiaren batzorde bat behar da korapilo hau askatzeko?

Bai. Gure adierazpenean norabide horretan saiatuko gara esaten hemen gertatu diren gauza asko testuinguru ilunetan gertatu direla, erantzuleak askotan ez direla ezagunak, zehazki gauzak nola gertatu diren ere ez. Horiek denek egiaren aitortza beharko dute. Horregatik beharrezkoa izango da denon artean lan bat egitea, egia ezagutzeko. Ez bakarrik terapia gisa, baizik eta alde bakoitzak izango duen egia propioa ekarriz egia erabatekoa edo egia borobil eta orokor bat, denona izango dena, osatzeko. Azken finean hori izango delako bermerik sendoena iraganeko gertakizunak berriz gerta ez daitezen.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak zuzeneko harremanak izan ditu ETArekin, haren erabakiak atzera bueltarik ez duela ziurtatu du, eta ETArekin gai teknikoez mintzatzen hasteko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Orain erabat logikoa litzateke gatazkaren ondorioei heltzea. Hori elkarrizketa bidez baino ezin da egin. Karga politiko handiko gaiak dira, baina funtsean gai teknikoak dira. Denok ados gaude desarmeak gertatu egin behar duela, baina hori modu adostu, ordenatu eta hitzartu baten bidez egin behar da, kontraprestazio diskurtsoetatik urrun, baina modu ordenatuan. Elkarrizketak, kontaktuak, deitu nahi duzun bezala, baina hor harreman batek egon behar du gauzak nola egingo diren zehazteko. Beste herrialde batzuetan izandako esperientziek erakusten digute nahi denean posible dela, bitartekoak bilatzen direla eta guztiz eginkizun bideragarria dela.

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, berriz, elkarrizketa politikoa abiatzeko elkarrizketak hasteko eskatu zuen. Noiz iritsiko da fase hori?

Elkarrizketak aurrera eramateko guztiz beharrezkoa da aldez aurretik erabakitzea hainbat kontu ia-ia metodologikoak direnak. Horretaz ari da Harremanetarako Taldeaz elkarrizketari buruzko elkarrizketak abiatzeko eskatuta. Ezker abertzaleak bere esku duen guztia jarriko du hori posible izan dadin, baina, orain, gatazkaren ondorioen afera horietan dago presako agenda. Bi arrazoirengatik: batetik, badaude egoera batzuk giza ikuspegitik guztiz larriak direnak, gehienbat presoei dagozkien gauzak; bestetik, behar hori badago mundu guztiak onartuta daukalako hori guztia ongi konpondu ezean zailtasun handiak izango direla elkarrizketa politikoak martxan jartzeko.

Espainiako Gobernua, PP, geldi dago, ordea.

PPk pentsa dezake orain heltzen badio presoen aferari, biktimen erreparazioari, desarmeari… gatazkaren ondorioen karpeta osoari heldu, konpondu eta ixten badu, ondoren elkarrizketa politikoa datorrela, eta alderdi popularrak eskema politikoari heltzea dio benetako beldurra, alor horretan PP ahula baita.

Baina deseroso ikusten al duzu Mariano Raxoi?

Raxoiz bainoago hemengo PPz ari naiz, eta uste dut hemengo PP hori ari zaiola transmititzen Madrilgoari: deusetan mugitzen ari ez den Espainiako PPk izugarrizko kaltea egiten dio EAEko PPri, bi arrazoirengatik: beraien jendeak eskatzen diolako, esan dietelako: Aizue, gu oso espainiar gara, baina hemen aspaldian ez zegoen giro bat sortzen ari da, eta guk ere hori aprobetxatu behar dugu, hori guztia ixteko eta beste klabe batzuetan pentsatzen hasteko. Bigarrenik, interes politiko elektoral hutsengatik; hemengo PPk bilatu egin nahi du, eta horretan bat egiten du Urkulluren EAJrekin, akordio bat post-autonomikoen kudeaketarako, balizko gobernua osatzeko, eta EAJk behar du horretarako bake prozesuaren testuinguruan aurrerapausoak eman dituen PP bat.

Euskal presoek banan-banan egindako eskariei ezezko globala eman die Gobernuak. 'Langraizko bidea' besterik ez du ikusten Barne ministroak.

Barne ministroari esan behar zaio 'Langraizko bidea' dagoeneko ez dela existitzen. Langraizko bidea deituak bi hanka zituen: bata, preso batzuei irtenbide bat bilatu behar zitzaien. Bestea, berriz, presoen kolektiboak bazeukan posizio bat inongo bide berririk onartzen ez zuena. Testuinguru politiko berrian, preso politikoen kolektiboak erabaki batzuk hartu ditu. Eta onartu egin duenean izaera kolektibo baten barruan irtenbide indibidualak emango direla, eta, ondorioz, hasi direnean eskaera indibidualak egiten, Langraizko bidea lehertuta geratu da.

Aste honetako atxiloketen harira ere esan dute ez dituztela polizia operazioak geraraziko.

Hori mehatxu gisa planteatu nahi badute, gure erantzunak izan behar du, haiek zer nahi egiten dutela ere, guk ez dugula inondik ere gure ekimen eta ekinbide politikoa geldituko. Jarrera horri eman dakiokeen erantzunik sendoena da herri honetan jokaleku berria ahalbidetu duten ekinbide eta ekimenetan sakontzea eta aurrera jarraitzea.

Udaberria igaro arte eutsiko ei dio Raxoik immobilismoari?

Denetariko zurrumurruak iristen dira, baina ez diogu horri erreparatu behar. Aitzitik, etengabe mahai gainean jarri behar dugu planteamendu hau: hemen erabaki garrantzitsuak hartu dira, egoera politiko berri bat sortzen ari da, egoera horrek gizarte osoari, lehenengo herritarrarengandik hasi eta azkenekoraino, onurak dakartza; izugarrizko etekin sozial handiak dakartza, eta ahalik eta lasterren ez badiogu gatazkaren ondorioen agendari heltzen, gero eta gehiago ari gara atzeratzen etekin eta onura horiez gizarte honek disfrutatu ahal izateko garaia. Dagoeneko ez da batek urratsik ez badu egiten hau dena zapuztu eta atzera bueltara goazela; hori iraganeko eskema da. Oraingo eskema da: onurak hauek dira, hor daude, gure eskura, egin dezagun ahalegina denon artean ahalik eta azkarren gizarte osoa onura eta etekin horietaz disfrutatzeko gai izan dadin.

Etorkizun polita litzateke hori, baina laburrera begira, besteak beste, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa hasiko da apirilean.

Eta oraindik zintzilik daude 35/02 eta Segurako sumarioak… eta askok eta askok badakigu zer gerta dakigukeen etorkizun laburrean. Baina, aizu, inork ez zuen esan hau erraza izango zenik. Estrategia bat martxan dugu, ordea, eta horrek aurrera egingo du, astiroago edo azkarrago, eta estrategia horri determinazioz eutsita egingo dute porrot iraganeko jarrera horiek.



 

Nazio akordio estrategiko bat egitea dugu helburu

K. Aldabe Andoain

Sortu legeztatuta edo ez, hurrengo bozetarako ere aurreko bietan egindako indar bilketaren aldeko apustua berretsi duzue. Luzera begirako apustua da, beraz?

Luzera begirako apustua da, bai, estrategikoa. Alde horretatik, guk argi daukagu Sortu legezko izan edo ez, eta espero dezagun legezkoa izango dela, hurrengo hauteskundeei heltzeko egingo dugun planteamendua parametro berdinetan joango dela.

Boz horien aurretik akordio estrategiko bat lantzea helburutzat duzue.

Akordio estrategikoa ez da hauteskundeei begirako planteamendu bat. Bilduren garaian ere esan genuen. Ezker abertzaleak aurretik akordio estrategikoa landu zuen Eusko Alkartasunarekin, eta geroago Alternatibarekin. Orain, hirurok bide luzeko eta edukiz betetako akordio bat daukagu. Amaiurren ez zen hori gertatu; beharrik ere ez zegoen. Beraz, orain, Amaiurreko kide Aralarrekin ez daukagu tankera eta sakonera horretako akordiorik. Orduan, helburuak izan behar du Aralarrekin, posible den neurrian eta haren barne egoerak ahalbidetzen duen neurrian, horrelako akordio bat lortzea. Halaber, logikoa da, orain Ipar Euskal Herrian ere esploratzea zer aukera egon daitezkeen Iparraldeko abertzaleak ere akordio estrategiko horren partaide izan daitezen.

Nazio akordio estrategiko bat lortu nahi duzue, beraz.

Hori da. Bide hori esploratzen ari gara, eta oraingoz norabide onean gaude. Baina aste batzuk gehiago beharko dira, batez ere alderdi batzuek barnean dauzkaten egoera batzuk konpontzeko edo konponbidean jartzeko aukera izan dezaten. Gisa horretako akordio bat izugarrizko akuilua izango litzateke, herri oso baten ikuspegitik egingo litzatekeen ezkerreko eskaintza abertzale, subiranista, independentista batez hitz egiten ariko ginatekeelako, eta horrek sekulako aurrerapena ekarriko lukeelako, izugarrizko hasiera horretatik aurrera gauzak norabide eraginkorretan kokatzeko. Hori hasiera gisa kokatzen dugu; ez da helburu bat, berez.

Hasi zarete akordio estrategikoa lotzen, edo laster hastekoak zarete?

Hitz egiten ari gara honetaz guztiaz ,eta bakoitzak zer barne egoera eta zer aukera duenn honelako helburu bati eutsi ahal izateko. Egoerak desberdinak baitira. Baina funtsezkoa da horrelakoetan, alderdi bakoitzaren erritmoak errespetatzea, presiorik gabe, erabakiak lasai har ditzaten.

Jaurlaritzara iristea izango da zuen erronka hurrengo bozetan?

Oso garai berezian datoz hauteskundeok. Egingo bagenu Bilduk edo Amaiurrek aurreko bozetan lortutako emaitzen proiekzio bat Gasteizko parlamentuan, lehia bizian egongo ginateke EAJrekin, bai boz kopuruan eta bai ordezkarietan ere. Erronka bat daukagu egin dugun jauzi instituzional horren barruan; ez da bakarrik eskaintzea eredu politiko eta sozial desberdin, aurrerakoi, abertzale eta independentista bat, baizik eta jendeari konfiantza nahiko ematea, guregan bakearen aldeko inbertsio indartsu bat ikus dezaten aurrerantzean ere, bai eta politika beste modu batez egin ahal izateko eskaintza bat ere. Ikuspegi horrekin joango gara bozetara, anbizioarekin, irabaztera eta eskuratzera, posible den neurrian, gobernu bat osatzeko beharrezko botoak.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia