Berria.eus

Larunbata, 2014ko abuztuak 30 - 22:12

2012-03-30

Greba orokorra. Manifestazioa

CCOO eta UGT negoziatzeko prest daude, greba historikoaren ondoren

Batasun sindikalaren alde egin du Sordok, baina sindikatu abertzaleen jarduna zeharka kritikatuz

Gorka Salces Alcalde Bilbo

CCOOk eta UGTk Bilbon egin zuten manifestazioa. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Martxoaren 29ko grebak arrakasta historikoa izan du Euskadin. Horrela mintzatu zen Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Unai Sordo, UGTrekin batera deitutako manifestazioa hasi aurretik. Bilboko Arriaga plazatik hasi zuten martxa.

Greba normaltasunez egin izana nabarmendu zuen Sordok, nahiz eta, haren ustez, ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan ziren: Lanuztea egin duten guztiek gizalegez jokatu dute. Halaber, greba deialdia egun berean egitean, euskal sindikatuen mobilizatzeko ahalmena biderkatzen dela esan zuen CCOOko buruzagiak.

Batasun sindikalaren alde egin du Sordok, baina sindikatu abertzaleen jarduna zeharka kritikatuz. Haren ustez, ezin da alderatu mobilizazioek duten erantzuna sindikatu guztiek egun bererako egiten dutenean edo batzuekgreba deialdiak beste gai batzuetarako erabiltzen dituztenean.

Horrez gain, lan erreformaren oinarrizko puntuak aldatzeko, negoziazioari ekiteko prest agertu zen. Lan arloko legeen aldaketak dakarren eskubide murrizketa gogora ekarri ondoren, egin beharko liratekeen lehenengo erreformak zerga eta finantza arlokoak direla ohartarzi zion Espainiako Gobernuari.

Greba Espainiako Gobernuari eta haren presidenteari egin zaion oharra dela esan eta, botere ekonomikoaren eta Europaren esanetara jokatzea egotzi zion Raxoiri. Lan erreforma atzera bota ezean mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri zuen Sordok: Gaur ez da ezer bukatzen.

Sordoren ostean, UGT-Euskadiko idazkari nagusi Damaso Casadok hartu zuen hitza. Haren ustez, langileak haserre daudelako mobilizatu ziren atzo miloika pertsona Espainiako Estatuan. Eta nabarmendu zuen langile aktiboez gain, gazteak, ikasleek eta erretiratuek ere mobilizazioekin bat egin zutela. Haren hitzetan, mobilizatu diren guztiek Raxoiri esan diote jadanik ez duela gizartearen gehiengoa ordezkatzen. Gutxieneko zerbitzuak errespetatu zirela azpimarratu zuen UGTko kideak.

Moyuara heldu barik

Sordok eta Casadok hitzaldia egin bezain pronto, manifestazioa hasi zen. 12:30ak ziren. Dena suntsitu nahi dute, greba orokorra lelopean, milaka pertsonak Areatzako zubia zeharkatu zuten, Plaza Biribilerako bidean.

Hara helduta, CNT sindikatuak deitutako elkarretaratzean parte hartu zuten ehunka lagunek CCOOri eta UGTri kritika egin zieten, eta Espainiako Gobernuarekin hitzartzen jarraitzeagatik engainatuak izatea leporatu zieten. 13:00etan Urkixo kaletik jarraitu zuen manifestazioak, eta ordu erdi geroago Bizkaia plazan bukatu zuten, Moyua plaza sindikatu abertzaleen deialdiarekin bat egin zuten lagunez beterik zegoelako.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia