Berria.eus

Astelehena, 2014ko irailak 1 - 22:55

2012-04-03

Gipuzkoak eta Bizkaiak erabaki dute amnistia fiskalik ez ematea

Iruzurgileek ezingo dituzte beren kontzientziak zuritu %10eko merkealdiko prezioaren truke, ohartarazi du Bilbaok

Gustuko ez duela esan arren, neurria aztertuko duela esan du Barcinak

Iker Aranburu

Gipuzkoan esaldi bakarrarekin eta Bizkaian azalpen zabalekin, baina emaitza berdina da: ez batak ezta besteak ere ez dute amnistia fiskalik emango. Zerga iruzurgileei %10eko tasa baten truke zorra barkatzeko Espainiako Gobernuak eman nahi duen aukerak Nafarroako Gobernua zatitu azaldu du: UPN aztertzeko prest dago, eta hasiera batean aurka, berriz, PSN. Arabako Aldundiak ez du artean ofizialki ezer esan, baina ikusita EAJ, Bildu eta PSE neurriaren aurka daudela, nahi izanda ere PPk ez luke gehiengorik izango Arabako Biltzar Nagusietan.

Ez gatoz bat amnistia fiskalarekin. Gure ustez zerga iruzurrari modu eraginkor eta zintzo batean aurre egiteko herritar guztiek jakin behar dute tratamendu bera izan behar dutela. Gure lehentasuna zerga iruzurraren aurka borroka egitea da, adierazita itxi zuen gaia Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak, atzo. Azalpen luzeagoak hurrengo agerraldi baterako utzi zituen.

Oso bestelako estrategia erakutsi du Bizkaiko Aldundiak. Premiazko prentsaurrea antolatu zuten arratsalderako eta han ozen esplikatu zuen Jose Luis Bilbaok zergatik ezezko borobila eman dioten antzeko neurri bat Bizkaian ezartzeari. Haren hitzetan, amnistia fiskala etikoki onartezina, politikoki defendaezina eta sozialki bidegabea da. Bere gobernuak printzipio etikoak dituela nabarmendu du, eta ogasuna ez dela soilik diru gehiago biltzeko bidea. Dilema bat geneukan: printzipio etikoei eustea ala kutxan diru gehiago sartzea, gutxi ala asko ez dakit. Lehenengoa aukeratu dugu. Denak ez du balio.

Iruzurra jazartzeko asmoari eutsi dio Bilbaok: Ez dugu onartuko onik ateratzea iruzur egin dutenak, dirua ezkutatu dutenak eta insolidarioak izan direnak. Ezingo dituzte beren kontzientziak zuritu %10eko merkealdiko prezioaren truke. Gogorarazi duenez, Madrilek iruzurra azalaratzeko beste bide bat finkatu du: dirua zerga paradisuetan ezkutatu dutenek espainiaratu ahal izango dute, %8ko tasa pagatuta. Horri ere kritikatu du, eta halaber salatu du orain erregularizazioaren eufemismoarekin zurituko duten diruaren jatorria ez galdetzea oso larria dela.

Bilbaok ukatu du Espainian amnistia fiskala baliatzearren herritar batzuk beren egoitza Burgosera eramateko aukera, lege dekretuak ez duelako aukerarik ematen bat-bateko bizileku aldaketarako.

Nafarroan, jarrera garbirik ez

Bizkaiko ahaldun nagusiak ez du kalkulatu nahi izan amnistia fiskal baten bidez zenbat diru bildu ahal izango litzatekeen, baina bai, aldiz, Yolanda Barcinak. Espainiako Gobernuaren kalkuluetan abiatuta, Nafarroan 40 milioi euro bil zitezkeela aipatu du presidenteak. Ez du esan, ordea, neurria ezarriko dutenik, ezta kontrakoa ere. Ez dugu gustuko, aipatu du, baina aztertuko dutela gaineratu, ikusteko zer ezarri behar den Nafarroan. Nafarren eta besteen arteko berdintasunari eutsi nahi diogu.

Nafarroan ere amnistia fiskala izateko bere gobernu bazkidea konbentzitu beharko du, hasiera batean PSN aurka dagoelako. Ez gaude neurri horrekin ados, baina Nafarroako Gobernuaren baitan erabakiko dugu, adostasunez, azaldu du Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak.

Oposizioko indarren artean, PP soilik azaldu da alde. Na-Baik eta Bilduk proposamen bana egin dute amnistia fiskalaren aurka, baina Parlamentuaren mahaian geratu dira, PSNk denbora gehiago eskatu duelako jarrera irmoa erakutsi arte. Patxi Zabaletak (Na-Bai) esan du halako neurriek bilatzen denaren aurkako ondorioa izan ohi dutela, eta etikoki lotsagarria dela adierazi du, berriz, Bilduko Bakarne Ruizek.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia