Berria.eus

Igandea, 2014ko abuztuak 31 - 12:14

2012-04-05

Irakeko inbasioaren urteurrena (II). Biktimak

Errudun jaioak

2004an Falluja AEBetako armadaren «laborategia» zela diote hangoek, orotariko jaurtigailuak saiatu zituzten eta; ospitalean dauzkate malformazioekin jaiotako haurrak: asko dira, gehiegi.

Karlos Zurutuza Falluja

Berriemaile berezia

Dandy-Walkerren sindromearekin jaiotako umea, Fallujako ospitalean. / KARLOS ZURUTUZA

H ilabete honetan bederatzi urte beteko dira Irakeko inbasiotik. Zaila da esaten, alabaina, zenbat galdu duten irakiarrek denbora tarte honetan; areago, gerraren hainbat biktima oraindik jaio ez direnean. «Familiek jaioberrien gorpuak lurperatzen dituzte horiek hil eta berehala. Ez diote inori esaten, oso lotsagarria baita haientzat».

Fallujako ospitalean, komunikabideekin harremanen arduradun Nadim al-Hadidik dio nekez errolda daitezkeela sortzetiko akatsekin jaiotakoak. «Urtarrilean 672 kasu jaso ditugu, baina badakigu askoz ere gehiago direla», argitu du Hadidik, argazki bilduma izugarri bat erakusten duen bitartean. Zaila da oso begirada mantentzea erretratu gordin horien gainean.

Fallujatarrek, baina, begiak itxita ere seinalatuko lituzkete errudunak: «2004an era guztietako lehergailuak bota zituzten amerikarrek hemen; arma termobarikoak, uranioaz estalitako jaurtigaiak, fosforo zuria… Denetarik. Haien laborategiko saguak besterik ez gara izan bertakoak!», damu du Hadidik.

2003ko inbasioa izan zenean, eta ondorengo hilabeteetan, Fallujan ohikoak ziren okupazioaren kontrako kale protestak, bai eta etxeratze aginduen hausturak ere. Laster, munduari buelta eman zioten Al-Qaedak mutilatutako lau Blackwater mertzenarioen gorpuen irudiek. Horrelaxe erabaki zen Al-Qaedaren gotorlekua zela Falluja. Phantom Fury deituriko operazio militarra jarri zen abian; Pentagonoaren arabera, amerikarrek Vietnamgo Huekoaren ostean —1968an— egin duten handiena.

Lehen oldarraldia 2004ko apirilean izan zen; okerrena, urte bereko azaroan. Inbaditzaileen etxez-etxeko eraso bortitzez gain, era guztietako armekin bonbardatzen zuten hiria gauero, batez ere fosforo zuriaz. Hasieran «helburu militarrak gauez argitzeko» besterik ez zela zioten amerikar koronelek. Baina italiar kazetari batzuek irudi eta testigantzez dokumentatu ostean, osagai kimiko hura populazioaren kontra erabili izana aitortu behar izan zuten amerikarrek.

Ez da inoiz jakingo sarraski haren biktimen kopururik. Batzuk ez dira oraindik jaio, eta jaioberriek mezu gordinak ematen dituzte, ia egunero. Ospitale bereko mediku Abdulkadir Alrawik beste kasu bat oso bitxia jaso du gaur. Ustekabea beharko lukeena errutina hutsa baino ez da bertan.

«Dandy-Walkerren sindromearekin jaio da neskato hau. 25.000tik batekoa da gaixotasun horren kasuistika. Burmuina erdibituta dauka, eta ez dut uste onik aterako denik», esan du Alrawik, ospitaleko argia berriz joan baino segundo batzuk lehenago. «Oinarrizko tresneriarako ere ez dugu nahikoa jasotzen Bagdadetik. Nola egin aurre honako larrialdi honi?», kexu da medikua.

Malformazio eta gainontzeko sortzetiko akatsez gain, Fallujan luzea da minbiziak jotakoen zerrenda ere. Suitzako Ingurumen eta Osasunaren Ikerketarako Institutuaren arabera, Fallujako umeen malformazio eta hiltze tasa 1945eko Hiroshimakoa baino biziki handiagoa da. Suitzako erakundeak 2010ean argitaraturiko txostenak dio leuzemia kasuak 38 aldiz handitu direla Fallujan —hamazazpi Japoniako hirian—.

Alrawiren departamentu buru Samira al-Ahnik ikerketa bat egin berri du, Osasunaren Munduko Erakundearekin elkarlanean. Londresen egindako hainbat testen arabera, merkurio eta uranio proportzio handiegiak aurkitu dituzte espezialistek bertako umeen ileen sustraietan. Huraxe liteke gaixotasun eta arma debekatuen arteko loturaren adierazlea.

Fosforoari ez ezik, askok uranio pobretuari ere leporatu dizkiote minbizi kasu ugariak. Amerikarrek osagai horrekin estaltzen dituzte jaurtigai gehienak, lehergailuen suntsipen gaitasuna handitzearren. Libiako gerran ere munizio bera erabili den aztertzeke dago oraindik.

Ikerketa abian

Ikerketa independenteak eta hainbat nazioarteko erakunderen presioa dela eta, Irakeko Osasun Ministerioak lehendabiziko azterketa egingo du aurten. Osasunaren Munduko Erakundearekin batera, Irakeko autoritateek apiril honetan egingo dute sortzetiko akatsei buruzko azterketa, herrialdeko sei eskualdetan: Bagdad, Anbar, Thi Qar, Sulaimaniya, Diyala eta Basoran. Fallujarekin batera, Basora izango da, ziurrenik, gerraren zigorra gehien pairatu duena, Kuwait eta Irango mugen artean, Irak hegoaldean. Basoratarrek gerra hotsa besterik ez dute entzun azken 30 urteotan: 1980an Iranen kontrako gerrarekin hasi eta amerikarren 2003ko inbasioa arte —tartean 1991ko Golkoko lehen gerra —.

Bagdadeko Unibertsitateak egindako ikerketan, Basoran jaiotzetiko malformazioak eta gaixotasunak hamar aldiz gehitu ziren 2003ko inbasioa baino bi urte lehenago, eta lau aldiz gehiago okupazioaren ostean. Persiar golkoko hirian, ugariak dira beso, hanka edo burmuinik gabe jaiotako umeak, bai eta leuzemia kasuak ere.

Amerikarrek ospitale bat altxatu zuten han 2010ean; zoritxarrez, ez dirudi eskaera asetzeko gai denik: «Eskatutako X izpien makinak hamasei hilabete igaro zituen portuan, biltegi batean. Gure umeak hiltzen ziren bitartean, inork ezin zuen erabaki zeinek ordaindu behar zituen hura biltzeagatiko tasak. Gaur ospitalean dago, baina ezin dute martxan jarri, muntatzeko tresneria falta delako», azaldu du Laith Xakr Al-Sailhik.

Irakeko Ume Minbizidunen Erakundeko buruaren arabera, txikienen gaixotasunak familien pobretzea ere badakar. «Tratamendua jasotzeko, hilabeteetako itxarote zerrenda dago Bagdaden. Gauzak horrela, gurasoek, ahal dutenek, atzerrira jo behar izaten dute laguntza eske», dio ume gaixo baten aita den Sailhik.

«Sirian 6.000 euro balio du sendabideak, eta Jordanian 10.000. 4.000 euroan, Irangoa da merkeena. Familia askok kalean egin behar izaten du lo Teheranen, hotela ordaindu ezin dutelako».

Bihar: Ali al-Xalah Irakeko Gobernuko Aliantza Nazionalaren legebiltzarkidearen elkarrizketa. «Sunitak gaizki ohituta zeuden».



 

Uranio pobretua, hiltzeari inoiz utziko ez dion arma isila

NATOk ukatu berri du UP uranio pobretua erabili zuela Libiako gerran, baina baliteke Irakekoaren antzeko «izurritea» errepikatzea Ipar Afrikako herrialdean ere.

Uranio zati goriek 5.000 graduko tenperatura sortzen dute, jaurtigaien suntsipen gaitasuna izugarri handituz horrela. Hainbat adituk uranio pobretuaren erabileraren frogak aurkitu dituzte NATOk txikitutako ibilgailu blindatuetan. Pentagonoko UPko programaren zuzendari ohi Doug Rokkek esan du gobernuak uranio pobretuaren efektuei buruz gezurra esateko agindu ziola. Rokkek ziurtatu du ez dagoela hark kutsatutako zonaldea garbitzeko modurik.

«Hiltzeari inoiz utziko ez dion hiltzaile isila» deitu ohi zaio. Uranio pobretuaren eraginak 4,5 bilioi urtean irauten du: Irak, Afganistan eta, agian, Libiako hainbat eskualde ere kutsatuta egongo dira betiko.



 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia