Berria.eus

Osteguna, 2014ko abuztuak 28 - 11:04

2012-04-14

Indartu egin da Aresen dimisioa eskatzen duten eragileen ahotsa

Cabacasen heriotzaren erantzukizun osoa bere gain hartzeko eskatu diote Aralarrek, Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk

PSEk EAJri eskatu dio orain arteko jarrerari eusteko eta «Amaiurrekin bat ez egiteko»

Jokin Sagarzazu

Dimisio eskaerek inguratuta daukate Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua. Ińigo Cabacasen heriotzaren inguruan emandako azalpenak ez du ia inor konbentzitu, eta eragile politikoen artean indartu egin da haren dimisioa eskatzen dutenen ahotsa. Ezkerreko subiranistak izan ziren lehenengoak, eta atzo , EAJ batu zitzaien, Emilio Olabarria diputatuaren eskutik.

Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean, Aresen dimisioa eskatu du Olabarriak. Cabacasen heriotza ez ezik, Herrizaingo Saila kudeatzerako orduan Herrizaingo sailburuak mahai gainean dituen «arazoak» nabarmendu ditu diputatu jeltzaleak. «Kargua aspaldi utzi behar zuen [Aresek], bere lantaldeak gorabeheratsu direlako, sailburuordeak eta zuzendariak hiru edo sei hilabetean behin aldatzen dituelako, lidergo falta nabarmena delako eta Ertzaintzaren barne harremanak usteltzen ari direlako».

Olabarriaren adierazpenek haserrea eragin dute sozialisten artean, eta PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek EAJren zuzendaritzari eskatu dio haren hitzak zuzentzeko. Alderdi jeltzaleak, baina, ez dio buruzagi sozialistari erantzun, ez behintzat modu ofizialean. Alderdi jeltzaleko iturriak aipatuz, berri agentzia batek zabaldu duenez, Olabarriak Aresi buruz esandakoa diputatu jeltzalearen iritzi «pertsonal» bat baino ez da, eta abian den ikerketa amaitu arte alderdi jeltzaleak ez ditu bere «ondorioak» ezagutaraziko.

Sozialistek komunikabideetara igorritako oharrean, Pastorrek gogor kritikatu ditu Olabarriaren hitzak, eta hari leporatu dio «Amaiurrekin bat egitea» eta alboratzea auzi honetan EAJk agertu duen «zuhurtzia eta jarrera eraikitzailea». «Ulergarri izan daiteke kale borroka maite zutenek Aresen dimisioa eskatzea, baina gutxiago uler daiteke Eusko Jaurlaritza eta Herrizaingo Saila gidatu dituen alderdi bateko diputatu batek bat egitea horrekin, ondo baino hobeto baitaki kargu horretan dagoenak zein zailtasun dituen», esan du Pastorrek.

Jeltzaleak baino argiago mintzatu dira EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalea. Indar politiko horien ustez, Aresi dagokio erantzukizun guztiak onartzea eta dimisio ematea.Batera egindako agerraldi batean, «ikerketa garden eta zorrotz» bat eskatu dute, eta beharrezkoa balitz, «neurriak hartzeko tartean dauden ertzainekin, arduradunekin eta arduradun politikoekin».

Koalizioa osatzen duten alderdien ustez, Ares ez da gai izan gertatutakoaren «bertsio sinesgarria» emateko, eta ez du iragarri etorkizunean antzeko gertakizunak errepikatzea galarazteko neurririk. Herrizaingo sailburuaren agerraldia «ihesaldi politikorako ariketa hutsa» izan dela salatu dute. «Ertzaintzaren jarrera justifikatzera mugatu da. Informazioa ezkutatu du eta lekuko zein kaltetutako pertsonei errespetu falta izugarria erakutsi die», salatu dute. Halaber, polizi eredu berri bati buruz eztabaidatzera deitu dute.

Bilera sindikatuekin

Rodolfo Ares Ertzaintzako sindikatuetako ordezkariekin bildu zen atzo arratsaldean, istiluetan erabiltzen den «materialean» izango diren aldaketaren inguruko azalpenak emateko. 2013tik aurrera gomazko piloten erabilera mugatu egingo dutela iragarri zuen herenegun Herrizaingo sailburuak, eta brigada mugikorrek eta bereziek bakarrik izango dutela pilotak botatzeko eskopeta. Bileran sindikatuen iritzia jaso zuen Aresek, eta ErNe eta Esan sindikatuek neurria «berandu» hartzea leporatu zioten.

ELA sindikatuak, berriz, Aresen dimisioa eskatu du. Ohar batean adierazi du «neurrigabeko ekintzak» direla eta, Ertzaintza «noraezean» eta «herritarrengandik urrundua» dagoela, eta Herrizaingo Sailaren arduradunei leporatu die hori, Aresi bereziki. «Hau ezin da amaitu erantzukizun politikoak ezkutatuko dituen ahuntz buru batekin».



 

Hutsunea, lepo zegoen plazan

Isiltasun gordinak eta jendetzak bete dute Basauriko Arizgoiti plaza, Cabacasen omenez haren lagunek antolatutako elkarretaratze hunkigarrian.

Aitziber Laskibar Lizarribar Basauri

Hunkitu egiten du horrenbeste jende ikusi eta horrenbesteko isiltasuna entzuteak. Hutsunea eragiten du. Luzaro egon dira zutik, geldi, isilik, burumakur Ińigo Cabacas Lizeranzuren lagunak Basauriko Arizgoiti plazan. Elkarren ondoan estu, eta jendetzak inguratuta. Lagunaren omenezko ordu laurdeneko elkarretaratzea iragarria zuten, eta ia ordu erdi iraun du; ezin handik mugitu, ezin isiltasuna hautsi, ezin agur esan.

Lau pankarta jarri dituzte plazaren aurrealdean: Pitu, zure lagunek ez zaituzte sekula ahaztuko zioen, gaztelaniaz, Cabacasen argazkia zuen pankarta handiak. Zu izandakoa gurekin geratzen da. Beti gurekin. Gogoan zaitugu, euskaraz, txikiago batek. Elkarretaratzerako hautatutako leloa zuen hirugarrenak: Ińigo 'Pitu' beti gurekin. Ez dago eskubiderik. Laugarrenak, Pitu. Justizia. Gogoan zaitugu.

Isilaldia hasterako, hitza hartu dute Cabacasen lagunek. Jasotzen ari diren «elkartasuna, babesa eta maitasuna» eskertu, hamabost minutuko «erabateko isiltasuna» eskatu, eta «Ińigo, maite zaitugu» esanda itzuli da lagunartera hitza hartu duen neska.

Txalo zaparrada lehertu da 15. minutuan. Elkarretaratzearen erdigunean egon diren lagunek krabelin eta larrosa gorri eta zuriak eskaini dizkiote Cabacasi. Loreak argazkiaren ondoan uzterakoan, goxo laztandu dute argazki handia batzuek, muxu eman beste batzuek. Kandelak piztu dituzte ondoren, eta une horietan lehertu dira malkoak. Bigarren txalo zaparradarekin saiatu dira isilunea amaitzen. Geldi jarraitu du plazak. Iluntzeko ia bederatzietan, hirugarren zaparradarekin amaitu dute ekitaldia.

Elkartasuna atzerritik

Cabacasen senide eta lagunei bidalitako elkartasun mezuek ez dute etenik. Mugarik ere ez. Alemaniako Muller-Dani talde athleticzaleak «gertaera tamalgarriak» eragindako «tragediak» sortutako mina agertu du. Baita Cabacas zauritu zuten egunean Athleticen aurka aritu zen Alemaniako Schalke 04 futbol taldearen zaleak biltzen dituen Morsbach elkarteak ere. Bi taldeen ordezkariak samina adieraztera Bilbora etorriko direla jakinarazi dute, eta Athleticen peńek antolatuta bihar 16:30ean Moyua plazatik abiatuko den martxa isilean parte hartuko dutela.

Bartzelonan, Stop Bales de Goma taldeak elkarretaratzea antolatu du iganderako, senideei elkartasuna adierazi, peńek antolatutako mobilizazioarekin bat egin, eta gomazko piloten erabilera salatzeko.

Atxilotuak askatu egin dituzte

Cabacas zauritu zuten gertaerak izan aurretik borroka batean parte hartu izana egotzita Ertzaintzak asteazkenean Bilbon eta Abadińon atxilotu zituen bi gazteak aske utzi dituzte, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Lesioak eragitea leporatu diete ertzainek.



Albisterik...

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia