Berria.eus

Asteartea, 2014ko uztailak 22 - 11:15

2012-04-15

Giro positiboa nagusitu da Iranen eta 5+1 taldearen bileran

Uranioa %20ra aberastea berriz aztertzeko prest dago Teheran, Parviz Soruri diputatu irandarrak azaldu duenez

Datorren maiatzaren 23an Bagdaden beste bilera saio bat egitea erabaki dute

Jon Fernandez

Bileraren mamiaz ez dute txintik esan, baina aitortu dute giroa positiboa eta irekia izan dela parte hartzaile guztien aldetik. Hamabost hilabeteren ostean, mahai berean jarri dira berriro Irango eta 5+1 taldeko ordezkariak Istanbulen, eta datorren maiatzaren 23an Bagdaden beste bilera saio bat egitea erabaki dute. Alemaniak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak— osatzen dute taldea. Teheranek Saeed Jalili Irango Segurtasun Kontseilu Goreneko idazkari nagusia bidali du ordezkari moduan, eta Catherine Asthon EB Europako Batasuneko diplomazia arduradun gorena ere bertan izan da.

Irudipen baikorra izan dugu, Iranek buru belarri sartu nahi duela negoziazioetan, azaldu du Michael Mannek, Ashtonen bozeramaileak. Irango programa nuklearraren auzia konpontzeko azken saiakeraz geroztik —2011ko urtarrilean bildu ziren Istanbulen—, seikoteak ez duela bere jarrera aldatu nabarmendu du Mannek. Uste dugu erabat justifikagarria dela zigorrak jartzea eta aldi berean negoziazioetan aritzea. Jarrera aldatu duena Teheran izan da EBko ordezkariaren arabera, eta Iran negoziazio jarrerara bultzatzeko orain arteko zigor ekonomikoak ezinbetekoak izan direla uste du Mannek.

Seikoteak Irani eginiko eskakizuna, bai iaz eta bai aurten, uranioaren aberastea etetea izan da, eta badirudi erantzuna jaso duela. Parviz Soruri Irango Parlamentuko diputatu eta Segurtasun Nazionalerako eta Atzerri Politikarako Kontseiluko kideak eman du berria Teheranen. Bere esanetan, Iran prest dago uranioa %20ra aberastea berriz aztertzeko, Mendebaldeak haren erabilerarako beharrezkoa den hornidura bermatzen badio.

Ali Khamenei Irango estatuburuaren hurbilekoa da Soruri, eta Istanbuleko bileran puntu positiboak nabari dituela esan dio Mehr agentziari, sumatu dutelako seikoteak bazter laga dituela zenbait eskakizun. Istanbulgo bileran guztiek irabaztea ekarriko duen ikuspuntua hartzea da garrantzitsuena Soruriren ustez. Irango Islamiar Errepublikaren interesak asetzen dituzten akordioak lortu behar dira, eta aldi berean, Mendebaldearen zalantzak uxatzen dituztenak.

Erdibidearen bila

Azken hilabeteetan Mendebaldearen eta Iranen artean sortu den tentsioa maila gorenekoa izan da. NBEko eta EBko potentzia nagusiek zigor ekonomikoak ezarri dizkiote Teherani, eta erantzun gisa, Espainiari eta Greziari petrolio hornidura eten die Iranek. Gainera, maniobra militarrak ere egin ditu Ormuzko itsasartean, eta nahi izanez gero hura ixteko gai ere badela erakutsi du —mundu osoan kontsumitzen den petrolioaren %40 igarotzen da handik, eta hura ixteak ondorio larriak sortuko lituzke—. Hori gutxi ez balitz, Israelek ez ditu oraindik isildu Teheranen kontrako gerra mehatxuak.

Testuinguru horretan, Istanbulekoa diplomaziaren azken aukera dela nabarmendu du Barack Obama AEBetako presidenteak. Alde guztiak baikor ageri dira, baina kale egiteak ekar ditzakeen ondorio larrien jakitun. Benetako beharra daukagu erdibidea aurkitzeko, esan du Errusiako Atzerri ministroak. Konfiantza berrezartzeko dira negoziazioak.

Iranek %20ra aberastutako uranioa erabiltzen du Teherango Ikerketa Erreaktoreko erregai gisa —%90era aberastu behar da uranioa arma nuklearrak sortzeko—. Osasun erabilerarako isotopo erradiaktiboak sortzen dituzte han. Teheranen arabera, minbizidun 800.000 gaixo artatzen dituzte horri esker. Mendebaldearen ustez, ordea, helburu militarrak ditu Irango programa nuklearrak, eta ez da Teheranez fio.



 

2013ko bozetarako hautagai gisa Jatami presidente ohia iradoki dute erreformistek

Erreformisten balizko hautagaia Mohamed Reza Jatami presidente ohia izan daiteke 2013ko presidentetzarako hauteskundeetarako. Halaxe esan du Mohamed Reza Jabaz Teherango parlamentuan geratzen diren diputatu erreformista bakanetakoak, Irango Mehr agentziaren arabera.

1997tik 2005era artean izan zen presidente Jatami, eta joan den martxoaren 2ko bozetan bozkatu izanak —erreformista gehienek boikota deitu arren—, bidea erraz diezaioke politikaren erdigunera bueltatzeko. Jabazen arabera, erreformistek akats estrategikoa egin zuten azken hauteskundeetan boikota deituta, praktikoki politikatik kanpo geratu direlako. Halere, Zaindarien Kontseiluak onartu behar ditu hautagaitza guztiak, eta baliteke organo erlijiosoak atzera botatzea Jatamiren hautagaitza.



Albisterik...

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia