Berria.eus

Larunbata, 2014ko abuztuak 30 - 18:11

2012-04-20

Fluitecnikek Altsasun dituen ia langile guztiak kaleratuko ditu

ELAren arabera, berriz ere agerian geratu da Nafarroako Gobernuari ez zaiola batere axola Sakana eskualdea

Miren Garate

Negarrako langileak, atzo, Cuatrecasasen aurrean egindako elkarretaratzean. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Gutxi iraun du Fluitecnik-ek Sakanan sortutako itxaropenak. Martxan hasi eta bederatzi hilabetera, ia langile guztiak kaleratuko dituela iragarri du: 23 ditu eta hogeiri apirilaren 30ean etengo die kontratua. ELAren arabera, gainerako hirurak ere botako ditu datozen hilabeteetan.

Gamesak palak egiten zituen lekuan dago Fluitecniken ekoizpen zentroa. 2010. urtearen hasieran iragarri zuen Gamesak Altsasuko lantegia ixteko asmoa zuela. 150 langile aritzen ziren han. «Etekinak ematen zituen enpresak, eta kolpe handia izan zen eskualdearentzat», dio Gorka Viergek, Sakanako ELAko arduradunak.

Handik hilabete batzuetara, agerraldia egin zuten Miguel Sanz Nafarroako orduko presidenteak, Jorge Calvet Gamesako presidenteak eta Alberto Madozek. Gamesaren azpiegiturak baliatuta, Fluitecnik eguzki plaka fotovoltaikoak egiten hasiko zela azaldu zuten.«Jendearen animoak lasaitu nahi izan zituzten. Gure ustez, fiasko bat izan da. Sakanako biztanleekin jolasean ibili dira, eta berriz ere argi geratu da gobernuari ez zaiola axola eskualde hau».

Agerraldian, enpresak Nafarroako Gobernuaren laguntzak jasoko zituela adierazi zuten. «Baina laguntzak 2013tik aurrera ematera konprometitu zen. Beraz, oraindik ez du ezer kobratu». Era berean, hasierako asmoa 46 lanpostu sortzea zen. Kopuru horretara, ordea, inoiz ez da iritsi lantegia.

Negarra

Protesta abokatuen aurrean

Ia langile guztiak ez, baina bai herenak. Hori da Igorreko Negarra enpresaren asmoa: 57 langile botatzea. Lan erreforma onartu zutenetik, Euskal Herriko enpresa askok erabili dute araudi berria jendea kaleratzeko, baina Negarrak aurkeztutakoa da orain arteko espedienterik jendetsuenetakoa. Tximiniak eta galdara elektrikoak egiten ditu enpresak.

Neurria salatzeko, astelehenaz geroztik greban dira langileak, eta, sindikatuen arabera, «erabateko erantzuna» ari da izaten. Atzo, elkarretaratzea egin zuten Bilbon, Cuatrecasasen egoitza aurrean, hango abokatuak ari baitira espedientea tramitatzen. Ehun lagun inguru elkartu ziren. Gaur eguerdian, berriz, manifestazioa egingo dute Igorren.

Langileek diote jendea kaleratu beharrean bestelako irtenbideak ere badaudela: aldi baterako erregulazioa, malgutasun neurriak eta antolaketa berregokitzea, esaterako. Enpresak, ordea, negoziatu ere ez duela egin nahi salatu du CCOOk. Kaleratu nahi dituen beharginen artean 54 urtetik gorakoak eta 35 urteko antzinatasuna dutenak daude.

Correos

Hauteskundeak falta

Espainiako bi enpresa handik ere iragarri dituzte kaleratzeak, eta litekeena da Euskal Herrian ere eragina izatea. Correos da horietako bat. Javier Cuesta presidenteak Diputatuen Kongresuko Aurrekontuen Batzordean azaldu duenez, bi mila lanpostu kenduko ditu aurten. Merkatuko baldintzetara egokitu ahal izateko neurria «erabat beharrezkoa» dela dio.

Alde batetik, pizgarri bidezko kaleratzeak bultzatuko ditu, eta, bestetik, Correoseko funtzionarioak Espainiako Administrazio Orokorreko funtzionario izatera pasatuko ditu. Joan den urtean, 3 milioi euroren galerak izan zituen konpainiak. Aurten, are handiagoak espero ditu, 166,5 milioi eurorenak. Dena den, jasoko dituen diru laguntzek baldintzatuko dute azken emaitza. Hauteskunderik ez da izango aurten, eta hori da fakturazioa jaisteko arrazoietako bat. Horrez gain, argindar konpainiek ere diru gutxiago ematen diote, faktura hilero beharrean bi hilean behin bidaltzen delako orain.

Transportes Ochoa

Euskal Herrian, kezkatuta

Zaragozan du egoitza nagusia Transportes Ochoa logistika enpresak, baina Euskal Herrian ere badauzka bulegoak: Loiun, Hernanin, Iruńean eta Gasteizen. Hamasei lantoki itxiko dituela adierazi du eta 200 langile kaleratuko dituela —2008tik %23 murriztu du lantaldea, eta gaur egun 756 behargin ditu—. Gainerakoei soldatak nahiz lanaldia %10 murriztuko dizkie.

Espainiako Lan Sailak martxoaren 29an eman zion espedientea aplikatzeko baimena. Alabaina, enpresak oraindik ez du zehaztu zein bulego itxiko dituen. Soilik jakinarazi du lanaldiaren eta soldaten murrizketa maiatzaren 1ean hasiko dela eta kaleratzeak faseka egingo dituela.

Solidari sindikatua keztatutako dago, Iruńeko lantegian zer gertatuko ote den. Hamahiru langile aritzen dira han. Gaitzetsi egin du espedientea. «Enpresaren asmoa ez dago arrazoituta; kostuak murriztea soilik nahi du». Negoziazioetarako epean, sindikatuek eta zuzendaritzak ez zuten akordiorik lortu, Solidariren esanetan «negoziatzeko borondaterik ez zuelako enpresak».



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia