Berria.eus

Osteguna, 2014ko abuztuak 21 - 23:59

2012-04-20

Greban istiluak egitea egotzita, Poliziak hamalau lagun atxilotu ditu

Atxilotuetako zazpi adingabeak dira; gaur Iruñean manifestazioa egingo da «razzia polizialaren aurka»

Joxerra Senar Iruñea

Atxiloketak salatzeko, martxoaren 29ko grebaren deitzaileetako batzuek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Espainiako Gobernuak bere mezua eman du atxiloketen bidez. Greba orokorraren egunean desordena publikoa eragitea egotzita, hamalau lagun atxilotu zituen atzo Iruñerrian. Horietatik erdia adingabeak ziren, eta nerabeak atzemateko poliziak ikastetxeetan sartu ziren. Gobernuak ez zuen zertan poliziarik bidali ez eskoletara ez lantokietara. Inora ere ez. Epailearen aurrera deklaratzera joateko deia igortzea da ohiko prozedura judiziala, baina poliziak ikastetxeetan sartzeak bestelako mezua ematen du.

Ateakireki.com webgunea jakinarazi zuen atzo goizean hasiera batean lau pertsona atxilotu zituela Poliziak Arrotxapea auzoan, horietatik hiru 14 urteko adingabeak. Arratsaldean, gobernu ordezkaritzak baieztatu zuen hamalau pertsona atxilotu zirela. Chinchilla jeneralaren kaleko polizia etxera igorri zituzten. Adingabeak goizean askatu zituzten, eta helduek, berriz, arratsaldean komisaldegian deklaratu zuten.

Guztira, martxoaren 29tik 31 lagun atxilotu ditu Poliziak Nafarroan. Greba eguneko hamabi atxiloketez gain, LABeko bi ordezkari atzeman zituzten, CEN patronalaren aurrean protesta egiteagatik. Lizarran beste bi gazte atxilotu zituzten.

Zapalkuntzaren aurkako deia egin zuten atzo Iruñean ELA, ESK eta CGT sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek (Sasoiak, Iruñerriko Langabetuen Asanblada, AHTren aurkako taldeak...). Jendez gainezka zegoen Tres Reyes hoteleko aretoan, Irantzu Lopezek euskaraz irakurritako agirian atzoko «razzia poliziala» gogor gaitzetsi zuen. Lehenik eta behin, deitoratu zuen Espainiako Gobernuak ez duela oinarrizko eskubide zibil eta politikoak aintzat hartzen, eta zitazio judizialak igorri beharrean poliziak bidaltzen dituela.

Dena den, batez ere poliziaren operazio horren atzean ezkutatzen diren arrazoi politikoak kritikatu zituen. «Atxiloketak agindu dituzten arduradun politikoek eztabaida desbideratu nahi dute». Haren ikuspuntutik, atxilotuei desordena publikoa egotzita komunikabideen arreta bereganatuko dute, eta, aldiz, nabarmen larriagoak diren neurrien erantzukizun politikoa saihestu egin nahi dute. «Gobernuek ez dute euren erantzukizunari heldu nahi», salatu zuen.

Horregatik, herritarren gehiengoaren interesak lehenetsiko dituen bestelako eredu baten aldeko eta atxiloketen aurkako manifestaziora deitu dute. Gaur, 19:00etan irtengo da, Gazteluko plazatik.Nafarroako gizarte osoari deia luzatu diote deia, Espainiako eta Nafarroako gobernuen asmoak geldiarazteko mobilizazioetan parte har dezaten.

Atzo, prentsaurrekoa bukatu ondotik, elkarretaratzeak egin ziren polizia etxearen aurrean eta beste hainbat tokitan. Gaur, 12:00etan ,gizarte eragileak Espainiako Gobernuko ordezkariarekin biltzeko asmoa dute.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia