Berria.eus

Larunbata, 2014ko uztailak 26 - 19:11

2012-04-20

Bilgune Feminista. Hamargarren urteurrena

Sare morea zabaltzen

Bilgune Feminista sortzeko manifestua aurkeztu zutela hamar urte bete dira gaur. Taldean ibilitako lau emakume elkartu ditu BERRIAk, erakundearen sorrerari, bilakaerari eta etorkizunari buruz eztabaidatzeko.

Maite Asensio Lozano

BERRIA

Herriko enpresarik garrantzitsuenak ez zuen emakumerik kontratatzen, eta horren harira zerbait egin nahi genuen». Saioa Iraola Leitzakoa da (Nafarroa): «Oso herri tradizionala». Hain zuzen, bazterketak hurbildu zuen feminismora. «Uda heltzen zen, eta herriko mutil gazte guztiek enpresa hartan lan egiten zuten; han hiru hilabetean irabazten zutenarekin, ikasturte osoa ordaintzen zuten. Guk, berriz, adinekoak eta umeak zaintzen lan egin behar genuen, edo tabernetan». Lelo feministak dioenez, arlo pertsonaletik eremu politikora pasatu zen, ezinbestean: Bilgune Feministarekin harremanetan jarri, Leitzaldean taldea sortu, eta salatu zuten Sarriopapel y Celulosa enpresak emakumeen eskubideak urratzen zituela.

Borroka hori oso esanguratsua da Izaskun Guarrotxenarentzat, Bilgune Feministaren garapena erakusten duelako: «Bilgunea egitasmo nazional bat da, baina herrietan dinamika sozialak sortzea ere lortu du. Sarriopapelekin egindakoa oso garrantzitsua da ikuspegi nazionaletik, herri hobe bat eraikitzea duelako helburu».

Izan ere, taldeak Euskal Herri parekide bat du xede. Euskal feministak batzeko jaio zen gaur dela hamar urte. Hain justu ere, Leitzan 2001eko abenduan egindako topaketetan antzeman zuten halako erakunde baten beharra. «Ikusi genuen emakume feminista asko zegoela hainbat esparrutan lan egiten, baina ez geneukala topagune bat, dinamika bat», gogoratu du Guarrotxenak.

Sarea sortu zuten. Miren Arangurenek aitortu du kostatu egin zitzaiela ulertzea eta aplikatzea filosofia hark zekarren funtzionamendua, baina, haren ustez, militantzia eredua da hamar urteotako lorpen handienetako bat: «Bilguneko talde batean pertsona batzuk egon arren, Bilgunea hori baino gehiago da: inguru honetan feminismoan diharduten emakume horiek guztiak dira gure oinarria». Eredu horrek emaitza onak izan dituela egiaztatu zuten martxo hasieran, hamargarren urteurrenaren harira berriro Leitzan egindako topaketetan. «Etorri zirenen batez besteko adina 25 eta 35 urte artekoa izan zen; hau da, mugimendu sozial askotan desagertzen den lehen emakumeen belaunaldia».

Hiru lehentasun abiapuntuan

2002ko apirilaren 20an aurkeztu zuten Euskal Herriko Bilgune Feminista, Donostian, Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz agiria abiapuntu hartuta. Hor, hiru lehentasun ezarri zituen: emakumeen bizi- baldintzak hobetzea, bereizketa hierarkikoa gainditzea eta bereizketaren ondorioak zabaltzea. Hasierako ariketa oso ondo egin zuten sortzaileek, Arangurenen hitzetan: «Planteamendu hura baliagarria izan zitekeen egungo egoeran ere, eta, era berean, oinarri haiek garapen handi baterako aukera eman zuten. Lehentasunak eta lan esparru nagusiak oso ondo markatu ziren».

Larraitz Ugarte sorrerako talde hartan izan zen, eta, azaldu duenez, feminismoaren zeharkakotasuna zuen ardatz manifestuak, eta horren arabera detektatu zituzten eragin eremuak: «Erakundeak gogoeta ekarri zuen herri honen eraikuntza nazionalari feminismotik egin beharreko ekarpenaren inguruan». Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea da Ugarte gaur egun.

Hasierako helburu haiek ere aldatu dira, Bilgunearen bilakaerak zein abaguneak behartuta. Nazio eraikuntza bideratzeko mugimendu feministarekin egin asmo zuten aliantzaz mintzatu da Guarrotxena: «Amesten genuen aliantza estrategiko haren ideia aldatu da, mugimendu feministan bertan interes ezberdinak ditugulako. Orain argi dugu aliantza hori agian ez dela hain estrategikoa, dinamikoagoa baizik».

Orduan, nola lor daiteke Bilgune Feministak aldarrikatzen duen Euskal Herri parekide hori? «Euskal Herriaren eraikuntzan, oinarrietan feminismoa jarri dugu, praktika batzuen bidez», erantzun du Iraolak. Gizarte eredu bidezkoago bat erdiesteko prozesuan, bost esparru estrategiko identifikatuak ditu Bilgunek: hezkuntza, sozioekonomia, hedabideak, politika instituzionala eta kultura. «Pixkanaka, arlo bakoitzean proiektuak bideratuz joan gara, eremu bakoitzean eragiteko tresnak sortuz».

Hala, taldea aitzindari izan da, adibidez, hizkuntza ez-sexista erabiltzeko estilo liburu bat euskaraz lantzen, arte feministari buruzko eztabaida Emakumeok Plazara egitasmoaren bidez proposatzen, festetan andreen parte hartzea indartzen eta autodefentsa feministaren aukera aldarrikatzen emakumeen kontrako indarkeriaren aurka.

«Bilgunek lan ideologiko handia egin du feminismoak herri honetan izan behar duen rolaren gainean», laburtu du Ugartek. Erantsi du erakunde «sendoa» dela, eremu politikoan eragiteko gaitasuna «sobera» erakutsi duena: «Taldea sortu zenean, mugimendu feminista atomizatuta zegoen; ezberdintasun ideologiko handiak zeuden. Harrezkero, esan daiteke asko aurreratu dela ezberdintasunon gainetik elkarlana bultzatzen eta feminismoari mugimendu izaera ematen». Horren seinaletzat jo dute, besteak beste, Emakumeen Mundu Martxaren inguruan sortutako plataforma, eta abortatzeko eskubidea aldarrikatzeko antolatutako dinamika nazionala.

Bestelako eredua zabaltzen

Arangurenek nabarmendu du elkarlan hori mugimendu feministaz harago doala: «Patriarkatua badela aitortzea urrun dago oraindik, jende askok ez duelako onartzen sistema horretan bizi garenik, baina uste dut Euskal Herrian lortu dugula eragile politiko eta sozial gehienek onartzea». Alternatiba feminista mahai gainean jartzeko bidea eman die horrek, «herri honetan zein zapalkuntza dagoen esaten dugunean gure ereduak nolakoa izan behar duen adierazten dugulako».

Aurtengo martxoaren 8ko leloa ildo horretan doa: Euskal Herriaren aldaketa, ezinbestean feminista. «Jendarteak, egoerak eta eboluzioak eman digute zilegitasuna hori baieztatzeko. Euskal Herria feminista izango da, edo ez du izango etorkizunik herri aske gisa», azaldu du Arangurenek. Horrela, berretsi du feminismoa beharrezkoa dela: «Zapalkuntzarik gabeko herri bat eraiki nahi baduzu, ezin duzu biztanleriaren erdia zapalduta eduki».

Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta gogorarazi du Guarrotxenak, 2007an Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak aurkeztutako agiria, eta argudiatu errotiko aldaketa horrek feminista izan behar duela: «Gure jendartea balio feministetan oinarri dadin nahi dugu, eta kartan hiru balio ezarri genituen, benetako bakea eta justizia soziala ekarriko dutelakoan: elkartasuna, askatasuna eta berdintasuna». Prozesu horretan, feminismoak akuilu lana egin behar duela sinetsita dago Ugarte: «Eragile izan behar du, sostengu ideologikoa eman; herri mugimendu, instituzio, alderdi, enpresa eta edozein eremutan egiten den lanari izaera feminista txertatu».

Eta horretan dabil Bilgune Feminista. Esaterako, Gernikako Akordioaren sinatzaileetako bat da. Euskal Herriko gatazka politikoan ikuspegi feminista txertatu beharraz jardun da Guarrotxena: «Emakumeon zapalkuntzak ere aitorpen politikoa behar du. Hori da gure lehentasuna, eta horrekin joaten gara beste egitasmoetara. Gernikako Akordioa sinatu dugu, eta gure elementuak sartu ditugu».

Dena den, nazio eraikuntza eta feminismoa uztartu izana kritika iturri izan da, feminista baino abertzaleago izatea leporatu baitiete Bilgunekoei. Arangurenek dio jauzi bat egon dela Egizan taldearekin alderatuta: «Uste dut eztabaida hori gainditu dugula, ez bi borrokak orekatu ditugulako, baizik eta toki batetik egin dugulako borroka: zapalkuntza hirukoitz baten interpretaziotik, eta Euskal Herri feminista bat eraikitzeko helburutik». Erantsi du zaila dela bata eta bestea bereiztea: «Apustu horretan, ezin ditugu albo batera utzi herri honen aldaketa politiko eta sozialerako beste egitasmoak».

Hamaika egitera

Kideek argi dute feminismoa dela taldearen «esparru naturala». Hamar urteon ondoren, hamaika betetzeko asmotan, etorkizuneko erronken zerrenda luze bat dute. Berdintasun faltsuaren ideia haustea da lehentasunetako bat, eta, horretarako, Arangurenek ezinbestekotzat jo du andre gazteekin lan egitea, «orain artekoa ez galtzeko, belaunaldi berrien kontzientziazioan ia hutsetik hasten delako feminismoa beti».

Munduaren beste erdia ere aipatu du, emakumeek azken 40 urtean eginiko aldaketen ostean gizonezkoen txanda delakoan. Baina argi du borroka feministaren subjektuak emakumezko izan behar duela aurrerantzean ere: «Subjektu aktiboak sortu nahi ditugu, zapalduaren kontzientziak ematen duen indarrarekin».



 

Bi belaunaldi feminista

Izaskun Guarrotxena

Bilbo, 1975

Nor da? Bilgune Feministan izan da hasieratik, eta erakundeko kide ezaguna izan da hainbat urtez. Iaz utzi zion bozeramaile izateari; egun, hezikidetzaren eremutik jorratzen ari da feminismoa.

Bilgunean izaniko momentu bat. «2008ko apirilean egin genituen jardunaldi feministen oroitzapen polita daukat. Oso garrantzitsuak izan ziren; hamalau urte pasatu ondoren, Euskal Herriko mugimendu feminista osoa biltzea lortu genuen berriro. Oso hunkigarria izan zen Portugaletera 1.500 emakume joatea. Bi urteko lanaren ondorio izan ziren jardunaldi haiek, eta, han, lortu genuen eztabaida batzuk sortzea eta elkarrekin bide bat egitea. Hala ere, jardunaldien ondoren ikusi dugunez, ez dugu jakin han bildutako indar guztia saretzen eta hainbat egitasmo denok batera aurrera eramaten».

Miren Aranguren

Iruńea, 1981

Nor da? Gazte mugimendutik feminismora pasatu zen, Bilgune Feminista sortu eta gutxira. Guarrotxenaren lekukoa hartuta, erakundearen bozeramaile dihardu egun.

Bilgunean izaniko momentu bat. «Zaila egiten zait momentu bakar bat aukeratzea, asko izan baititugu Bilgune Feminista osatu dugun familia ugari eta plural honetan. Aniztasun hori Nafarroan ezagutu nuen: pare bat lagun zeuden hasieran, eta, pixkanaka, feminista askorekin harremanetan jartzen hasi ginen; taldetxoak osatu genituen Iruńerrian, Sakanan, Lizarran, Tafallan eta, geroago, Leitzan. Adin, kezka, errealitate eta tradizio militanteei dagokienez, erabat ezberdinak ziren denak. Etxe berean hain askotariko emakumeek tokia izateak asko aberastu du Bilgune Feminista. Altxor kutun bilakatu da haiekin lanean ikasi dudana».

Larraitz Ugarte

Ońati (Gipuzkoa), 1976

Nor da? Bilgune Feminista sortzeko prozesuan parte hartu zuen. Besteak beste, Zuzenbidean doktorea da, eta EHUn irakasle jardun zuen iazko maiatzera arte. Ordutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatua da.

Bilgunean izaniko momentu bat. «Amatasun ereduarekin izan dudan kritikotasunaren ondoren haurdun nengoela jakinarazi nuenekoa gogoratzen dut bereziki: haiek barreak egin genituenak! Hala ere, nire jarrera kritikoari eusten diot, eta dudarik ez dut amatasun kontziente hori Bilgune Feministaren ekarpen bat izan dela. Hor aritzea oso esperientzia polita izan zen niretzat afektiboki, eta oso aberasgarria intelektualki. Oso eskertuta nago, bizitzako esparruetan irizpide feministekin ibiltzen lagundu didalako Bilgunek».

Saioa Iraola

Leitza (Nafarroa), 1987

Nor da? Kazetaritza ikasketak amaitu eta gutxira hasi zen Bilgune Feministako talde nazionalean parte hartzen.

Bilgunean izaniko momentu bat. «Iazko maiatzaren bukaeran, nire herriko 30 emakumerekin batera, 30 urte baino gehiagoz sartzen utzi ez digun herriko enpresara joan nintzen, Sarriopapelera, 50-60 emakumeren curriculumak bilduta. Poza, urduritasuna, gogoa, egonezina… Urteetan, barneratuta eduki genuen herrian bigarren sektorean enplegu bat edukitzeko ezina eta debekua; gero, erreal ikusi genuen eskualdeko askotariko emakumeok hauspoa ematea gure eskubideak errespetatzeko aldarriari, herri ekintza feminista batetik abiatuta. Ikaragarria izan zen une hura, 1998tik erronka bat izan zelako, eta gogorra izan delako herrian hain onartuta zegoen bereizkeriaz kontzientziatzea».



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia