Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 30 - 21:13

2012-04-21

'Gazta zati bat' film dokumentala

Benetako jendearen benetako istorio bat

'Gazta zati bat' film dokumentala estreinatuko dute gaur Donostian, kultura eta politikako eragileen presentziarekin

Autodeterminazio eskubidearen inguruan jendea batu nahi dute filmaren bitartez

Oihana Elduaien Donostia

Nazioen Munduko kideak, atzo, Jon Maia zuzendariarekin eta Xabier Solano zein Zigor Lanpre musikariekin batera. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS


Filmeko hainbat une: idiazabaldarrak trontzan, Eskoziarako bidaia bat, eskoziarrak Lazkaomendin eta Jon Maia Brian Currinekin. / 'GAZTA ZATI BAT'

Benetako jendearen benetako istorioa kontatzen du Gazta zati bat filmak. Idiazabaldik mundura gazta zabalduz autodeterminazio eskubidearen alde ahalik eta jende gehiena batzea helburu duen benetako jendearen istorioa. Gazta bola bat den mundu horretan gazta zati bat izan edo ez erabakitzea nahi duen mugimenduaren istorio bat. Lokaztutako gai bat lokatzetatik ateratzeko saioaren kontakizuna da Nazioen Munduak dokumental honen bitartez pantailara eraman duena, istorio humano bat, une hunkigarri eta alaiekin.

Gaur estreinatuko dute filma, Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian —sarrerak amaituta daude—. Nazioen Munduaren ekimenez egindakoa dokumentala, eta Jon Maiak zuzendu du; Juantxo Sardon izan du argazki zuzendaria, eta Xabier Solanok eta Iigo Azkuek jarri dute musika. Guztiak ere gustura daude emaitzarekin, atzo gazta janez emandako prentsaurrekoan esan zutenez. Estreinaldian politika eta kultur munduko jende ugari egongo da, bai filmean agertzen direnak baita agertzen ez direnak ere. Brian Currin Donostian izango da, esate baterako.

Ideologia desberdinetako jendea egotea bera lorpen bat da filmaren egileentzat. Horixe baita haien xede nagusiena, jendea batzea, duen pentsamoldea edukita ere, autodeterminazio eskubidearen inguruan. Horixe egiteko asmoa dute herriz herri filma zabaltzen dutenean ere: herri bakoitzean autodeterminazioaren aldeko jendea batu.

Azken batean, Nazioen Mundua mugimenduak egindako ibilbidea kontatzen du filmak. Maia zuzendariak dioenez, lanetik irten eta bere gizarteaz arduratzen den jendearen istorioa da, istorio xumea, sinesten den horretan tematuz gero fruituak jasotzen direla erakusten duen istorioa. Batzen gaituena desberdintzen gaituenaren gainetik jartzeko deia. Autodeterminazio eskubidea lortzeko, elkarri lotu eta ekiteko deia.

Politikariak ere agertzen dira dokumentalean, baina ez dira protagonista nagusiak. Herritarrak dira protagonista nagusi, Nazioen Munduan bezala. Mugimendu horretako kideek estrategia politiko guztietatik aparte egon nahi izan dute beti, Angel Oiarbide filmeko protagonistetako batek dioen bezala, haiek egiten ari direna pre-politika baita. Eskubideez ari gara, ez gara politikaz ari.

Autodeterminazio eskubidea dute aldarri, eta hori independentziaren aldekoen zein kontrakoen bilgune gisara ulertzen dute. Nolanahi ere, ez dute lortu PSE-EE eta PPko jendea haien ingurura batzerik. Eta saiatu dira. Saiatu dira telefonoz, saiatu dira aurrez aurre, saiatu dira ahal izan duten bide eta era guztietara, baina ez dute lortu, haiek ez dutelako nahi izan. Nolanahi ere, PSE-EEren jarrera PPrena baino irekiagoa izan dela argi utzi dute. Baina ez dira azaltzen. Maiak ez du dudarik: Etorriko dira; denbora kontua da.

Eskozia abiapuntu

Idiazabalgo bikote batek Eskoziara egindako bidaia du abiapuntu film honek. Eztei bidaian joan, eta Eskozian herri kirolak egiten zirela konturatu ziren. Hala, herri kirolen inguruan hasi ziren harremana egiten. Autodeterminazio eskubidearen eta herri kirolen inguruan. Bi bidaia egin zituzten Eskoziara; eskoziarrak ere ekarri zituzten Euskal Herrira. Euskal Herriko pentsamolde ezberdinetako politikariek Igartzako Agiria sinatzea lortu zuten.

Filmean ikusi egiten da herritarren ilusioaren indarrarekin egin dutela hori guztia. Miramarrera inoiz joan gabeko bat han pertsona ezagunekin ekitaldi bat antolatzen ikusten da, euria egin edo ez, kezka ez ezik nahigabe bihurtzen diren une agonikoak, ondo egindakoaren uzta jasotzearen malkoak, ingeniariak zein geologoak pintxoak banatzen... Auzolana da, gogoa, sinesmena. Honela diote dokumentalean: Euskaldunok eta eskoziarrok dugun egoskortasunaren fruitua.

Mugimenduko kideek ez, Maiak esan zuen filmerako dirua txistorra salduz, taloak eginez, errifak zabalduz eta kamisetak salduz lortu dutela. ETBra publiko gisa joanda, aste bat bai eta hurrengoa ere bai. Eskoziara egindako bidaietarako eta bestetarako dirua behar zuten; dirutza handia da Idiazabalen moduko herri txiki batentzat. Lana eginez, lortu egin dute. Jendeak bere borondatez lan egin du, eta hori nabaritu egiten da dokumentalean. Honela dio Maiak: Ahalegin handia da, baina hauek ez dute mugarik jartzen inoiz. Eta iritsi egiten dira. Mugarik gabe pentsatzen dute, eta hori eskatzen diete euskal herritarrei.

Dokumentalaren aurkezpenaren bideoa, hemen ikusgai

www.berria.info



 

Fitxa teknikoa

Pixel ikus-entzunezko ekoizpenak SLk eta Nazioen Munduak ekoitzi dute Gazta zati bat filma.

Formatua. 16/9.

Iraupena. 90 minutu.

Soinua. Estereo.

Ekoizpen urtea. 2012.

Jatorrizko bertsioa. Euskara, gaztelaniazko azpidatziekin.



 

Filma herrietara eramanez topaguneak egiteko xedea

Gazta zati bat dokumentala Euskal Herriko hiriburu eta herri guztietara iristeko helburua du Nazioen Mundua mugimenduak. Filma erakutsi nahi dute, herritarrek ikusteko Idiazabalen eta Goierrin zer egin duten eta haiek ere egin dezaketen mezua zabaltzeko. Hain justu, helburu hori dute: filmak ematen dituzten herrietan pentsamendu ezberdinetako jendea batzea autodeterminazioaren inguruan. Hasteko, filma ikusten, eta beste zerbaitetara iristen badira, are gusturago egongo dira mugimenduko kideak.

Filma herrietan eman aurretik, tratime batzuk egin behar dituzte, eta maiatz bukaerarako zabaltzen hasteko moduan izango direla uste dute.



 

Mikel Garmendia eta Loinaz Urrestarazu gogoan

Nazioen Munduak bidea egiten hasi zenean ezinbesteko kide zituen Mikel Garmendia eta Loinaz Urrestarazu. Garmendiak bikotekidearekin Eskoziara egindako bidaia batetik sortu zen guztia. Gazta zati bat film dokumentalean ere oso presente daude. Haien inguruan gertatzen dira unerik hunkigarrienak.



 

Jon Maia eta Angel Oiarbide. Filmaren zuzendaria eta Nazioen Munduko kidea

Etorkizuna gure esku dago, gure ardura da. Noraino irits daiteke gizarte arduratsu bat?

Grinaz hitz egiten dute egindakoaz. Badakite tanta txikia dela, baina tsunami handira bidean tanta asko batzeko ahaleginean ari dira.

O. Elduaien Donostia

Egiten duten horretan sinetsi egiten dute Jon Maia filmaren zuzendariak eta Angel Oiarbide Nazioen Munduko kideak. Nabaritu egiten da filmean, eta nabaritu egiten zaie haiekin hitz egitean. Gustura daude egindakoarekin, eta beldurra eta jakin-mina ere badute izango duten harrerarekin.

Zer espero duzue lortzea dokumentalarekin? Zein helburu duzue?

ANGEL OIARBIDE: Gure pauso guztiek helburu bat izan dute: oinarri demokratikotzat eta topagunetzat dugun erabakitzeko eskubidea geroz eta zabalagoa eta oinarri sendoagokoa izatea. Dokumental hau ere bide horretan egin dugu. Gure asmoa da erakustea posible baino gehiago beharrezkoa dela, Goierrin eta Idiazabalen egin bezala, Euskal Herriko txoko guztietan horrelako topaguneak sortzea. Horrek osasuntsuagoa bihurtuko du gizartea eta pentsamolde desberdinetako pertsonen arteko harremana.

[Oiarbideri] Zure eta EAJko zinegotzi Asier Oiarbideren arteko harremanean hasten da hau guztia. Biok diozue ez zela posible izango elkarrenganako konfiantzarik ez bazenute. Politikarien artean ba al dago konfiantza hori?

A. OIARBIDE: Zurrunbilo batean egon gara, ezin arnastu zitekeen giro batean. Azkenean, alderdi politikoak gizartearen isla besterik ez dira. Gure asmoa herritarren arteko konplizitateak sortzea da. Jarrai diezaiokegun eredu bat topatu dugu. Eskoziako eredua egokia da. Erresuma Batuko gizartean, oinarrizko gaietan kontsentsu komunak dituzte, eta jende ezberdinak bat egiten du. Seguru asko, alderdi politikoak horren isla dira. Garrantzitsuena oinarria da; gizartean posible bada kohesio hori, hori islatu egingo da alderdi politikoetan berandu baino lehenago.

Politikarien beharrik ez al dago?

A. OIARBIDE: Bai, noski. Hemen ez dago inor sobran. Ekipo indartsu bat sortu behar dugu: herritarrak, alderdi politikoak, instituzioak eta beste guztiak. Familia batekoak gara, gizarteko kideak. Baten bati pentsarazi diogu alderdi politikoei zerbait leporatzeko ekinbidea dela hau, haiek atzean jarri nahi ditugula. Baina gure asmoa ez da hori; gure asmoa protagonismoa herritarrek hartzea da. Alderdiek tresnak izan behar dute, herritarren tresna. Baina hori ez gertatzearen errua ez dute alderdiek; herritarrok daukagu, dena delegatzen diegulako. Baina etorkizuna gure eskuetan dago, gure ardura da. Zer izan daiteke gizarte arduratsu bat? Zertara irits daiteke? Ardurak geure gain hartzen baditugu, horrek askoz protagonistago izatera bultzatzen gaitu.

Filmean diozue lokatzetatik atera eta garbitu egin nahi duzuela.

A. OIARBIDE: Iruditzen zait pasatuko direla urte batzuk eta atzera begiratu eta esango dutela: 'Nola bizi zineten horrela? Zer gertatzen zer gizarte horretan?'. Kooperatibak aurrera ateratzeko elkartu eta kapaz gara denok arraunean aritzeko norabide berean. Familietan ere pentsaera bateko baino gehiagoko jendea dago... Non dago gezur hori, ezinezkotzat jotzen dena elkar ulertzea hainbeste sufrimendu sorrarazi duen gatazkaren muinari heltzeko? Sinetsita geunden hori normala zela. Orain, adibide bat daukagu. Erresuma Batuan demokraziarako bidean 200 urteko bidea duen herri batek autodeterminazioa izatea normaltzat jotzen dugu, eta hemen ezinezkoa da! Baina gizarteko beste arlo guztietan bat egiten du hainbat pentsamoldetako jendeak!

Idiazabal eta Eskoziaren arteko konexioa grabatzen ari zinetela, zurrunbiloa lehertu zen, eta grabatzen jarraitzea erabaki zenuten. Noiz erabaki zenuten amaitzea?

JON MAIA: Ikusten genuen gertakizun politikoak dokumentalaren hari nagusi bihurtuz gero hau ez zela bukatuko, hasi besterik ez delako egin. Gainera, tranpa batean eroriko ginateke; berriz ere jarriko ginateke ez dakit non biltzen diren batzuek zer erabakitzen duten zain. Oso argi geneukan hemen protagonistak herritarrak direla, kaleko jendea. Kasu honetan Angel, Ander, Lurdes... Egunero beren lana bukatu eta gizartearekiko ardura bat sentitzen dutelako arazo bat konpontzen saiatzen direnak, beren leku txikitik. Beraz, argi geneukan dokumentalaren harira itzuli behar genuela. Aieteko bake konferentzia gertatu zen eta armak uzteko ETAren erabakia etorri zen —dokumentala grabatzen hasi ginenean inondik ere espero ez genituen bi gertaera—. Horraino egindakoa ondo zegoela iruditzen zitzaigun, eta errematea eman behar geniola erabaki genuen.

Nola?

J. MAIA: Bukaera bat pentsatu genuen, non etorkizunari begira jartzen gaituen, non muga psikologiko batzuk puskatzen dituen. Ezinezkorik ez dagoela erakutsi nahi genuen, eta ikusleari ikusarazi zein izan daitekeen etorkizuna. Guk probokatutako bukaera bat da. Nazioen Munduaren sinesgarritasuna da, gertatu den guztia gertatu aurretik hasi zutela bidea. Eta zer ikusten da oso garbi? Beren garaiari aurrea hartu ziotela, bai Eskozia inoren begiradapean egon aurretik hasi zirelako han lanean eta bai hemen erabakitzeko eskubidea plazaratu zutelako blokeo giro gatazkatsu batean. Herritarrari esaten dio gertakizunen aurretik joan daitekeela, ez dugula zain egon behar, gure ordez zer erabakiko zain. Guk har dezakegu ekimena.

Grabaketa modu berezia du filmak.

J. MAIA: Making off ildo bat eman diogu guztiari, nola egin dugun jakiteko. Dokumentala egitea bera esfortzu handi bat izan da Nazioen Munduarentzat, eta egitea bera ere herri ekimen bat da. Dokumentalean oso garrantzitsua da benetakotasuna. Zigilu bat dauka; oso benetakoa da. Oso autentikoa. Naturaltasun handiarekin egina. Nik uste dokumentalaren edukia eta forma bat eginda doazela alde horretatik. Forma oso hurbila dauka. Etxeko kamerarekin beraiek urteetan grabatutako orduak eta orduak ikusi ditugu... Geu ere azaltzen gara. Oso natural doa. Eskasiak ere ez ditugu tapatzen. Ez geneukan helikopteroa kontratatzeko dirurik, eta Marron lagunari deitu genion, parapente bat daukalako. Gabeziak bertute bihurtzen saiatu gara, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio haien diskurtsoari.

Aurrerantzean lanean jarraituko duzue, ezta?

A. OIARBIDE: Momentu historiko batean gaude. Ez bakarrik Euskal Herrian. Hemen aro berri baten hasieran gaudela denok esaten dugu, baina guk uste dugu aro berria ez dela hasi. Horretarako pieza guztiak mahai gainean daude, baina horrek ziklo oso bat iraun behar du. Olatu hori oraindik ez da hasi. Hasteko garaia da, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Europan ere. Begira Eskoziari. Erreferenduma egin behar dutela esaten dute, eta ez du inolako arazorik sortzen. Nola da posible? Hemen arazo larria dena, eta hamarkadetako sufrimendua sortzen duena, han normaltasuna da. Antsia sortu zitzaigun han zer gertatzen den jakiteko. Horrela hasi ginen. Eskoziako olatua aprobetxatu egin behar da. Gizartea sentsibilizatuta baldin badago eta horren kontzientzia baldin badu, olatuak posizio hobe batera eramango gaitu, eta olatua badator! 2014ra begira olatu hori aprobetxatzeko prestatu beharra daukagu. Txikiak gara, eta aprobetxatu egin behar ditugu datozen olatuak.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia