Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 22 - 01:56

2012-04-25

Bizkaiak ez dio hondakinen ituna berrituko Gipuzkoari

Juan Karlos Alduntzinek esan du erabakiak oztopoak sortu arren Gipuzkoak birziklatzen segituko duela

Jon Eskudero Donostia

Hiri hondakinak pilatuta, Sasieta zabortegian. / AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA

Bizkaiak ofizial egin du azken egunetan iragartzen ari zena: ez du berrituko Gipuzkoarekin duen hondakinen hitzarmena, eta, beraz, Gipuzkoako zaborrak ezingo dira Igorreko zabortegira (Bizkaia) eraman ekainaren 12tik aurrera. Halaxe iragarri zuen atzo Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak: «Bi diputazioen artean zegoen akordioa Gipuzkoak hautsi du, oinarrian aipatutako azpiegiturak egingo ez dituelako. Ez digute argitu nolako kudeaketa plana daukaten». Bilbaoren arabera, Gipuzkoak zaborrak kudeatzeko plan bat martxan jarri bitartean sinatu zuten ituna. Gipuzkoako Aldundiak erantzun dio errauste planta egiteko estutzeko modu bat dela ituna ez berritzea.

Lau urtez eraman dira Debabarreneko 25.000 tona hondakin Igorrera. Kontuan eduki behar da, ordea, mankomunitate horren parte direla Mallabia eta Ermua Bizkaiko herriak ere. Gutxi gorabehera, Gipuzkoako zaborren %7 eraman izan da Bizkaira. Akordioa 2008an adostu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek —bietan EAJ zegoen agintean garai hartan— aurtengo ekainera arte, baina beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Juan Mari Aburto Bizkaiko Aldundiko bozeramailearen arabera, baina, ez zen logikoa hitzarmenarekin jarraitzea, «Bizkaia ez delako nor besteen arazoak konpontzeko».

Adibide bat aipatu du Aburtok argibideak emateko: «Demagun lagun bati gure etxea uzten diogula bere etxean obrak egiten dituzten bitartean. Hilabete batzuk igaro ondoren lanak geldirik daudela ikustea eta lagunak gure etxean jarraitzen duela ikustea bezalakoa da hondakinekin gertatu dena». Aburtoren esanetan, erabakiak ez dauka atzera bueltarik.

Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, berriz, lasaitasun mezua bidali die gipuzkoarrei. Haren ustez, Bizkaiaren erabakia esperotakoa izan da: «Bilbaok egindako adierazpenak ez dira berriak. Birziklatzea eta zaborrak murriztea da gure lehentasunezko ardatza, eta guk horretan jarraituko dugu. Zero zabor politikari eutsiko diogu guk. Bizkaiaren erabakia oztopoa izan daiteke, baina ez handia, gogoratu behar baita soilik hondakinen %7 bidaltzen genuela Igorrera».

Erreakzioak berehalakoak izan dira. Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako EAJko bozeramaileak esan du Bizkaiaren erabakia egokia dela: «Zaborren kudeaketa kaotikoa egiten ari da Bildu, eta txarretik okerrera goaz». Iritzi berekoak dira Gipuzkoako PP eta PSE-EE. Juan Carlos Cano batzarkidearen esanetan, Bildu da arazoaren erantzulea.

Erabakiaren kontra agertu dena Aralar izan da. Rebeka Ubera batzarkidearen arabera, lurraldeek elkarri lagundu behar diote zaborren arazoa konpontzeko.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia