Berria.eus

Asteazkena, 2014ko abuztuak 20 - 12:41

2012-05-08

Frantziako Lehendakaritzarako hauteskundeak. Bigarren itzulia

Merkelen Europak harrera gazi-gozoa egin dio Hollanderi

Lankidetzarako prest egon arren, Europako itun fiskala aldaezina dela ohartarazi dio Alemaniak Frantziako presidente berriari

Hamazazpi urteren ostean Eliseora itzulita, garai berri bat hasi nahi dute sozialistek

Jon Fernandez

Aldaketa Frantzian, eta aldaketa Europan. Garaipenaren gauean behin eta berriz errepikatu du ideia bera François Hollande Frantziako presidente hautatu berriak: «Europa guri begira dago. Ziur EBko beste herrialde askotan ere arnasa hartu dutela, itxaropena berreskuratu dutela, zorroztasuna ezin delako zigor bat izan». Dena dela, kanpainan erakutsi duen gizon neurritsuaren irudiari eutsi dio bigarren itzulia tarte estuz irabazi ostean ere —botoen %51,62 jaso ditu, eta %48,38 Nicolas Sarkozyk—. Errotikako aldaketatik baino aldaketa lasaitik gertuago daude bere hitzak. Aro berriaz ari dira hamazazpi urteren ostean berriz ere Eliseora iritsi diren sozialistak, baina ikusteko dago zenbaterainoko indarra izango duen Hollandek iragarritako aldaketak eragiteko —etxean zein Bruselan—, batez ere Angela Merkelek dagoeneko iragarri dizkion trabak kontuan hartuta.

Alemaniako kantzilerra izan da, hain zuzen, Frantziako presidente sozialistari deitzen lehenengotakoa. Funtsean bi mezu helarazi dizkio, ona bata, eta ez hain ona bestea: Alemaniak besoak zabalik hartuko duela Parisko presidente berria, baina ez dagoela inolako aukerarik Europako itun fiskala berriz negoziatzeko. «Ezinezkoa da itun bat berriro negoziatzea herrialde batean hauteskundeak dauden bakoitzean. Horrela balitz, ezinezkoa izango litzateke lan egitea Europako Batasunean».

Zorroztasuna eta hazkundea

Baina Europako itun fiskala aldatzea eta Bruselan, zorroztasunarekin batera, hazkundea eta enplegua bultzatzeko neurriak sustatzea izan dira Hollanderen kanpainaren promesa nagusiak. «Gaurkoa [joan den igandea] abiapuntu berri bat izan behar da Europarentzat», berretsi du.

Merkelek zorroztasun fiskalaren bidea defendatuz erantzun dio, horrek hazkundeari kalterik ez diola egiten nabarmenduz. «Orain egiten ari garen eztabaidan bere ikuspegia emango du Frantziak bere presidente berriaren ahotik. Baina txanpon beraren bi aldeez ari gara eztabaidan. Garapena soilik finantza sendoekin eta hazkundearekin lor daiteke».

Hollanderen eskariek, dena dela, hura presidente hautatu aurretik eragin dute Europako politikan Laszlo Andor EBko Lan eta Gizarte Gaietarako mandatariaren ustez. Bruselak hazkundea eta enplegua «nabarmentzea» eragin du. Izan ere, lehen itzulian sozialistek lortutako garaipenaz geroztik Merkelek, Europako Batzordeak zein EBZ Europako Banku Zentraleko presidente Mario Draghik ere eurenganatu dituzte Hollanderen testuak, ñabardurekin bada ere. Presidente hautatu berriak, ordea, aldaketa gehiago nahi ditu Europan: Bruselak finantza eragiketak zergapetzeko Tobin tasa onartzea, eurobonoen jaulkipenez eztabaidatzea, eta Europako Banku Zentralaren rola ere aztertzea.

Kontu horietaz guztietaz hitz egingo dute Hollandek eta Merkelek «ahal bezain laster» egingo duten bileran. Datorren astean bertan izan daiteke bien arteko lehen topaketa, buruzagi sozialistak presidentetza kargua hilaren 15ean hartu ostean. Sozialista frantsesak indartsu joan nahi du Berlineko bilerara, eta Frantziak Europan duen pisua gogorarazi dio: «Ez gara munduko edozein herrialde. Frantzia gara».

Munduko bosgarren potentzia ekonomikoak eta EBko bigarrenak pisu handia izan du orain arteko Europaren eraikuntzan eta norabidean. 2005ean, esaterako, frantziarrek erreferendumean emandako ezezkoak atzera bota zuen Europako Konstituzioaren proiektua —horren ondorioz sinatu zuten bi urte geroago, 2007an, Lisboako ituna—. Hau da, Bruselaren norabidea aukeratzeko orduan Frantziaren onespena ezinbestekoa dela gogorarazi nahi izan dio Hollandek Merkeli.

Sozialisten «harrotasuna»

Bruselara begira ez eze, Parisera begira ere mezu ugari bidali ditu Frantziako V. Errepublikako zortzigarren presidente hautatuak. Parisko Bastillan, duela 31 urte Frantziako azken zentro-ezkerreko presidente François Mitterrandek —1981etik 1995era bitartean egon zen agintean— garaipena ospatu duen leku berean bildu da jarraitzaileekin Hollande bozetako emaitzak jakin bezain laster. «Duintasuna eta erantzukizuna» berbak erabili ditu, baina batez ere «harrotasuna» nabarmendu du, hamazazpi urteren ostean Eliseoa berreskuratzearen harrotasuna.

Frantziako V. Errepublikako bigarren presidente sozialistak 11 urte egin ditu PS Alderdi Sozialistako idazkari nagusi bezala, eta azken bi urteetan Eliseorako hautagaitza prestatzen aritu da. Hemendik aurrera bere lehentasunak berdintasuna, gazteria, justizia soziala, hezkuntza eta Europa «hazkundera eta enplegura bideratzea» direla berretsi du. Helburu horiek betetzeko hainbat promesa egin ditu Hollandek kanpainan zehar: urtean milioi bat eurotik gora irabazten duten enpresa handiei eta pertsonei zergak igotzea, gutxieneko soldata igotzea —1.398 eurotan dago gaur egun—, 60.000 irakasle gehiago kontratatzea eta erretirorako adina 62 urtetik 60ra jaistea.

Hollanderen lehen erronka nagusia, dena dela, ekaineko hauteskundeetan, hirugarren itzulia deiturikoan, sozialistek parlamentuan gehiengo zabala lortzea izango da, agindutako neurriak zailtasun gehiegi izan gabe aurrera ateratzeko. Ifop institutuaren inkestaren arabera, zentro-ezkerreko alderdiek —PSk, Berdeek eta Ezkerreko Fronteak— botoen %44 lortuko lituzkete ekainean; UMP kontserbadoreak botoen %32; eta eskuin muturreko Fronte Nazionalak botoen %18. 2007an botoen %36 baino ez zuen jaso zentro-ezkerrak legebiltzarrerako bozetan. Halere, iragan igandekoak da Ifopen inkesta, eta hilabeteko epean aldaketak egon daitezke boto joeretan.



 

2,13

Boto zuriak eta baliogabeak.

2012ko presidentetzarako hauteskundeek marka ezarri dute boto zuriei eta baliogabeei dagokienez: biak batera kontuan hartuta, 2,13 milioi herritarrek eman dute halako botoa. Lehen itzulian 700.000 izan ziren.



 

ESANA. SIGMAR GABRIEL. SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren presidentea

«Hollanderen garaipenak ez du soilik Frantzia aldatuko, Europak beste bide bat hartzeko ere balioko du»



 

Hilaren 15ean ezagutaraziko du Hollandek lehen ministroa

François Hollandek hilaren 15ean jakinaraziko du lehen ministroaren izena, hain zuzen presidente kargua hartzen duenean. Hiru dira aipatu diren hautagai nagusiak: Martine Aubry PSko idazkari nagusia, Jean-Marc Ayrault PSren legebiltzarreko taldeko burua eta Manuel Valls Evryko alkatea.



 

Aro baten amaiera

Nicolas Sarkozy ez da legebiltzarretarako kanpainan egongo; UMP bera gabe hasi da bide berria egiten

Amagoia Mujika

Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuaren eta UMP alderdiaren irudiaz jabetu da bost urteotan; botere egiturok bera izan dute protagonista. Hemendik aurrera, baina, porrota onartuta, ekaineko legebiltzarreko kanpainatik kanpo egongo dela jakinarazi du, eta Eliseoan atzo bere taldearen aurrean berretsi zuen hauteskunde gauean jarraitzaileei iradokitakoa: politikatik erretiratu egingo da, Le Figaro egunkariak jakinarazi duenez. Sarkozyren zigilua zuen eskuinari, beraz, bere nortasuna berriz definitzeko garaia heldu zaio.

Frantziako eskuinarentzat zalantzazko uneak dira, eta kanpainaren amaieran UMPko buruzagien artean egon diren iritzi ezberdinak geroaren aurrekari izan daitezke. Fronte Nazionalaren botoak beneganatu nahian Sarkozyk gogortu zuen diskurtsoak Errepublikaren marra gorriak zeharkatzeko arriskua dutela uste izan dute batzuek, François Fillon lehen ministroak ordezkatzen duen eskuin moderatuak, besteak beste.

Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruaren eta Nicolas Sarkozyren mezuen artean ez baitago alde handirik. Immigrazioaz eta nortasun nazionalaz hizketan, nazioaren eta arrazaren inguruan egituratutako pentsamendua goraipatu dute biek, eta diskurtso horri eutsi diote alderdikideek Sarkozyk batuta eskuan izan duen bitartean.

UMP alderdia Jaques Chiracen RPR Errepublikaren Aldeko Batasunak eta Jean-Pierre Raffarinen DL Demokrazia Liberala alderdien bat egiteak eragin zuen, 2002an. Chiracek zentro-eskuineko bloke indartsua egiteko beharra gauzatu zuen, Fronte Nazionalari goranzko bidea ixteko — bigarren itzulira igarotzea lortu zuen orduan—. Hamarkada baten ondoren, eskuin muturrak baldintzatutako politikari egin beharko dio aurre berriz, UMPk.

Hasteko, alderdiak zentroarekin eta eskuin muturrarekin dituen harremanak aztertu beharko ditu kokatzeko, eta Sarkozy ordezka dezakeenen artean bi izen nabarmentzen dira. Jean-François Cope oso maite ez duten alderdikideek esan izan dute Sarkozyren porrota nahi zuela 2017an hautagai izateko. Eskuinean, diskurtso gogorra dauka, baina Fronte Nazionalarekin ez du aliantzarik nahi. Lehiakide nagusia François Fillon da; legebiltzarkideek estimatua, gaullismo sozialaren tradizioaren ordezkaria. Alain Juppe Atzerri ministroa ere gehien entzuten den izenetako bat da, eta atzo legebiltzarreko hauteskundeetara ez dela aurkeztuko iragarrita ere, hiru gizon horiek gidatuko dute kanpainaren taldea. Dagoeneko hasi dira esanez, «arrisku izugarria» litzatekeela ezkerrak eta PS alderdi sozialistak «Frantziako botere politiko guztiak bereganatzea». Hiru horien artean Sarkozyren muturreko joerak banatu zituen filak elkartzen saiatuko dira, eta Sarkozyk UMPtik urrundu dituenak ere bai, Frantzian pisua izaten jarrai dezan.

Ezkerra eta sozialistak ez ezik, eskuin muturrak ere haien banaketa baliatuko du «eskuinaren erreferentzia» izateko, Marine Le Penek lehen itzulian botoen %17,9 eskuratuz gero errepikatu izan duen bezala.

Sarkozyren agurra

Nicolas Sarkozyk duela bost urte pobreen bizitza hobetuko zuela agindu zien herritar itxaropentsuei, baina gutxira aberatsen presidente bilakatu zen, krisiaren aurrean ez itxura oso onekoa: luxuzko bizitzak eta jarrera harroak inoiz Frantzian presidente batek izan zuen babes txikiena izatea eragin zuten, 1958tik berriz aukeratu ez duten presidente bakarra izateraino.

Emaitza ofizialak eman aurretik onartu zuen herenegun bere jarraitzaileen aurrean porrota, ezohiko diskurtsoa eginez, umil antzean, elegante. Politikari emandako 35 urteak gogoratu zituen; lehen lerroan azken hamarrak, bost, presidente, eta ongietorria egin zion Hollanderi.

Ez du argi eta garbi esan badoala, baina orain «frantziar arrunt bat» izan nahi du: «Frantziarren artean beste frantziar bat». Dena den, joan aurretik batasunerako deia egin die alderdikideei: «Ez banatu. Legebiltzarreko bataila irabazi behar dugu». Izan ere, galdu bai, baina aldea ez baita horrenbestekoa izan: hiru puntu pasatxo, inoiz bi hautagairen arteko txikiena. Marsellesaren doinuan «maite zaituztet» esanez joan da Sarkozy, ikusi beharko da nora.



 

Krisiaren eraginez aldatu den 17. gobernua da Frantziakoa

Duela lau urte mundu mailako krisi ekonomikoa lehertu zenetik, bata bestearen atzetik erori dira gobernuak Europan, herrialde batzuetan gainera behin baino gehiagotan: zentro-ezkerrekoak zein zentro-eskuinekoak. Zerrenda luze horretan azkena Nicolas Sarkozy Frantziako orain arteko presidente kontserbadorea izan da, hamazazpigarrena hain zuzen ere: lehenengoa Islandiako lehen ministro Geir Haarde izan zen, Hungariako Ferenc Gyurcsany gero, Irlandako Brian Cowen jarraian, Erresuma Batuko Gordon Brown laborista, Danimarkako lehen ministro Lars Lkke Rasmussen liberala, Jose Socrates Portugalgo lehen ministro sozialista, Georgios Papandreu Greziako lehen ministro sozialdemokrata, Silvio Berlusconi Italian, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialista Espainian, YvezLetermek Belgikan, Tarja Kaarina Halonen sozialdemokrata Finlandian, Mirek Topolanek eta Jan Fischer lehen ministroak Txekiar Errepublikan, Iva Radicova Eslovakian, Borut Pahor Eslovenian, Emil Boc eta Catalin Predoiu zentro-eskuinekoak Errumanian eta Mark Rutte Herbeheretan.



 

Afganistango erretiratzea hil honetan iragarriko du Parisek

Manuel Valls François Hollanderen kanpainako zuzendariak jakinarazi du hilaren 20an Chicagon (AEB) NATOren goi-bileran jakinaraziko duela Frantziak ofizialki Afganistango erretiratzea. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusia atzo mintzatzekoa zen horri buruz Hollanderekin.



 

PS ez da Bayrourekin lehiatuko ekaineko bozetan

Marisol Touraine PSko diputatuak jakinarazi duenez, Alderdi Sozialista «koherentea» izango da, eta ekaineko legebiltzarrerako bozetan ez da François Bayrouren aurka lehiatuko hura aurkezten den departamenduan, Pirinio Atlantikoetan —Ipar Euskal Herria dago departamendu horretan—.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia