Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 30 - 23:14

2012-05-08

Basagoiti: Ez dauka zentzurik Lopezek gobernatzen jarraitzeak

Hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio PPk PSE-EEri, eta Lopezek gaur erantzungo du, gobernu bileraren osteko agerraldian

Jesus Egigurenek uste du Jaurlaritzari eutsi eta legealdia amaitu egin behar dela

Oihana Elduaien

Hautsi da. Ikusten zena gertatu da. PPk eta PSE-EEk ez dute elkarlanean jarraituko Eusko Jaurlaritzan. Antonio Basagoiti EAEko PPko lehendakariak jarri zion ahotsa hausturari: Ez du zentzurik Patxi Lopezek gobernatzen jarraitzeak. Amaitutzat eman du akordioaren ibilbidea, eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Lopezi. Horretaz hitz egiteko Lopezekin bilera egin nahi dutela ere aurreratu du, Punto Radion egin dioten elkarrizketan. Nolanahi ere, bozak egin bitartean Jaurlaritzarekin jarrera arduratsua izango duela nabarmendu du Basagotik.

Lehendakaritzatik ohar labur bat baino ez dute kaleratu Basagoitik esandakoak baloratzeko, eta Mariano Raxoiren gobernuari jarraituz autogobernua zein herritarren interesak ez babestea egotzi dio PPri. Nolanahi ere, Lopezek gaur egingo du Basagoitiren iragarpenaren inguruko balorazioa komunikabideen aurrean. Gobernuko sailburu guztiekin bilduko da aurrena, astero bezala, eta haren ondoren agertuko da. Nolanahi ere, lehendakaritzako iturriek Efe agentziari esan diote ez zaiela egoki iruditu hausturaren berri irrati bidez ematea, eta gaineratu diote PPk azaldu egin beharko duela PSE-EEk akordioko zein puntu urratu duen.

Itxura guztien arabera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egingo dira, beraz. Martxoan beteko dira lau urte orain hurrengo bozak egin zirena, baina ez dirudi lau urteko epea beteko denik. Legealdia bururaino eraman daitekeela iradoki dute, hala ere, Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak eta Odon Elorza PSE-EEko diputatuak. Jaurlaritzari eutsi egin behar zaiola esan du Egigurenek Euskadi Irratian: Hobe bakarrik lagun txarrekin baino, esan zuen.

Basagoitik argi dauka ordea, bozak aurreratzea nahi du. PSE-EE eta PPren arteko akordioa inoiz ez dela erraza izan esan zuen Punto Radion, eta azkenaldian, adostasunak topatzea gero eta nekezago egiten zaiela. Horregatik, duela hiru urte sinatutako akordioak gero eta logika gutxiago duela eman zuen aditzera. Espainiako Gobernuak bultzatutako murrizketen kontra Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko duela jakinarazi zuen Lopezek joan zen astean, eta Basagoitiren arabera, hori erabakigarria izan da: PPk bere egin ezin dituen gauzak proposatzen ari da PSE-EE. Bera babesten dutenei eraso egiten dieten gauzak proposatzen aritzea egotzi dio Basagoitik Lopezi. Hargatik, ez dio zentzurik ikusten elkarlanerako itunari eusteari.

Lopezen gobernuak ezker abertzalearekin duen jarrera ere ez du gustuko PPk. Irmotasuna falta zaio.

Interesen defentsa

Herritarren interesak ez defendatzea egotzi diote elkarri PPk eta PSE-EEk. Lopez herriaren interesak defendatzeaz baino kezkatuago dago, Basagoitiren irudiko, bere alderdiko gauzak defendatzearekin. Horregatik aurreratu nahi ditu bozak: Ez dugu botoekin pentsatuta egiten, herri baten onerako dela uste dugulako baizik. Aro bat amaitu da, PPren ustez, eta orain Euskadik bide berri bat abiatu behar du.

Hala ere, PP-PSE-EE akordioa garrantzitsua izan da, Basagotiren arabera: Gizartearen amorrazio giroa amaitzea ekarri du, eta ETA bukatzeko ekarpenak egin ditu. Baina, orain, gauzak aldatu egin direla ikusten du PPk, eta lasaitasunez eta moderazioz gaia aztertu nahi du PSE-EErekin, bilera bat eginez. Bilera hori aste honetan bertan egitea nahi luke Basagoitik. Normalkuntzak eta elkar ulertzeak garai berriak behar ditu. Ez da ezer gertatzen beste aro batera pasatuta.

Patxi Lopezen iritzian, berriz, PP da herritarren interesak defendatzen ari ez dena. EAEko PPren buruak Mariano Raxoiren gobernuaren murrizketei eta politikei jarraitzea lehenetsi du, Euskadiren autogobernua eta herritarren eskubideak defendatu beharrean, dio lehendakaritzatik komunikabideetara bidali duten oharrak.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak ez zuen gaiaren inguruko baloraziorik egin nahi izan, hori Patxi Lopezi dagokiola uste duelako. Hala ere, harrituta agertu zen Basagoitik hauteskundeak eskatu dituelako. Izan ere, PPren bozeramaileak asteburuan argitaratutako elkarrizketa batean esan zuen legegintzaldia amaitu egin behar dela.

Mariano Raxoi Espainiako gobernuburu eta PPren buruak esan zuen ez zekiela Basagoitik ituna amaitutzat jo behar zuela. Hala ere, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan zuen babestu egingo dutela Basagoitik hartzen duen edozein erabaki. Haren esanetan, EAEko PPko kideek dakite ondoena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarteak zein behar dituen.

Bide bera hartu du PSOEren buru Alfredo Perez Rubalcabak ere. Patxi Lopezek gaur esaten duena ehuneko ehunean babestuko duela iragarri zuen.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia