Berria.eus

Asteartea, 2014ko irailak 2 - 01:24

2012-05-17

Ibon Sarasola. Euskaltzaina

Euskararen batasunaren alde egin dudan lana da pozgarriena

Euskadi Ikerketa Saria jaso du Ibon Sarasola euskaltzainak, euskararen alde egin duen lanagatik. Ilusioz eta pozik hartu du.

Ainara Arratibel Gascon

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Euskararen batasuna posible egin zuen belaunaldiari eskaini dio Ibon Sarasola euskaltzainak (Donostia, 1946) Euskadi Ikerketa Saria. Euskal Filologian katedraduna ere bada Sarasola, eta atzo jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen duen garaikurra. Euskararen aldeko militantzia galduz joan dela uste du, baina haren beharra defendatu du.

Nola hartu duzu saria?

Pozik eta ilusio handiarekin. Saria nik jasoko dut, baina ez da soilik nirea. Euskararen batasuna posible egin zuen belaunaldiari eskaini nahi diot. Oso harro nago belaunaldi horretako parte izateaz. Uste dut lehen aldiz belaunaldi batek bere eginkizuna bete zuela, eta txukun bete zuela, gainera. Euskara batua gizarteratzeko lan handia egin zen, eta milaka pertsonak parte hartu zuten lan horretan. Horiek gabe ez genuke euskara batua izango.

Euskararen inguruan urteetan egin duzun lanagatik saritu zaituzte. Egin duzun lan horretatik zer azpimarratuko zenuke?

Ikertzaile militante bat naizen aldetik, niretzat pozgarriena eta aberasgarriena izan da euskararen batasunaren alde eta, oro har, euskararen geroaren alde egin dudan lana. Hasiera-hasieratik ikusi nuen euskarak estandar bat behar zuela, normalizazio bat. Bestela, gureak egin zuen. Orotariko Hiztegia ikuspegi horretan txertatzen da.

Gaur egun, ordea, askok erabiltzen dituzte euskalkiak, eta haien garrantzia defendatzen dute.

Nik uste dut euskalkiek haien lekua dutela, baina ahozko hizkuntzan. Nik, adibidez, ez dut imajinatzen neure burua semearekin euskara batuan hitz egiten. Idatzian, ordea, ez diet aparteko tokirik ematen. Hizkuntza konpetitiboetan, euskalkien gisakoak pixkanaka desagertzen ari dira. Alemanian gertatzen dena da horren adibide. Mitxelenaren esaldi bat ekarriko nuke gogora: Asko maite ditut euskalkiak, baina gehiago euskara batua. Erabat ados nago horrekin. Bigarren mailako gauza bat salbatzeagatik ezin dugu galdu garrantzitsuena.

Batzuek diote euskara batua gehiegi oinarritzen dela gipuzkeran. Zein iritzi duzu horri buruz?

Hala behar zuela uste dut. Bizien eta erdigunean zegoen euskalkian oinarritu behar zuen euskara batuak.

Nola ikusten duzu euskara batuaren egoera?

Uste dut gauzak nahiko txukun egin zirela hasieratik. Zorte handia izan genuen hasieratik; izan ere, euskararen nolabaiteko ofizialtasuna onartzearekin batera amaitu genuen euskara batuaren oinarria prestatzen. Hamar urte lehenago iritsi balitz, ez dut pentsatu ere egin nahi zer gertatuko zen. Bestalde, 1980. urtetik aurrera aukera egon zen corpusarekin ordenagailuan lan egiteko, behar zen unean. Gaur egun, euskara ere gaztelania eta frantsesa bezain batua dago ia. Nik uste, egun, arazoa gehiago dela euskarak gizartean duen pisua. Garai bateko militantzia hori galduz joan da. Horri lotuta nabarmenduko nuke ezagueraren militantzia. Euskaltzaindiak, adibidez, egunero ematen ditu arauak, eta jakingarriak diren liburuak ere argitaratzen dira; baina batzuk planto egiten ari dira. Irakasleez ari naiz, kazetariez... Ez diote garrantzirik ematen ezaguera eguneratzeari, baina funtsezkoa da horretan jarraitzea; gainontzean, kalte egiten ari gara euskara batuari. Euskararen batasuna gauza serioa da.

Ikerketaren militante zarela esan duzu. Zertan ari zara orain?

Bi gauzatan ari naiz. Euskaltzaindiaren hiztegi ofizialaren 1.0 bertsioa udazkenean aterako da, eta 1.1 bertsioa prestatzen ari gara. Gainera, Egungo Euskararen Hiztegia prestatzen ari naiz.

Orotariko Hiztegia egiteko metodologia bera erabiltzen ari zara?

Metodologia berdina da, baina egungo euskarara egokitua. Euskara ikaragarri aldatu da 25 urtean. 2000. eta 2007. urte arteko euskararen corpusa ari naiz erabiltzen; 25 milioi termino ditu. Ikaragarria da diferentzia aurrekoarekin. Hedabideetatik eta liburuetatik hartu dugu. Zein joskera nagusitzen ari diren aztertzen ari naiz. Urteetako lana da. Orain arte, erdia inguru egin dut. Une honetan, p letrarekin ari naiz; herenegun, plataforma hitzarekin aritu nintzen. Hitz horrekin baditut 300 bat erabilera adibide, eta horietatik hogei bat aukeratu behar ditut, esanguratsuenak.

Euskara onerako edo txarrerako aldatu da?

Nik uste onerako, gaitasuna izan baitu errealitate berrietara egokitzeko. Horrek esan nahi du euskarak baduela bizi-maila bat.

Nola ari dira eragiten murrizketak zure lanbidean?

Guztiei bezala eragiten digute. Baina nik mezu baikor bat eman nahiko nuke: ziur nago aurrera aterako garela. Militanteak garenok horretan jarraituko dugu. Horregatik, agian, sekula baino beharrezkoagoa da gizartearen militantzia hori.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia