Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 30 - 21:13

2012-09-30

Gazteriaren indarra zukutzera

Gazte independentista eta sozialistek erakunde berri bat sortzeko prozesua hasi dute, tresnarik gabe zeudela ikusita. Herriz herriko lana abiatu dute, eta udaberrian sortuko dute mugimendua.

Garikoitz Goikoetxea Zarautz

Gazte Zukgua izeneko prozesuari atzo eman zioten hasiera, Zarautzen. / JON URBE / ARGAZKI PRESS


Jai giroan egin dute Zarauzko ekitaldia. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Gogor pairatu dute errepresioa urte luzez, eta mugimenduan eragin du horrek. Tresnarik gabe geratu dira ezkerreko gazte independentistak. Zer egin, aurrera nola jo, hori pentsatzen eman dituzte udako hilabeteak, eta ondorio batean ados jarri dira: tresna bat, egitura bat beharrezko dutela. Nolakoa izan behar duen erabakitzeko gogoeta hasi dute orain, Gazte Zukgua izenarekin; zu eta gu kontzeptuak lotu dituzte gazteen indarrari zukua ateratzeko. Udazken-neguko gogoetaren ostean, udaberri aurretxoan sortuko da taldea.

Zarautzen (Gipuzkoa) jarri zuten gazte antolakunde berria sortzeko lehen hazia, atzo. Berrehun bat lagun bildu ziren, jai giroan, udan herriz herri jasotako inpresioak partekatzeko eta aurrera begirako gogoetak nola bideratu aztertzeko. Erakundea behar zen aztertzen zortziehun bat gazte aritu dira; nola taxutu erabakitzeko prozesuan gehiago biltzeko itxaropena dute.

Ateak zabalik dauzkate. Premisa bakarra jarri dugu: independentista eta ezkertiar sentitzen direnen bilgune izatea, azaldu du Berriatuko (Bizkaia) taldeko kide batek. Bozeramailerik ez du gogoeta prozesuak; herriz herriko kideak inguratu ziren atzo kazetariengana azalpenak ematera.

Gizabanakoek parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute, eta guztien artean gizabanakoek jasotzen dutena ere bai. Hortik datorkio prozesuari izena: Gazte Zukgua. Fruten irudia hartu dugu, eta hori zukuarekin lotu dugu, zukua ateratzearekin. Eta zukgu izena erabili dugu gizabanakoek elikatuz egiten delako prozesu kolektibo bat, eta horrek berak gizabanakoa ere elikatzen duelako. Fruta jan eta harekin jolastu ziren atzo.

Udako gogoetak izandako bidearekin pozik daude, eta itxaropen horrekin heldu diote udazken-neguko erronkari. Tresna sortzea da gakoa. Ikusi dugu gazte multzo handi bat badagoela hor, eta behar duela antolatzeko tresna bat. Zestoako (Gipuzkoa) talde eragilean parte hartzen ari diren kideetako batek adierazi du hori, eta ondoan dituenek berretsi egin dute haren iritzia. Bilera irekien formatuarekin segitzeko asmoa dute, baliagarri dela uste baitute.

Egoera iraultzeko asmotan

Bost gunetan banatu zuten atzo Zarauzko Gaztelekuko frontoia, eta bost horiek izango dituzte ardatz aurrerantzeko jardunean: Eraiki, Eztabaidatu, Harremandu, Izan eta Ekin. Gure filosofia horretan oinarrituko da. Eta zer aztertuko dute aurrerantzean? Hiru gai aipatu dituzte: egungo egoera orokorra, Euskal Herrian sortutako egoera politiko berria eta gazte mugimenduaren estrategia. Egungo egoerara egokitutakoa, baina egoera irauli asmo duen estrategia finkatuko dugu.

Beste estilo bat nahi dutela dio Zestoako kideak: Ziklo politikoaren isla, freskotasuna nahi dugu. Zukuarekin hori islatu nahi dugu. Gauza berriak nahi ditugu.

Gogorik, borondaterik badago horretarako gazteen artean, edo lokartuta daude? Nafarroatik heldu dira erantzunak. Jarrera ona agertu du jendeak orain arte. Parte hartzeko gogoz etorri dira, jakinarazi du Leitzako lagun batek. Berdin Lesakan ere: Galdezka etorri zaigu jendea azken hilabeteetan.

Zarautzen jarri zuten fase berriaren lehen hazia atzo, eta herriko talde eragilea aurkezteko baliatu zuten. Beharra badagoela uste du jendeak. Gogoz hartu dute ekinbidea, dio kide batek. Hori ikusaraztea izango da eragileen ardura; jende gehiago erakartzea. Beharra piztu ere egin dugu, jendea xaxatu, esan du zestoarrak.

Bidean askotariko jendea topatu nahi dute, independentistak eta sozialistak. Gazte mugimenduko espresioak bildu nahi ditugu, talde plurala eta ikuspegi zabalekoa izateko. Nazioartera ere joko dute, Oslora, foro batera. Herriz herri batutakoarekin, martxoaren 2an egingo dute topo guztiek; kongresu batean sortuko dute gazte erakunde berria. Jai bat ere egingo dute aurrerago.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.gaztezukgua.info



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia