Berria.eus

Asteazkena, 2014ko uztailak 23 - 22:06

2012-11-21

Euskal Lurralde Elkargoa sortzeko aukerarik ez dela jakinarazi du Lebranchuk

Ezin onartuzkotzat eta oso larritzat jo du Deszentralizazio ministroaren postura Hautetsien Kontseiluak

Jenofa Berhokoirigoin Baiona

Marylise Lebranchu ministroa, iragan urriaren 4an, Miarritzen izan zenean. / NICOLAS MOLLO

Frantziako Gobernuak ez du Euskal Lurralde Elkargorik sortuko. Hala adierazi zuen atzo Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak: Euskal Herriarentzako egitura instituzional bat sortzea ez dut posible ikusten.

Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruz postura argitzea galdatu zion atzo Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak, Frantziako Estatuko auzapezen 95. kongresuaren kari. Euskal lurralde elkargoaren eskakizunari begira aterabide juridiko eta instituzionalik ez duela jakinarazi zion Bachori. Ez dugu horretan utzi behar, proposamen bat dugu landurik eta aitzina eraman behar dugu, [...] mobilizazioa maila batez igoz, adierazi zuen barda Bachok Euskal Irratietan.

Ezin onartuzkotzat eta oso larritzat jo zituen Lebranchuren hitzak Jean Jacques Lasserre, Hautetsien Kontseiluko presidenteak. Urriaren 11n Hautetsien Kontseiluko ordezkaritzarekin egin bileran atxiki postura aldatu izana deitoratu zuen Lasserrek: Haren diskurtsoa engainua da, zioen atzo haserreturik. Hala eta guztiz ere, Euskal Herriaren ahotsa eramateko inoiz baino determinatuagorik segitzen duela jakinarazi zuen.

Sylviane Alaux senatari sozialista ere haserre agertu zen, nahiz oraindik esperantzari atxiki: Hitz horiek ez didate plazer egiten, baina ez dugu eskakizuna horretan utzi behar; jarraituko dugu. 2013 hastapenean aurkeztuko den deszentralizazio lege kuadroari aldaketak ekarriz, Ipar Euskal Herriari buruzko atal bat sartzeko esperantza ez du galtzen senatariak.

Tokiko errealitatearen ez ezagutza deitoratu zuen, berriz, Christine Bessonart Ipar Euskal Herriko auzapezen Biltzarreko buruak. Ikusirik euskal lurralde elkargoari buruz osatu sostengu zabala, onarpenik ez ematea ezin imajinatua iruditzen zaio Bessonarti. Paristik ez dugu keinu baikorrik, baina lokalki bai, eta horrek esperantza atxikiarazten dit.

Hautetsien Kontseiluak bilera

Biltzar nagusia egingo du larunbat goizean Hautetsien Kontseiluak, Baionan. Egiturak Frantziako Gobernuari helaraziko dion eskakizuna zehaztuko dute. Departamenduaren eskumenak eta beste zortzi eskumen berezi dituen lurralde elkargoaren proposamenari buruz bozkatuko dute hautetsiek. Eskaerari begira ukandako erantzun ezezkor guztiak digeritzeko eta jarraikitasuna antolatzeko ordua ere izango dela dio Alauxek. Nahiz azken hilabeteetan Euskal Lurralde Elkargoaren aukera hurbiletik aztertu, ez du oraindik bere postura argitua Hautetsien Kontseiluak. Urriaren 11n, Lebranchurekin bildu zirenean, deszentralizazioaren erreforman Euskal Herriari buruzko atal bat sartzeko eskatu zioten, gehituz lurralde elkargoaren aukera aztertzeko galdera.

Frantziaren postura argituz

Ipar Euskal Herriaren onarpena izango zela jakinarazi zuen urrian Lebranchuk: Izanen da [Ipar Euskal Herriaren] onarpena Errepublikaren partetik; estatuaren izenean Ministerioak onartuko du, eta orain eskaerari erantzungo dion egitura instituzional egokiena aurkitzeko lana eraman behar dugu. Haatik, bi aste geroago, Euskal Herriaren onarpenik ez zela izanen argitu zuen Manuel Valls Barne ministroak, gehituz ETAk armak uzten ez dituen bitartean jarrera horretan tinko segituko dutela.

Atzoko Lebranchuren adierazpenek Frantziako Gobernuaren postura argitu zuten, beraz: Ipar Euskal Herriari onarpen instituzionala emateko gogorik ez du. Hala eta guztiz ere, eskakizuna erdietsi arte lanean segitzeko nahia agerrarazi zuten hautetsiek barda.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia