Berria.eus

Asteazkena, 2014ko abuztuak 20 - 22:26

2012-12-20

Hondakinak errausteko baimena emango dio UPNk Portlandi

Ingurumen zuzendariari dagokio baimenak ematea; Nafarroako Gobernuak egingo du, ordea, «arrazoi juridikoak» argudiatuta

Olatzagutiko lantokiak lehendik du biomasa eta egurretik eratorriak erretzeko lizentzia

Mikel P. Ansa

Yolanda Barcina, argazkiaren erdian, iazko hauteskunde kanpainan Olatzagutiko Portland lantokira egin zuen bisitan adierazpenak egiten. / BERRIA

Olatzagutiko Cementos Portland Valderribas lantegiari hondakin mota gehiago erretzeko baimenak emateko prest agertu da Nafarroako Gobernua. Atzo ohar baten bidez jakinarazi zuen beharrezko dituen bi baimenak emango dizkiola enpresari. Portlandek baditu biomasa erretzeko baimenak, baina ez du halakorik erretzen oraingoz. Beste hondakin klase batzuk —pneumatikoak, hiri hondakinen errefusak, araztegietako lohiak...— errausteko baimenak eskatu zituen, eta horiek ontzat jotzeko izapideak laster bukatzeko asmoa duela iragarri zuen gobernuak atzo.

Bi baimen behar ditu lantegiak hondakin horiek errausteko: batetik, ingurumen baimen integratua; bestetik, udalez gaindiko eragina duen proiektu sektoriala onartzea. Gobernuak azaldu du ingurumen baimena eskuratzeko beharrezko dela udalez gaindiko proiektua onartzeko. Eta alderantziz: udalez gaindiko proiektua onartzeko, ingurumen baimen integratua onartzea beharrezko da. Udalez gaindiko proiektu sektorial izendatuta, egitasmoa hirigintza aldetik «bateragarri» egiteko moduan zehaztuko dute. Olatzagutiko Udalak, hain justu, argudiatu izan du hirigintza planen aurkakoa dela hondakinak errausteko xedea.

Gobernuak berak erabakita

Izapideak bizkortzeko, bi baimenak akordio bakar batean emango dituela iragarri du gobernuak. Ezohiko bidea hartu du, gainera. Ingurumen baimen integratuaren azterketa egitea eta eskakizunak egitea Nafarroako Ingurumen eta Ur zuzendariari dagokio. Gai honetan, ordea, gobernuak berak hartuko du erabakia. Goragoko organoek mendeko organoen kontu eta erabakiei buruz ezagutu eta erabakitzeko ahalmena dutela azaldu du gobernuak berak. «Arrazoi juridikoak» aipatu ditu bide hori jarraitzeko, zehaztasunik eman gabe.

3 Mugak Batera plataformako kideek joan den astean aurkeztu zituzten 7.800 pertsonaren helegiteak Olatzagutian hondakinak erraustearen aurka. Esan zuten gobernuak bi baimenak laster emango dituen kezka zutela, urtea bukatzerako beharbada; hala gertatzeko bidea hartu du. Plataformak aurkeztutako helegiteei buruz, ordea, gobernuak ez du aipamenik egin oharrean.

Nafarroako Gobernuak hasieratik babestu du enpresaren proiektua. Olatzagutiko Cementos Portland Valderribas lantegiak (FCC taldekoa da) 2010eko urrian eskatu zuen biomasa errausteko baimena. 2011ko ekainean, udal eta foru hauteskundeak pasatu eta gutxira, baimena eman zion UPNren gobernuak. Egurra, kortxoa, egur azalak, txirbilak, eta antzekoak erretzeko baimena eman zioten. Enpresak ez du baimena erabili oraindik, inbertsio handiak egin behar lituzkeela argudiatuta —1,67 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke; hondakinak hartzeko, pilatzeko eta garraiatzeko azpiegiturak jarri beharko lituzke, baita prebentzio neurriak hartu ere—. Gerora beste baimen bat eskatu zuen enpresak. Zementua egiteko labeetan erabilitako pneumatikoen zatiak, hiri hondakin solidoen errefusarekin egindako erregaiak, araztegietako lohiak eta antzekoak erretzen uzteko eskatu zuen. Urtean 36.500 tona hondakin erreko lituzke Cementos Portlandek baimena eskuratuz gero.

Nafarroako Gobernuarekin akordi bat ere sinatu zuen lantegiak ekainean, batik bat Nafarroako hondakinak errausteko eta elkarlanean aritzeko. Nafarroan eraikitzekoa zen errauste planta bat, hondakinen kudeaketa planaren arabera; errauste planta eraikitzeko prozedura bertan behera utzi zuen gobernuak iaz. Aldi betean, Portlandi hondakinak errausteko baimenak ematen hasi zen. 3 Mugak Batera plataformak sarritan salatu du Portland bihurtu nahi dutela Nafarroako errauste planta. Hori ukatu egin du enpresak.

Lantegiko arduradunek azaldu dute beharrezko zaiela hondakinak erraustea. Petrolio kokea dute ohiko erregai, eta hondakinak merkeago suertatzen zaizkie. Gainera, CO2 isuriengatik ordaindu behar dutena gutxitu dezakete hondakinak erraustuta. Zementugintzaren ekoizpena krisian dela eta gastuak gutxitzea beharrezko duela azaldu izan du enpresak. Enplegua erregulatzeko dosierra urrian aurkeztu zuen Olatzagutiko Cementos Portland Valderribasek; 28 langile kaleratzeko proposamena egin zuen. Beste batzuei, berriz, kategoria beheititu zien. Azken horietako bat, Epi Marin, gose greban da, kategoriaz jaitsi aurretik zuen postura itzultzeko eskatuz. Olatzagutiko alkate izan zen Marin 2009an, hilabete batzuk, NaBaiko zerrendetan.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia