Berria.eus

Astelehena, 2014ko uztailak 28 - 18:23

2013-04-11

Goi tentsioko linearen proiektua hilabete honetan aurkeztuko dute Madrilen

Larunbat honetarako '400 kilovolt, 400 minutu' topagunea antolatu du Autopista Elektrikorik Ez taldeak

Urtzi Urkizu

Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak, atzo, Iruñean. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) herrien artean egin nahi duten goi tentsioko linearen proiektuak aurrera jarraitzen du. REE Red Electrica de España enpresak tramitatu egin du proiektua, eta hilabete honetan bertan aurkeztuko du Espainiako Industria eta Energia Ministerioan.

Proiektuak eragingo dituen kalteak salatu zituen atzo Iruñean Autopista Elektrikorik Ez plataformak —kaltetutako 200 herritik gora daude plataforman—. REEk bilera bat eskatu zuen kaltetuak izango diren herrietako alkateekin, proiektuaren berri emateko. «Bileran parte hartzea onartu genuen, aurka gaudela adierazteko. Eta, bestalde, arlo teknikoko kontu batzuez hitz egiteko», esan du Alberto Frias plataformako kideak.

Kaltetutako herrien iritziz, REEk «aurpegia zuritu» nahi izan du bilerekin. «Ez dago eperik Espainiako Energia Ministerioak herriei informazioa eskaintzeko. Tramitazioaren kontua garrantzitsua da, REEk onartzen baitu linea ez dela beharrezkoa epe laburrean. Baina epe luzerako nahiari egiten dio erreferentzia».

2014ko udarako, sektore energetikoaren plan berria onartuko du Espainiako Gobernuak. «Eta hor ager daiteke linea hau, ala ez. Gure ustez, linearen asmoa ez da pasatzen den eskualdeak energiaz hornitzea, baizik eta energia esportatzea». REE enpresa pribatua da, egun «irabazi handiak» ditu. «Iaz Espainiatik kanpoko esportazioak %78 handitu zituen», azaldu du Friasek.

Europako Batasunak goi tentsioko lineatan alde bakoitzean 400 metroko babesgunea errespetatzeko eskatzen du. «Enpresak, ordea, esaten du hori gomendio bat baino ez dela eta legeak bederatzi metroko muga ezartzen duela bakarrik. Esaten ari dira ez dutela Europako gomendioa errespetatuko, fisikoki ezinezkoa delako».

Friasen arabera, tramitatu behar duten proiektuak ez du justifikazio legalik. «Gainera, prozesua aurrera eramango dute, plan energetikoaren aurretik».

Erreniega inguruan azkeneko hilabeteetan izan diren lurrikarak ez ditu aintzat hartu REEk. «80 metroko dorreak jartzeko asmoa dute egonkorrak ez diren lurretan. Horrek erakusten du zer kalitate tekniko gutxi duen enpresak egindako ikerketak».

Etzi, informazio topaketa

Larunbaterako, Iruñeko Gazteluko plazan 400 kilovolt, 400 minutu topagunea antolatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Ekitaldi nagusia 12:30ean hasiko da. «Kaltetutako herrientzat informazio topaleku bat izatea nahi dugu ekintzak. Era berean, inguruko gizarte mugimendu eta sindikatuekin solas egiteko gune bilakatzea nahi dugu», iragarri du Friasek. Eragile horietako ordezkariei txosten bat emango diete plataformako ordezkariek, proiektuaren hainbat ikuspegi azaltzeko.

«Guretzat mobilizazio egun bat izango da. Goi tentsioko linearen ondorioz kalteak izango dituzten lau eskualdeetako ordezkariak ekintzan izango dira: Iruñerria, Lizarraldea, Sakana eta Goierri». Goi tentsioko lineak eskualde horietan izango duen eragina aztertuko dute, gizarte, ekonomia, turismo eta osasun ikuspegietatik.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia