Berria.eus

Asteartea, 2014ko irailak 2 - 06:14

2013-04-30

AHT Gelditu Elkarlanak ere argi du Nafarroako egungo proiektua ez dutela eginen

Salatu dute Castejon eta Campanas arteko zatia «uharte bat» izanen dela Zaragoza eta 'Euskal Y'-aren artean

Edurne Elizondo Iruńea

AHTaren aurkako protesta bat Izurdiagan (Nafarroa). / JAGOBA MANTEROLA / ARP

Ez dutela eginen. Nafarroako AHT abiadura handiko trenaren egungo proiektua ez dutela bere horretan gauzatuko. Horixe nabarmendu du AHT Gelditu Elkarlanak ere. Joan den astean iritzi bera agertu zuten Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak. AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek ere argi utzi dute, usteaz harago, hori iragartzeko «informazioa» badutela.

Apirilaren 8ko Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorren arteko bileraren ondotik plazaratu zuten prentsa oharra ekarri dute gogora AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek. «Ohar horretan aipatzen zirenen atzean argi gelditzen da Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko trenaren bidea ez dela eginen, ezta Iruńea Euskal Y-arekin lotzekoa ere», azaldu du Aitor Elizaldek.

Ildo horretan, Nafarroaren eta EAEren arteko lotura Gasteiztik eginen dela erantsi du Elizaldek. «Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren artean eraiki nahi den abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa izanen litzateke». Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, zati horretako obretarako baino ez du finantzaketa akordioa Espainiakoarekin. 2010. urtean sinatu zuten hitzarmen hori.

Zati horretatik at, AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek argi utzi dute bultzatzaileen asmoa dela egungo trenbide sareari eustea, «etorkizunean hirugarren erraila egiteko aukerarekin, Europako zabalerara egokitzeko».

Hori kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute, Castejon eta Campanas artean abidura handiko trenaren bidea egiteko asmoari eutsi egin diolako. «60 kilometroko orbaina izanen da, uharte bat, Zaragozaren eta Euskal Y-aren artean, iparraldetik eta hegoaldetik egungo trenbidearekin eginen bailuke bat. Abiadura handiko zati motzena eta zentzugabeena litzateke», azaldu dute. Kostuetan ere bada aldea, agerian utzi dutenez. Egungo trenbidea egokitzeko aurrekontua bi milioi euro ingurukoa litzateke, kilometro bakoitzeko; abiadura handiko trenarentzat, berriz, 11-15 milioi eurokoa litzateke aurrekontua.

Lanak gelditu

AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek argi dute abiadura handiko trenaren obrek ezin dutela aurrera jarraitu, eta Nafarroako lanak bertan behera uzteko eskatu dute, bai eta Euskal Y-a egiteko obrak ere. Gobernua lan horiei eusteko zer arrazoi duen galdetu dute taldeko kideek. Zer mesederen truke eutsi nahi diete lanei?», galdegin dute.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia