Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 1 - 17:54

2013-05-11

Ingurumena. AHTa Nafarroan

UPNk onartu du Castejon eta Iruñea artean baino ez dutela eginen AHTa

Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak egungo egoera ekonomikoa aipatu du proiektua bertan behera uzteko arrazoitzat

Zehaztu du luzera begira ez dutela baztertzen Iruñea eta Gipuzkoa arteko lotura egitea

Edurne Elizondo Iruñea

Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroa iazko uztailean izan zen Iruñean; tren lasterraren geltoki berria ezagutzeko ekitaldian ageri da irudian, Yolanda Barcinarekin. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

«Zurrumurruei» aurre egitera agertu zen Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilari Luis Zarraluki atzo, Nafarroako Parlamentura. Aralar-NaBaik, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta AHT Gelditu! Elkarlanak aurreratutakoa onartu bertzerik ez zuen egin, ordea: Nafarroako AHT abiadura handiko trenaren egungo proiektua ez dela eginen. AHTari Castejon eta Iruñea arteko zatian baino ez diote eutsiko. Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko lotura, eta Iruñea eta Gasteiz artekoa, egungo trenbidea moldatuz eginen dute. Beste errail bat jarriko dute, hirugarrena, egungo bidea Europak ezartzen duen zabalerara egokitzeko. Iruñea Euskal Y-arekin Gipuzkoatik lotzeko proiektua, beraz, bazter gelditu da.

Oraingoz, behintzat. Horixe zehaztu zuen Zarralukik. Kontseilariak argi utzi zuen egungo egoera ekonomikoak bultzatuta egokitu dutela proiektua, eta nabarmendu zuen, batez ere, denbora epeak aldatu direla. Hau da, gaur egun ezin egin daitekeena etorkizunean gauzatzeko aukera ez zuela bazter utziko. Orain mahai gainean jarri duten egitasmoa ere «urrats garrantzitsua» dela erantsi zuen. «Zentzuzkoa, gainera, egungo testuinguruan».

Beraz, etorkizunean Castejongo eta Iruñeko loturak abiadura handian egiteko aukera ez zuen baztertu nahi izan. «Eusko Jaurlaritzak Iruñea eta Euskal Y-aren arteko Ezkio-Itsaso bitarteko loturaren alde egiten du. Lanean ari gara haiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara alternatibak aztertzera. Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina luzera begirako helburua da. 2024rako? Auskalo! Zaila ikusten dut», onartu zuen Zarralukik.

1.200 milioiko aurrekontua

Proiektu berriaren aurrekontua, osoa, 1.200 milioi euro ingurukoa izanen dela azaldu zuen Sustapen kontseilariak. Orain arteko egitasmoarena 4.000 milioi eurokoa zen. Abiadura handiko trenaren kilometro bakoitzaren gastua zenbatekoa den azaldu zuen Zarralukik: Nafarroan, hamar milioi eurokoa. «Hamarrera ez da ailegatzen», zehaztu zuen kontseilariak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste, 40 milioi euro ingurukoa dela gaineratu zuen. Hirugarren erraila egiteko aukera anitzez ere merkeagoa da, aldiz. «Bi milioi eurokoa da gure aurrekontua, kilometro bakoitzeko, trenbideko langak kendu behar badira. Langak kendu gabe, aurrekontua milioi bat eurokoa da, kilometroko».

Nafarroako Gobernuak Espainiarekin duen akordioaren arabera, lanak Madrilek ordaintzen ditu, baina Nafarroak aurreratzen du dirua. Sistema egokitu nahi du UPNk, kopuru hori Nafarroak urtero Espainiako Gobernuari ematen dion sailetik kentzeko, eta, modu horretan, «lan horiek Nafarroari bertze gasturik ez eragiteko». Zarralukik azaldu zuen proiektuan egindako moldaketak ontzat jo dituela Espainiak, eta, ondorioz, hitzarmen berria sinatu beharko dutela datozen hilabeteetan.

Sustapen Batzordeko parlamentarien artean askotariko iritziak eragin zituzten Zarralukiren atzoko hitzek. PSNko Maite Esporrin haserre agertu zen gobernuak egindako aldaketekin; Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak, berriz, ontzat jo zituzten. UPNk uste du proiektu berriak «oinarrizko aldaketarik» ez duela eraginen; halaxe erran zuen atzo parlamentuan alderdi horretako parlamentari Marivi Castillok. PPNk, berriz, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, «egin beharreko» urratsa zela nabarmendu zuen.

PSNko Maite Esporrinek, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu zizkion kontuak. «Ezaugarri behineneko trenaren aldekoak gara gu. Aldaketek Nafarroari egiten diote kalte. PPk proiektuaren alde eginen zuela erran zigun, baina engainatu egin gaitu, beti bezala».

Bertzelako balorazioa egin zuen Bilduko parlamentari Victor Rubiok. Proiektuan egindako aldaketak ontzat eman zituen, eta ontzat eman zuen, halaber, aurrekontuak nabarmen behera egin izana. Castejon eta Iruñea arteko zatian abiadura handiko trenari eustea, hala ere, gogor kritikatu zuen parlamentariak. Izan ere, Zaragozarako eta Gasteizerako bidearekin loturarik gabe, 65 kilometroko irla baten modukoa izanen da AHTa zati horretan. Nafarroako Gobernuak proiektu hori egiteko zer interes duen galdetu zuen parlamentariak. «Asmo horrekin aurrera jarraitzen badu gobernuak, AHTa Los Arcoseko zirkuituaren gisakoa izanen da; hori bai, zuzena».

Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longasek Castejon eta Iruñea arteko zatia ere eginen ote duten zalantzan jarri zuen. «Castejon eta Iruñea artekoa izanen da, edo Tafallan geldituko da abiadura handiko trena?», galdetu zion kontseilariari.

Ezkerrako Marisa de Simonek ere «berri ontzat» jo zuen hasierako bidetik 65 kilometro baino ez egitea eta aurrekontua murriztu izana. Castejon eta Iruñea arteko zatia egiteak zentzurik ez duela erantsi zuen, ordea, eta egindako aldaketek agerian utzi dutela «porrot egin» duela gobernuak.

Geroa Baik ere, prentsa ohar baten bidez, «porrot handitzat» jo zuen UPNk ezaugarri behineneko trenari buruz egin duen kudeaketa. Gobernuak Castejon eta Iruñea arteko zatia bakarrik eginen duela onartu eta gero, zati horren inguruko «informazio zehatza» eskatu du koalizioak.

Castejon eta Iruñea arteko AHTaren zatia bertan behera uzteko eskatu zutenekin bat egin zuen AHT Mugitu taldeak atzo. Euskadi Irratian mintzatu zen Gorka Ovejero, Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartakada emateagatik epaituko duten kideetako bat. «Halako zati txikian abiadura handiko trenak ez du zentzurik», erran zuen. Administrazioak AHTaren kostuei aurre egiteko zailtasun handiak dituztela erantsi zuen.

Castejon-Iruñea zatiko aurrekontua 675 milioi eurokoa dela azaldu zuen. Kopuru hori, 65 kilometroko tarterako. Aurreztuko den denborak ere ez duela justifikatzen gaineratu zuen. Gaur egungo Iruñea eta Madril arteko bidaiarekin alderatuta, 25-30 minutu aurreztuko dira, Luis Zarraluki kontseilariaren hitzetan. Ovejeroren arabera, Castejon eta Iruñea arteko zatian zortzi minutu baino ez lirateke aurreztuko. AHTarentzat dirurik ez dela eta loturarik gabeko zatiak zentzugabekeria direla berretsi zuen.



 

58

Nafarroan obretan diren zatien kostua, milioi eurotan.

Nafarroan bi zatitan ari dira tren lasterraren lanak egiten: Castejon eta Cadreita artean, eta Cadreita eta Alesbes artean. Bi zatien kostua 58 milioi eurokoa da. Obra horiekin jarraitzeko asmoa du gobernuak.



 

AHTaren aurkako ekintzak antolatu dituzte Donostian

AHT abiadura handiko trenaren aurkako Donostia aldeko taldeak hainbat ekintza antolatu ditu datozen asteetarako:

Bilera irekia. Astigarragatik Irunera bide berriari buruzko informazioa emateko eta ekintzak antolatzeko, bilera egingo dute maiatzaren 14an, 19:30ean, Errenteriako Zintzilik irratiaren egoitzan.

Hitzaldia. Desobedientzia zibilari buruzko hitzaldia egingo dute Donostian, Kortxoenea gaztetxean. Maiatzaren 16an izango da, 19:00etan.

Igande-pasa. Maiatzaren 26an, Donostiako Kortxoenea gaztetxean, herri bazkaria egingo dute, eta, gero, kontzertua eskainiko dute.

Mendi martxa. Ekainaren 16an egingo dute, Ergobiatik Loiolara.



 

Madrilek ez dio erantzun kupo bidez finantzatzeko eskariari

Tren lasterraren Arabako eta Bizkaiko zatientzako dirua aurreratzeko prest agertu zen Eusko Jaurlaritza martxoan, Gipuzkoan egiten duen bezala, gero kontzertu ekonomikoaren kupotik deskontatzeko kopuru hori. Espainiako Gobernuari eskaintza egin zion, baina Madrilek oraindik ez dio erantzun.



 

Oregi eta Zarraluki, orain bi aste. / BERRIA

Jaurlaritza: «Ulertzen dugu ekonomikoki tentuz aritzea»

Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiari buruz ez du balorazio ofizialik egin Eusko Jaurlaritzak, baina Ingurumen Saileko iturriek BERRIAri adierazi diote gobernuak errespetuz hartu dituela Nafarroan iragarritako aldaketak. «Ulertzen dugu ekonomikoki tentuz aritzea». Erakundeetan diru kontuak larri daudela gogorarazi dute Jaurlaritzako eledunek, eta horrela ulertu behar dela Nafarroako AHT bidea Castejon eta Iruñe artera mugatzea. Euskal Y-ari nola eragingo dion ez dute argitu; berez, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko lotura Ezkio-Itsasotik egitekoa zuten, eta, orain bi aste, loturak aztertzeko batzordea berriro martxan jartzeko eskatu zioten Madrili Luis Zarraluki Nafarroako kontseilariak eta Ana Oregi Jaurlaritzakoak; bilera egin zuten AHTa zertan dagoen aztertzeko. Nafarroak lotura abiadura handiko trenbidearen bitartez egingo ez badu ere, Gasteizko gobernuak nabarmendu du proiekuari ez diola aterik itxi Yolanda Barcinaren gobernuak. «Pozik gaude egoera honetan ere Europaz gaindiko sareen aldeko konpromisoa daukalako Nafarroako Gobernuak».



 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia