Berria.eus

Asteartea, 2014ko uztailak 22 - 22:58

2013-05-11

Ingurumena. AHTa Nafarroan. Analisia

Bi uharte eta basamortu bat

Iñaki Petxarroman

Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik atzo parlamentuan erakutsi zuen mapa. Nafarroako korridorea loturarik gabe ageri da. / BERRIA

Iazko urrian izan zen, Nafarroako Parlamentuko batzorde batean. Yolanda Barcina presidenteak Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentarioaren galdera bati erantzun zion proiektu estrategikoei buruz. Haien artean kokatu zuen presidenteak abiadura handiko trena (AHT). «Ezin ditugu obrak gelditu. Ziur naiz berehala lotuko dugula Euskal Y-arekin, eta, haren bidez, Frantziarekin».

Atzo mapa bat eman zien Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak parlamentariei eta kazetariei. Hartan, Castejon eta Iruñea arteko AHT zatia baino ez da ageri, hegoaldetik eta iparraldetik bakartuta. «Uharte bat», Yolanda Barcina UPNko presidenteak berak aste honetan adierazi duenez.

Alegia, Frantziarekin loturarik ez. Madrilekin ere ez. Eta galdera berehala dator: zertarako Castejon eta Iruñea arteko loturarik gabeko AHT zati hori? Berez, gastu itzela eskatzen du obra horrek, eta hasi baino ez dute egin. Oraingoz Castejon eta Alesbes arteko zatian bakarrik sartu dira makinak, eta aurrekontu osoaren zati ñimiño bat besterik ez du erabili administrazioak: hamasei milioi euro inguru. Erraza luke Barcinaren gobernuak: lanak bertan behera utzi, eta, kasik inolako ondoriorik gabe, 1.200 milioi euro aurrezteko moduan legoke. Ederki etorriko litzaioke dirutza hori presidenteari, besteak beste, azkenaldian bere guraizeek ederki astindu dituzten osasunean, hezkuntzan eta gizarte politiketan inbertsioak egiteko.

Nafarroan uharte bat izango da AHTa. Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ikusteko dago. Izan ere, hurrengo hilabetean erabaki behar du François Hollanderen gobernuak ea Lapurdiko AHTa eraikiko duen. Gobernuak mahai gainean dituen txosten gehienek —besteak beste, Mugikortasuna 21 Batzordeak egindakoak— zati hori baztertzeko aholkatzen diote, Bordele eta Tolosa (Okzitania) artekoa lehenetsita.

Burgos eta Gasteiz arteko tartean obrak ez dituzte hasi ere egin, eta ez dago horretarako eperik. Berriki Burgosko gobernu ordezkariordeak Ventas de Baños-Burgos zatiko lanetara egindako bisita batean adierazi du korridore horrek zati konplexu batzuk dituela —adibidez, Pancorboko haitzartetik igarotzea— eta ez dutela oraindik zehaztu nola egin. Eta, hori gutxi balitz, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako geltoki berrien proiektuak oraindik ez daude guztiz zehaztuta. Aurreko Jaurlaritzako agintariek aitortu zuten behin-behineko loturak egingo dituztela geltoki zaharretara, berriak eraiki bitartean. Horri denari erantsi behar zaio berehala zuzentzeko itxurarik ez duen egoera ekonomiko txarra.

Iaz Eusko Jaurlaritzak 'Euskal Y'-a: herri proiektu bat, nazioarteko lotura bat txostena aurkeztu zuen, eta lehen lerroetan azaldu zuen azpiegituraren xedea: «Europarekiko trenbide bidezko integrazio egoki bat bermatzea». Denbora badoa eta gero eta lausoago geratzen ari da argudio hori. Eta, bidenabar, gero eta zalantzazkoagoa da agintariek urte hauetan egin duten kudeaketa. Tren lasterrak kilometro askotara dauden hiriak lotzeko egin ohi dira munduan. Euskal Herrian loturarik gabeko bi trenbide daude, oraingoz, eraikitze bidean. Ia 2.000 milioi euro gastatuta. Paris eta Madril, lehen bezain urrun. Bi uharte, eta, erdian, basamortu bat.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia