Berria.eus

Astelehena, 2014ko uztailak 28 - 18:24

2013-05-26

AHTa bazter uzteko eskatu dute karrikan

Ehunka herritarrek egin dute bat Tafallan, trenaren aldeko eta abiadura handiaren aurkako manifestazioan

Edurne Elizondo Tafalla

Trenaren alde eta AHTaren aurka egin zuten atzo Tafallako karriketan. / IŃIGO URIZ / ARGAZKI PRESS


AHTaren dirua gizarte gaietarako eskatu zuten. / IŃIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Herriko karrika nagusiak zeharkatu eta gero, tren geltokian amaitu zen atzo, Tafallan (Nafarroa), abiadura handiko trenaren aurka egin zuten manifestazioa. Geltokiarekin lotu zuten antolatzaileek, hain zuzen ere, atzoko protestaren mezu nagusia: trenaren alde egin zuten Tafallako AHTaren aurkako batzarreko kideek, baina abiadura handiaren aurka, argi eta garbi. Trenari bai, baina AHTari ezetz erran zioten.

Batzarreko kide Pedro Leraltak argi erran zuen: «Egungo trenbideari eutsi, eta molda dezatela, hirugarren erraila eraikiz; abiadura handiko trenaren aldeko apustua erokeria hutsa bertzerik ez da».

Nafarroako Gobernuak onartu du orain arteko AHTaren proiektua ez duela eginen herrialde horretan. «Erabaki logikotzat» jo zuen Leraltak urrats hori egin izana, baina oraindik zer salatu badela gogoratu zuen atzoko manifestazioko parte hartzaileen aurrean: batetik, Espainiako Sustapen Ministerioak Castejon-Iruńea-Zaragoza (Espainia) egungo zerbitzua bertan behera utzi nahi duela salatu zuen Leraltak. «Urtean 25.000 pertsonak erabiltzen dute».

Bertzetik, Nafarroako korridorea egiteko aukera baztertu duten arren, Nafarroako Gobernuak Castejon eta Iruńea artean abiadura handiko trenari eutsi diola erran zuen. 70 kilometro eskaseko zatia eraikitzeko, 675 milioi eurokoa da aurrekontua, hain zuzen ere.

Dirua, gizarte gaietarako

«Trenari bai, baina AHTari ez». Horrelaxe laburbildu zuen Leraltak atzoko mezua. Manifestazioaren buruko pankartak ere lelo hori zuen idatzia, eta haren atzean, mila pertsona baino gehiagok egin zuten bat atzo, antolatzaileen arabera. Giroa hotza zen, baina herritarrek ezezko biribila eman nahi izan zioten abiadura handiko trenaren Nafarroako proiektuari.

Egitasmo berriak zentzurik ez duela errepikatu zuten manifestazioan parte hartu zutenek, ibilbide osoan. Eta abiadura handiko trenaren dirua gizarte gaietan gastatzeko eskatu zuten. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinaren kontrako mezuak ere entzun ziren atzoko protestan.

Tafallako Nafarroa plazatik abiatu zen manifestazioa. 19:10ean. Severino Fernandez etorbidetik Arturo Monzon karrikara sartu ziren manifestariak, eta Kale Nagusitik, berriz, Errekoleten karrikara. Zangoza etorbidetik ailegatu ziren herriko tren geltokira. Han amaitu zen protesta, 20:00 aldera.

Leraltarekin batera, Maitane Fernandezek hartu zuen hitza protestaren amaieran. «Obrak hasi berri dituzte; momentu hau probestu behar dugu lanak berehala gelditzeko eskatzeko», nabarmendu zuen Fernandezek. Nafarroako Gobernuak Castejon eta Iruńea artean AHTaren egitasmoari eutsi izana gogor salatu zuen. «Gastatuko duten dirutzaz gain, obrek ingurumenean eraginen luketen txikizioa kontuan hartu behar da. Ezin dugu hori ahaztu», erran zuen Fernandezek, manifestazioan parte hartu zuten herritarren aurrean.

Manifestarien artean ziren, bertzeak bertze, Bilduko parlamentari Maiorga Ramirez eta Victor Rubio. Rubiok ere Nafarroako Gobernuaren asmoen aurka egin zuen. «Zentzugabekeria da loturarik izanen ez duen abiadura handiko trena egin nahi izatea; erokeria hutsa», erran zuen Nafarroako Parlamentuko kideak.

Iritzi horrekin bat egin zuten atzoko manifestazioan parte hartu zutenek. Horregatik atera ziren karrikara. AHTaren aurkako lanari eusteko eskatu zuten antolatzaileek. «Abiadura handiko trena gelditzeko inoiz baino arrazoi gehiago dago», gogoratu zuten.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia