Berria.eus

Osteguna, 2014ko abuztuak 28 - 01:01

2013-06-02

Olatzagutiko gaixotasun fabrikaren aurka

Zementu fabriketan egindako errausketaren ondorioak salatu ditu 3 Mugak Batera plataformak Iruean

Jon Rejado

3 Mugak Batera plataformaren ekintza. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Nafarroako Parlamentuaren atarira ospitaleko gela erraldoi bat eraman zuen atzo 3 Mugak Batera plataformak. 70 ohe inguru jarri zituzten, eta bakoitzean, gaixotasun bat irudikatu. Horren bidez, Olatzagutiko Cementos Portland Valderribas lantegiko errausketa egitasmoak gaitzak eragin ditzakeela salatu nahi izan zuten, eta gaixotasun fabrika bertan behera uzteko eskatu zuten.

Plataformak gogorarazi du hondakinak errausten dituzten zementu lantegiek ohiko errauste plantek baino hogei aldiz gas gehiago isur ditzaketela, baita gas horiek hedatu ere. Olatzagutiko eskola lantegitik 460 metrora dagoela nabarmendu dute, eta gogorarazi dute errauste planten isuriek umeei egiten dietela kalte gehien. Horrez gain, herria lantegiaren kilometro bateko eremuaren barruan dago.

Hori dela eta, egitasmoa bertan behera uzteko, hondakinak kudeatzeko plana aldatzeko eta errausketaren alde egin beharrean bestelako sistemen alde egiteko eskatu dute.

Ezjakintasuna nagusi

Nafarroako Gobernuaren oniritzia jaso ondoren, Cementos Portland Valderribasek obra proiektua aurkeztu behar du lanei ekin aurretik. Ordea, plataformak jakinarazi du ez dutela horri buruzko inolako informaziorik. Ezkutuan egiten ari direla salatu dute, eta udalaren eskumenak zapaldu izana leporatu diote Irueko gobernuari.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia