Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 29 - 20:05

2013-07-26

Astebeteko bizikleta martxa hasi du Mugituk AHTaren aurka

Irene Arrizurieta Altsasu

Martxako parte hartzaileak, abiatzeko puntuan, Altsasun, atzo. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

AHT abiadura handiko trenaren aurka, astebeteko bizikleta martxa hasi zuen Mugitu taldeak atzo Altsasun (Nafarroa). Sakanako herri horretatik abiatu, eta Arabako eta Gipuzkoako hainbat herri zeharkatu ondoren, Donostiako Bulebarrean bukatuko da martxa, agorrilaren 1ean. Martxak irauten duen bitartean, azpiegitura handien kontra eta lurraren defentsan aritzen diren hainbat talderekin elkartuko dira, elkarren berri izateko eta haien lana eta egitasmoak ezagutzeko.

Eguraldi ona lagun, hogeita hamar bat lagun elkartu zen Altsasuko alde zaharreko plazan atzo goizean. Lehenik, txalaparta doinuak entzun ziren; gero, suziria piztu zuten; eta, ondoren, AHTa irudikatzen zuen xingola bat moztu zuten ekitaldiari hasiera emanez. Herriko kaleetan barna itzuli bat eman eta gero, pedalei emanez, Olatzagutirako bidea hartu zuten. Ez hemen, ez nonahi, AHT ez! leloa idatzia zuten banderatxoak makila bati lotuta txirrindularien atzean, erraz antzeman zitezkeen errepidean. Taldearen buruan, martxan parte hartzen ari diren lagunen lo-zakuak, bizkar-zakuak eta ura zeramatzan kamioi txikia joan zen, eta bizikletazale taldea ixten, erratz lanak egiten dituen furgoneta. Txirrindulariren batek arazoren bat izanez gero, hark jasoko du.

Lurraren alde, mugitu eta eragin! lelopean, parte hartzaileek AHTa salatuko dute, batik bat. Horretarako, pedalei eragiteaz gain, hainbat jarduera iragarri dituzte. Olatzagutian, Cementos Portland enpresak jarri nahi duen errauste plantaren kontrako 3 Mugak Batera plataformako kideekin batzartu ziren eguerdian. Araban sartu ziren ondoren, Garaio herrian, bazkaltzera. Bazkalondoan, Fracking Ez Araban taldearekin solasaldia izan zuten herrialdean dauden egitasmoen berri jakiteko. 18:00etan, AHTrik ez, herriak bizirik leloa daraman monolito bat inauguratu zuten. Urbinan jarri dute, azpiegitura horren aurkako borrokan aitzindari izan delako. Herri horretan egin zuten AHTaren kontrako lehen herri galdeketa, 1996an, eta bertan sortu zen ere lehen erresistentzia gunea, AHTko lehen lanak hasi zirenean. Eguna Legution bukatu zuten.

Gaur Aramaiora joanen dira goizean, eta eguna Gipuzkoan bukatuko dute, Angiozarren (Bergara). Batzarra, herri gobernua hitzaldi-eztabaida antolatu dute. Hurrengo egunetan, besteak beste, Zerain, Andoain, Zarautz eta Irunen ibiliko da martxa. Hego Euskal Herrian AHTko lanetan milioika milioi «xahutu» direla salatu zuen Mikel Alvarez Mugitu mugimenduko kideak. «Egitasmoaren zentzugabekeria agerian gelditzen ari da. Bide itsu bat da azpiegitura hori, eta norabidez aldatu behar da».



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia