Berria.eus

Ostirala, 2014ko uztailak 25 - 08:43

2013-08-01

Baliogabetu egin dute AHTaren ingurumen eraginaren adierazpena

Nafarroako lanak legez kanpokotzat jo ditu Sustrai Erakuntza fundazioak, Madrilgo Justizia Auzitegiak bere alde egin eta gero

Abiadura handiko trenaren bultzatzaileek hutsetik hasi beharko lukete prozedura osoa

Edurne Elizondo Iruñea

AHTa egiteko obren aurkako protesta, Cadreitan. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Bertze kolpe bat abiadura handiko trenaren aurka. Nafarroako proiektua Castejon eta Iruñea arteko zatira mugatu zuten lehendabizi, eta orain, herrialde horretako korridoreak beharrezko duen ingurumen eraginaren adierazpena jada ez dela indarrean erran dute epaileek. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu berri du onartutako adierazpen hori. Sustrai Erakuntza fundazioak aurkeztutako helegitearen harira plazaratu dute epaileek sententzia. Argi erran dute: Nafarroako AHTaren korridoreari buruz onartuta zegoen ingurumen eraginaren adierazpena jada ez dago indarrean; ez du balio. Ingurumen kalteen inguruko txostenari buruzko prozedura guztia hutsetik hasi beharko dute berriz.

Sustrai Erakuntza fundazioarentzat, horren ondorioa garbia da: Nafarroako proiektua legez kanpo dago. 2004. urteko egoerara itzultzen da, eta ordutik egindakoek eta onartutakoek, berriz, ez dute balio. «Irregularrak» dira. Fundazioko kideek agerraldi batera deitu dituzte gaur hedabideak, sententziaren berri emateko.

Sustrai Erakuntzak 2010. urtean hasi zuen oraingoz Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin amaitu den bidea. Oraindik sententziaren aurkako helegitea aurkezteko aukera dagoelako. Sustrai Erakuntzak auzitara jotzeko erabakia hartu zuen 2004. urtean onartutako lanak 2009an artean ere hasi gabe zeudelako. Ingurumen Eraginaren Adierazpenak, hain zuzen ere, bost urtez egoten dira indarrean. Bitarte horretan hasi behar dute obrek. Bertzela, bertze adierazpen bat jaso behar izaten dute.

Nafarroan ez zen halakorik egin. Adierazpena onartuta zeukaten zatietako lanak ez ziren bost urteko denbora tarte horretan hasi. Zehazki, Castejon eta Iruñe arteko zatia, eta Iruñeko geltoki berriaren ingurukoak ziren ingurumen eraginaren adierazpen hori zutenak. Lanak bost urteko epean hasi ez zirenez, Sustrai Erakuntzak Espainiako Gobernuari eskatu zion adierazpena baliorik gabe uzteko. Onar zezala jada ez zela indarrean. Espainiak ez zuen aintzat hartu eskaera.

Epaitegietako bidea

2011. urtearen hasieran, bertze urrats bat egin zuen Sustrai Erakuntzak; Arankoa bulegoko Idoia Zulet eta Eduardo Santos abokatuen eskutik, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuen, eta Administrazio Gaietarako aretoan helegitea aurkeztu zuen, proiektua bazter uzteko eskatuz. Argudioa bera zen: ingurumen eraginaren adierazpena jada ez zela indarrean. Ez zuela balio, alegia.

Fundazioaren urrats horri, bertze batekin erantzun zion Nafarroako Gobernuak, 2011. urtean bertan, irailean: prentsa ohar bat plazaratu zuen, eta nabarmendu zuen Nafarroako AHTaren korridoreari buruzko adierazpenak indarrean jarraitzen zuela.

Sustrai Erakuntzak 2010ean hasitako bideari eutsi zion. Nafarroako Parlamentuan berretsi zuen 2011. urteko irailean bertan ingurumen eraginaren adierazpenak jada ez zuela balio. Eta 2012an, berriz, Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuko arduradunen aurrean salatu zuen Nafarroako AHTko obrak legez kanpo zirela.

Sustrai Erakuntza fundazioko kideek argi utzi zuten Nafarroako Sustapen Departamentuko kideen aurrean obrak hasiz gero legez kanpoko lanak izanen zirela, eta, horrek nafarren interesei kalte eginen ziela, baimen guztiak ez zituen obra bat egiteko gastatuko zutelako diru publikoa, hain zuzen ere.

Obrak, hala ere, hasi zituzten. Urte honen hasieran, aferak bertze urrats bat egin zuen epaitegietan. Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen gaiaz erabakitzeko eskumenik ez zuela, eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren esku utzi zuen afera. Auzitegi horrek plazaratu du oraingo sententzia. Sustrai Erakuntza fundazioak nabarmendu du ebazpenak argi erraten duela AHTaren bultzatzaileek «hutsetik» hasi beharko dutela lanek ingurumenean eraginen luketen kalteari buruzko txostena egiteko prozedura; txosten hori oinarri izanen lukeen ingurumen eraginaren adierazpena jaso gabe ezin delako AHTko obren gisako lanik egin.

Sustrai Erakuntza fundazioak argi utzi du bere apustua ez dela abiadura handiko trenaren aldekoa. Zalantzan jarri du proiektuaren bideragarritasuna alderdi guztietan. Fundazioak nabarmendu du, gainera, gaur egungo proiektuak Castejon eta Iruñe arteko zatia bertzerik ez duela aurreikusten, eta horrek «surrealista» bilakatzen duela AHTaren inguruko egoera Nafarroan. 70 kilometro eskaseko bidea izanen litzateke, inolako loturarik gabe abiadura handiarekin.

Nafarroako Gobernuak joan den maiatzean onartu zuen ordura arteko proiektua ezin izanen zutela gauzatu. Ez oraingoz, behintzat. Yolanda Barcina presidenteak eutsi dio «etorkizunean» Nafarroako abiadura handiko zatia Zaragozarekin (Espainia) eta Euskal Y-arekin lotzeko asmoari, baina, gaur egun, asmo hutsa bertzerik ez da. Hirugarren errailaren bidez egungo trenbidea moldatzearen aldeko apustua egin dute, azkenean, Espainiako eta Nafarroako gobernuek. Ezbaian jarri zuen horrek AHTaren proiektua. Eta oraingo sententziak bertze kolpe bat eman dio.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia